2011/12/19

Euskarazko kazetaritzaren topikoak

Euskaldunok Euskal Herrian bertan hizkuntza-komunitate gutxitua osatzen dugu. Horrenbestez, gure nortasunaren ezaugarriak euskalduntasunetik eta txikitasunetik eratortzen dira. Hala ere, inguruko erdara erraldoiek (gaztelerak eta frantsesak) gurean (Euskal Herrian) eleaniztasuna bultzatzen dute, demokraziaren izenean. Ondorioz, hemen euskalduntasuna ulertzeko haien estereotipoak nagusitu dira.
        “Gaseta hunen eguileak iskiriatcen du Gazeta hau, erakhusteko beste nasioner Escualdunak ser diren eta ser eguiten ahal duten eta posible dela Escuaras ere gazetaren eguitia edosoin beste lenguayas besen.” (Escualdun Gaseta, 1885eko abenduak 24, 1. alea, 1. or. in Díaz Noci)

Alde batetik, euskararekiko gutxiespenak edozein informazio-proiekturi dario. Beti-beti irakurlerik ez dagoela leporatu izan digute:
         “Zenbat bidar esan eta entzun ete da, emen Bizkaian be euskeraz bakarrik egindako izparringi asteroko bat bear geunkela, Gipuzkoan Argia dauken lez! […]. Orra ba, emen olako izparringia atarateko eragozpen asko ta andiak azpiratu bear dira. Ia-ia ezintzat Auki lei izparringi-atarate ori, ain andiak eta ugariak dira eragozpenok.” (Evaristo Bustintza ‘Kirikiño’, Euzkadi, 1928 in Díaz Noci)

Abertzaleek horrelako aitzakietan oinarritu zituzten 1978an Egin eta Deia erdarazko egunkarien proiektuak (ik. Zalakain). Eusko Jaurlaritzak ere 1990ean Euskaldunon Egunkaria sortzen ez laguntzeko aitzakia izan zen.

Hortaz, 1928an Argia astekariak Euskal Herritik kanpo ere zenbat ale zabaltzen zituen ikusi eragin behar izan zuen:
                                                                                              Iturria: Hemeroketa.

Guzti-guztietan, euskalduntasuna islatzeko kazetaritza amets batetik abiatu ohi da, zer galdurik ez dugulakoan, mundu euskalduna irabaztear daukagula sinistuta. Horregatik, euskarazko kazetaritza errealitate bihurtu dugunean, inguruko erdalduntasunak horren oinarriak zalantzan ipini ditu.

Beste aldetik, euskarazko kazetaritzaren profesionaltasuna auzitan ipini dute. Sarritan, euskaldunok ere zalantza horiek barneratu ditugu:
          * Donostia 1976 (“Euskal Kazetaritzaren Urtea”): Irratien ‘24 ordu euskaraz’ ekimena.
          * “Etb 1983an hasi zenean, ez genuen uste egunero albistegi bat euskaraz egiteko gauza izango ginenik […].” (Amatiño in Zuberogoitia, 2003: 273)

Hala ere, blog honetan kontrakoa erakusten ari gara: euskaraz informatzen duten hedabideek erdaldunek baino kazetaritza-jarduera bikainagoa azaltzen dute.

Horrenbestez, euskalduntasunak hizkuntza ardatz duen komunikazio-esparrua osatu du eta ez, abertzaletasunaren unean uneko estrategia; txikitasunak, ordea, ez digu inguruko erdaren pareko komunikazio-proiektuak amesteko ilusiorik eta gauzatzeko kemenik uxatu.

2011/12/11

Euskarazko komunikazioaren lorpenak

Prentsaurrekoetan zein hizkuntza erabili hainbat gizarte mugimenduren buruhaustea izaten da. Erakundeek gehien zabaldu duten eredua honakoa izan da: “Egun on, os hemos convocado para…”. Horregatik, erakundeak informazioa euskaraz zabaltzen hasi direnean Euskal Herriko kazetari erdaldunen haserrea nabaritu da.

Prentsaurrekoa euskaraz eman ahal izatea, baina, ez da hizlariaren lorpena, euskarazko hedabideena baizik. Izan ere, honela gogoratzen du Amatiñok euskararen inguruko prentsaurrekoetako giroa:
“Euskaltzaindiak [Espainiako] Real Academiaren titulua jaso zuenean (1975 inguruan), Euskaltzaindiak berak prentsaurrekoa eskaini zuen Durangon eta den-dena gaztelaniaz izan zen. Prentsaurrea amaitzear zela, galdera gehiago ez zegoela-eta, nik euskaraz galdetu nuen ea euskaraz galderarik egiterik ote zegoen. Inguruan nituen kazetariek irain edo probokaziotzat hartu zuten nire ausardia hura.” (Zuberogoitia, 2003: 273)

Hortaz, euskarazko hedabideak Euskal Herria euskalduntzeko tresnak direla berretsi dugu, zenbait gizarte-ohitura tarteko. Horregatik, prentsaurrekoetan orain lehenengoz “norbaitek gaztelaniaz adierazpenik behar?” entzun daiteke. Erreportajean Zihara Enbeitak eskarmentu handiko kazetarien bizipenak jasotzen ditu.

Euskarazko kazetaritzari edukiak euskararen ingurukoak izatea leporatu ohi diote, folkloreari lotutako kazetaritza delakoan. Hala ere, Euskal Herriko hedabide erdaldunek euskara arlo horretara mugatu dutela berretsi zuen AitorZubegoroitiak (503-529. or.). Are gehiago, Eginek/Garak eta Deiak euskarari egiten dioten tartea euskal munduari eta iritziari dagokiola egiaztatu zuen. Gainera, egunkari erdaldunok sortu zirenetik gaur arte haietan euskarak izan duen tokia gero eta txikiagoa da.

Euskaratik munduari begiratzen dion komunikazioak, ordea, ez ditu inguruko erdarek finkatutako mugak bere egiten: ez bere nortasuna setiatzen dutenak (abertzaletasunaren estrategiak, kasu), ezta bere ikusmira hesitzen dutenak ere (Madrilgo oniritziaren beharra, adib.).

Alderantziz, euskarazko kazetaritzak berezko ekimena baduela egiaztatu du. Esaterako, erdarazko hedabideek eman ez dituzten esklusibak argitaratu dituzte (Letona, 2005: 15). Adibidez, poliziak Anparo Arangoari eragindako tortura egiaztatzen zuten argazkiak eta informazioa, “Anparo Arangoa, zauritua” titulupean.
                                                                                   Iturria: Argia.

Azkenik, gutxiespenak ikusezintasuna dakar. Beraz, erdal munduak euskarazko kazetaritzaren izate bera ere ezeztatzen du. Esaterako, Argia astekariak Boliviako presidente Evo Morales elkarrizketatu zuen Euskal Herriko lehen hedabidea izan zen (2006/09/17). Euskarazko hedabideetan merezimenduarekin aurkeztu bazen ere, erdarazko hedabideek ez zuten horren berririk eman, Gara kenduta (erdaraz informatu zuen).

Horrenbestez, euskarazko hedabideek bertako eta Euskal Herritik kanpoko albisteak beren nortasunari uko egin gabe zabaltzen dituzte. Ondorioz, euskarazko hedabideek mundu euskalduna islatu ez ezik, errealitate euskalduna ere sortzen dute.

2011/12/05

Euskarazko Komunikazio-Esparrua

Euskarak euskaldun egiten gaituen neurrian, euskaraz gure gorabeheren berri emateak herri bihurtu gintuen. Euskaldunok hizkuntzatik sortutako albiste propioak ezagutzeko beharrizana sentitzen dugu, definitzen gaituenaren norabidea jakin nahi dugulako. Ezinegon komunak partekatzen ditugu eta, horregatik, bizi-proiektu bera aurrera ateratzeko lanean gabiltza: herria.

Euskarazko Komunikazio-Esparruak “euskaraz aritzen garenon komunikazioaren espazioa” zehazten du, Jose Inazio Basterretxea Polok eta Aitor Zuberogoitiak azaldu bezala. Hortaz, espazioa ez da euskararena, komunikazioarena baizik.

Euskarazko komunikazioaren sorburua kultur ondare euskalduna da eta helburua, euskaldunok asebeteko dituzten komunikabideak eskaintzea. Horrela, hedabideek euskaratik sortutako erreferentzia-sistema gizarteratuko dute. Esaterako, euskalduntasunak muga administratiboak gainditzen ditu:

          “Muga administratiboez gaindiko esparru kultural eta linguistikoak zilegiak ez eze, gauzagarriak eta gorpuzgarriak ere badira. Guk geuk ere demostratu dugu hori behin baino gehiagotan, lehen legez baita orain ere: Urdazubiko Pedro Agerre Azpilkueta Saran egin zen Axular, eta Donostian jantzi zuen txapela Urepeleko Fernando Aire Xalbadorrek.” (Basterretxea eta Zuberogoitia, 2005: 41)

Baina Komunikazio-Esparrua ez dator ikuspegi abertzalearekin bat, euskaldun izaerarekin baizik. Horregatik, euskaldun izateko modu anitzak sor ditzakeen espazio bakarra da. Alde horretatik, euskarazko hedabideek, euskarazko diren neurrian, ezaugarri komunak dituzte: albistegaiak euskarazko eztabaida publikora ekarri dituztelako. Horrenbestez, erdarazko hedabideekin baino proportzio handiagoan bat egiten dute:


Euskarazko hedabideekin
EAEz gaindiko tokiko euskarazko hedabideekin
Erdarazko hedabide abertzaleekin
Estatuetako erdarazko hedabideekin

 
Euskadi Irratia


Etb1 eta Berria
Euskalerria Irratia, France Bleuko ‘Euskarazko Emankizuna’ eta Euskal Irratiak


Radio Euskadi


Cadena Ser
%35,96
%15,84
%28,22
%13,15

Etb1
Euskadi Irratia eta Berria
France 3ko ‘Euskal Herri’ albistegia

Etb2
Telecinco eta TF1
%44,84
%5,81
%95,87
%30,72


Berria

Euskadi Irratia eta Etb1


-

Gara eta Le Journal du Pays Basque
El Correo, Diario Vasco, Diario de Noticias de Álava eta Diario de Navarra
%43,75
-
%35
%40,625
(*) 2008ko datuak

Dena den, Etb1ek ez du albistegi propiorik eta euskal kazetarien lana Etb2rekin partekatzen du. Hortaz, Euskadi Irratiak askatasun handiagoa agertu du Radio Euskadirekiko eta, horregatik, EAEz gaindiko euskarazko hedabideekin proportzio handiagoan bat etortzen da.

Era berean, Euskadi Irratiak eta Berriak partekatzen zituzten albisteek euskara eta euskalduntasuna zituzten sorburu. Etb2 sortu artean, Euskal Telebistako albistegiek ere ezaugarri horiek agertzen zituzten. Hala ere, 1986tik aurrera, Etb2ko ikusleria erdaldunaren informazio-gogoa asetzeko albistegi euskaratua aireratzen du Etb1ek. Horregatik, gainerako euskarazko hedabideekin bat egiteko ezaugarriak ez dira euskalduntasunetik sortzen, alderantziz, bat egiten zuten berrien erdia Politika saileko albisteak izaten dira. Are gehiago, ekonomia berriek gizarte gaiek baino konbergentzia handiagoa erakusten dute. Hortaz, hiru hedabideak elkartzeko kirolek kultur gaiek baino konbergentzia handiagoa egiaztatu ohi dute!