2012/02/26

Horikeria: albiste arinen trataera

Irakurle eta ikus-entzule gehiagorengana heltzeko asmoz, tabloideen agenda onartzearen ondorioa da horikeria (“tabloidization”). Tabloide izena 1903an Erresuma Batuan sortu zen Daily Mirror egunkariak abiatutako kazetaritza motari esaten zaio. Honelako ezaugarriak dituzte tabloideek zabaldutako albisteak: istorio laburrak dira, elementu ikusgarriak aurkezten dituzte eta titulu sentsazionalista daramate.

         “Orduak eman ditu komunean harrapatuta, mugikorra berreskuratu nahian”
                                                                                               Iturria: Eitb.com (2011/11/04).

Horrenbestez, “albiste arinek” (“soft news”) horikeria zabaltzen dituzten berezko gaiak lantzen dituzte. Euskarazko hedabideetan aurki daitezkeen albiste arinek honelako gaiak lantzen dituzte: istripuak, natur hondamendiak, elurteak eta beroaldiak. Informazio horrek gizarte geldoa islatzen du, estatikoa, herritarrei gizartean parte hartzeko biderik ematen ez dioten albisteak direlako.

Gainera, XXI. mendeko horikeriak beste bi ezaugarri berri agertu ditu. Lehenengo eta behin, ez du protagonista identifikagarririk azaltzen: “Elurra iritsi da mendietara, tenperaturak jaitsita” (2011/12/18), Berrian. Horrela, hedabideek gizarte eragileak euskarazko komunikaziotik alboratu dituzte. Bigarrenik, neurri handi batean Espainian eta AEBtan sortutako albisteak izaten dira, hango berri-agentziek bidalita. Adibidez, Etb1ek eta Euskadi Irratiak 2008an aireratu zituzten Gizarte saileko albisteen herena Espainian sortuak ziren. Ondorioz, berri-agentziek zabaldutako albiste arinek Euskal Herrian bertan sortutako berriak ordezkatu dituzte. Honako albiste honetan, esaterako, ematen den informazioa ez dago Etb1eko ikusleei zuzenduta: “Toledoko osasun arduradunek, ahal dela, larrialdietara ez joateko gomendioa egin diete ‹‹herritarrei››”.
“Behe-lainoak eragin du: Toledon istripua”
                                                                                               Iturria: Etb1 (2008/01/22).

Hortaz, horikeria areagotzen duten berrietan elementu grafikoek informazioak berak baino garrantzia handiagoa du. Azter dezagun asteon Argentinan izandako tren-istripuaren trataera. Lehenengo eta behin, Berriak teknikoki eskasa den bideo honen esteka azaldu zuen lehen orduetan (argiak erretako irudiak dira).

                                                                                          
Hurrengo egunean, papereko edizioan suhiltzaileak agertzen zituen:
Egunkariak, beraz, istripua ‘zelan’ gertatu zen nabarmendu zuen.

Bigarrenik, Euskal Telebistak ere ‘zelan’ galderaren erantzuna lehenetsi zuen (akats baten ondorioz, euskarazko bertsioan erdarazko albistea eskegi dute):
“50 lagun hil dira eta 675 zauritu tren istripu batean, Buenos Aires”

                                                                                                   Iturria: Eitb.com (2008/02/23).

Hala ere, Frantziako Libération-ek, ordea, ‘non’ azpimarratu zuen, informazioa kokatzeko.

                                                                                               Iturria: Libération (2012/02/22).

Ildo beretik, mina islatzeko beste irudi mota bat erabili zuen Frankfurter Allgemeine Zeitung-ek, inoren sentiberatasunari eragin barik, tren geltokian zain zeuden bidarien atsekabea azalduz:
                                                        Iturria: Frankfurter Allgemeine Zeitung (2012/02/22).
Gainera, euskarazko hedabideek ez bezala, Europakoek albiste-iturri identifikatuak erabili zituzten: Babes Zibileko arduraduna zein larrialdeetarako zerbitzuen burua, Libération-ek; eta Garraio Ministroa, FAZ-ek. Euskarazko hedabideek ez dute albistean protagonistarik agertu, ez eta informazioaren jatorririk eman (zein bidetatik heldu den erredakziora) edo albiste-iturririk erabili.

Hego Euskal Herriko erdarazko hedabideen trataera oraindik horiagoa izan zen. Alde batetik, Deiak istripuak eragindako hildakoak eta zaurituak erakusten dituen “argazki galeria” prestatu zuen. Bestetik, El Correok bidaiari anonimoen adierazpenetan albistea garatu zuen. Gainera, argazkien krudeltasuna oraindik handiagoa izan zen.

Horrenbestez, albiste arinen gaia landu arren, trataera informatibo egokiak horikeria apal dezakeela egiaztatu dute Europako egunkariek. Beraz, albiste arinek ez dute zertan horikeria ekarri, alde hori hedabideen hautu profesionalari baitagokio. Argentinako tren istripuaren albistearen trataeran, euskarazko bi hedabideek horikeriaren aldeko hautua egin zuten. Are gehiago, Hego Euskal Herriko erdarazko hedabideen eredu horiari jarraitzeko prest agertu dira.

Ondorioz, horikeria identifikatzeko gakoa honakoa da: irudirik egon ezean, informazio hori albiste izango ote litzateke? Euskarazko hedabideek egiaztatu bezala, albisteen ekarpena informazioak berak zehazten du eta ez, irudiak.
                                                                                                               Iturria: Etb1 (2008/03/07).

2012/02/19

Etb1, erdarazko albistegiaren gatibu


Euskal Telebista sortu zenean, euskaraz eta gazteleraz aritzen zen, egunero euskarazko albistegi bat egin ahal izatea erronka handiegia zelakoan. Hizkuntza hauturik ez zuen orduko Euskal Telebistak egin, baina 1983ko abenduaren 19an gaztelera hutsezko albistegia abiatzeak hizkuntzaren araberako bi kateen bereizketarako oinarriak zehaztu zituen: 1986an martxan ipinitako Etb2k gaztelera hutsez emitituko zuen, euskaraz aritzen zen Etb1en “osagarri” moduan, zenbait gizarte eragilek (Euskal Herrian Euskaraz-ek, esaterako) EiTB legeak Euskal Telebistaren euskararen eta euskal kulturaren sustapena helburu izatea agindu ziolako. Hala ere, albistegietarako talde bakarra osatu zuten. Hortaz, kazetari berak albistea euskaraz eta gazteleraz landu behar du. Euskadi Irratiak, aldiz, Radio Euskadi geroago sortu zenean ere, bere jarduera independenteari eutsi ahal izan zion.

Gaztelerazko kateak ikusle gehiago dituenez, horren merkatu-estrategia gailendu dela kritikatu izan diote Euskal Telebistari:
“Arazoa da bi hizkuntzetan aritzeak, bi kateetarako lan egiteak, erdibitu egiten duela nolabait kazetaria, eta oreka gorde ezinik, indartsuenaren alde jotzen duela inertziak, garrantzitsuaren alde, lehian jartzen duen haren alde, Etb2 eta gaztelaniaren alde. Ez da, gehienetan, borondate eta sentimendu kontua, azpiegiturak eragiten duena baizik.” (Elixabete Garmendia, 2005: 26)

Webgunean ere, azken orduko albisteak lehenengo erdaraz ematen dira eta, gero, euskaratzen dira. Euskarazko webguneak honako albisteak zituen bitartean,
                                                                 (Iturria: Eitb.com)

erdarazko webguneak euskarazko albisteak iraungita zeudela egiaztatzen zuen: Greziako istiluei buruzko albiste gehiago eta Manuel Lasarteren heriotzaren berri.

                                                                   (Iturria: Eitb.com)

Beraz, hildako mendizalearen albistea behe-behean agertzen da:

                                                                 (Iturria: Eitb.com)

Hortaz, informazioa gazteleraz lantzen da eta euskara itzulpen-hizkuntza hutsa da. Horrela, erdal sena euskararen adierari nagusitzen zaio eta euskarazko albistearen ulergarritasuna trabatzen da. Honako adibidean, saltzaileak adingabetuak izan zirela ematen du. Lege-haustea, ordea, “adingabetuentzat” alkohola erostea izan zen:

                                                                    (Iturria: Eitb.com)

Are gehiago, Euskal Telebistan euskaldunok erdarazko adierazpenak egitera behartuta gaude. Gari Araolazak salatu duenez, euskaraz hitz eginez gero, Etb2k ez dio lekurik egiten. Jaurlaritzak jokabide hori babestu berri du. Idoia Gatonek eztabaida horren ingurukoak bildu ditu.

Ondorioz, Etb2k Euskal Herri elebakarra azaltzen du: erabat erdalduna. Dena den, euskaraz hobeto informatzen da, besteak beste, albistearen sakontasuna lantzen duten ikuspegi gehiago eskaintzen direlako. Izan ere, euskarak ez du gizarte eleanitzak agertzeko eragozpenik. Adibide honetan, Etb1ek Herrialde Katalanetako errealitate elebiduna ere bere horretan islatu zuen (2008/01/22):


Etb2k, ostera, gaztelerazkoak ez diren adierazpenak gaitzesten ditu, informazioa ezagutzeko oinarrizko iturriak badira ere. Kasu honetan, medikuaren eta pazientearen katalanerazko adierazpenak ez zituen eman. Gizon euskalduna, jakina, erdaraz hitz egiten agertzen da. Azken batean, euskarazko katearen osagarri eginkizunak alboratuta, gizarte elebidun bateko telebista publikoak erdaldun elebakarrei mundu elebakarra sortu eta aurkezten die:

Euskaldunok Etb2n erdaldun moduan agertzeko ildo editorialak Etb1 gatibu dauka. Erredakzio bakarrak bi kateetarako lan egiteak erdaratik sortutako albisteak ematera behartu du Etb1, ikusle erdaldunentzako albistegiak Espainiako albiste-agentziek zehazten duten agenda geografikoa iturburu duelako. Horrenbestez, Etb2ren ikusle erdaldunek Etb1en edukiak baldintzatu dituzte.

Gaztelaniarekiko mendekotasun horrek euskal gizartea islatzeari bizkarra eman dio: Euskal Telebistak ez du euskararen herririk islatzen. Izan ere, 2008an Frantziako Tf1 eta Espainiako Telecinco telebistekin sarriagotan bat etorri zen Etb1 bera (%12,85 eta %26,81, hurrenez hurren), Ipar Euskal Herrian euskaraz zabaltzen den France 3ko euskarazko albistegiarekin baino (%5,81). Jarduera informatibo horrek Euskarazko Komunikazio-Esparrua ahultzen du.

Ondorioz, Etb1 eduki erdaldunak euskaraz emititzeko telebista-kate bihurtu dute. Horrela, 2004an, Iparraldeko euskaldunen %61,2k France 3ko euskarazko albistegia ikustea azaltzen da, hau da, EAEko euskaldunek Etb1 ikusteko proportzioaren bikoitza (%32,8koa baita). Ikuspegi euskaldunean oinarritutako albistegiek ikusle gehiago dituzte eta ikusle-kopurua telebistaren oinarria ei da. Zeren izenean bahitu digute Etb1?

2012/02/12

Itxura, huts(ar)en hurrengo ondorioa


Hedabideek agertzen dituzten akatsek hartzaileak uxa ditzakete, profesionaltasunik eza agerian uzten dutelakoan. Sarritan, euskarazko hedabideetara gerturatzean “amateur” itxura hori leporatu izan digute. Aldi berean, hedabide handien hanka-sartze nabariak toleratzen dira. Honetan, esaterako, El Paísek Korsika eta Sardinia irlak nahastu zituen:

                                                                       (Iturria: El País, 2012/01/14)


Akats batzuek, gainera, ulergarritasuna traba dezakete. The Guardian egunkariak The Grauniad” ezizena bereganatu du, mantxetan bertan izena “The Gaurdian” idatzita azaldu zenekoa gogoratuz.

Gurean, deklinabidea akats gehienen iturri dugu. Horregatik, egunero-egunero esaten ez ditugun “-k” guztiak ergatiboaren hilerrira doaz:
                                                                          (Iturria: Zaldieroa)

Dena den, akats guztiak ezin dakizkio euskararen berezko zailtasunari egotzi, erdaretatik heltzen zaizkigun hitzak ere ez ditugulako beti ondo idazten:
                                                                    (Iturria: Etb1, 2008/01/22)

Horregatik, akatsok ezin daitezke euskararekin lotu. Inguruko erdarek ere ohikotasunez hutsegiteak agertzen dituzte [recte: “étaient”]:
                                 (Iturria: Le Journal du Pays Basque, 2008/07/15)

Horrenbestez, akatsok hizkuntzari edo ezustekoei egoztea ez da beti argi egoten. Esaterako, honako adibidean hiru akats agertzen dira: “este” [sic: “éste”], “respnsabilidad” [sic: “responsabilidad”], eta aditzaren osteko koma bakartia [sic: “es (...) velar por ellos”]:

                                                   (Iturria: Diario de Navarra, 2008/06/28)

Azkenik, muturreko adibideek zuzentasun politikoa urratzen dute. Jainkoak Ingalaterrako erregina zain dezala baino, ezustean “God shave the Queen” idatzi eta gero, lelo ezaguna bihurtu da.
                                                                                    (Iturria: Michael Tsaturyan)

Era berean, Euskaldunon Egunkariak Estaturik gabeko nazioen berri ematean, bertako ikuskera zabaltzen omen zuen. Hortaz, Kataluniako gaztelaniadunei xarnego” esan ote zien Egunkariak?

                                             (Iturria: Euskaldunon Egunkaria, 1998/04/10)

Ondorioz, hedabide txikiok itxurari ere erreparatu behar diogu, handiei toleratzen dizkioten errakuntzak gurean onartzen ez dituztelako. Are gehiago, uste ustelak egiaztatzeko argudio moduan erabil ditzakete. Bidean, gainera, irakurleak eta ikusleak gal ditzakegu.

2012/02/05

Emakume biluziak, albiste neutrala?

EiTBko albistegiek urtarrilaren 31n honako albistea argitaratu zuten Interneten: “Eguneko menua, emakume biluzien artean”. Ez dugu Euskadi Irratian eta Etb1eko ‘Gaur Egun’-en topatu, baina baliteke Europa Press-ek zabaldutako albiste horrek soinu edo irudi baliabiderik eduki ez izana, hau da, idatziz bakarrik bidali izana.

Albisteen aukeraketak erabaki baten hautua dakar. Horregatik, gizarte-erantzukinak hedabideei injustiziak borrokatzeko eskatzen die: albisteen edukiarekin oldarkor azaltzea, hain zuzen. Ondorioz, hedabideei dagokien jagole eginkizunak politikarien adierazpenak zalantzan ipintzera eramaten ditu:
“[Herri-galdeketa: Tramitazioa hasi da]
[…] Telebista saio batean egin ditu adierazpen hauek Zapaterok. Ibarretxeri uda aurretik batzar bat egiteko deituko diola iragarri du presidenteak. Hitz egin arren, baina, Zapaterok dio ez duela onartuko joko-arauak apurtzea, gero eta euskal herritar gutxiagok babesten omen duten egitasmoa aurrera ateratzeko.” Etb1 (2008/05/29)
Azken batean, zenbait argudiok ez du oinarririk. Gainera, gizarte-erantzukizunak arrazoi hutsalak ezeztatzeko eskatzen du. Ez dugu horrelakorik, esaterako, albiste honetan aurkitu:
“[Las detenciones de Mondragón llevan a hallar un zulo en Huesca; Igor Portu ingresa en la UCI por las lesiones producidas en su detención]
El ministro del Interior […] garantizó que en todo el procedimiento «se ha cumplido escrupulosamente la legislación antiterrorista».” Diario de Navarra (2008/01/08)
Geroago, Espainiako Justiziak eragindako torturak egiaztatu zituen, lege-prozesu luzean zigortutako hainbat guardia zibil absolbitu arren.

Horrenbestez, informatiboki asetzea helburu duten gizartearekin atxikimendua eskatzen zaie hedabideei. Injustizia borrokatzeko gizarte-konpromiso horrek informazioa hedabideen eginkizun sozialen arabera interpretatzen du. Horrela, gizarte-erantzukizunak informazioaren balore gorena ezeztatzen du: profesionaltasunaren nagusitasun positibistari muga ipintzen dio.

Euskarazko hedabideek, baina, informazioarekiko oso atxikimendu txikia azaltzen dute, hedabide publikoek batik bat. Honakoak 2008ko datuak dira:
                         
                                                                                                               (Iturria: Egileak)

Hortaz, Euskadi Irratiak jarrera kritikorik txikien agertu zuen. Azaldutako aurkako jarrerak indarkeria gaitzetsi zuen (“Kataluinian, bi adin txikiko atxilotu dituzte Ripollet herrian neska bat hil izana leporatuta  […]”, 2008/11/02).  

Etb1ek kirol albisteekin baino ez zuen jarrera kritikoa azaldu. Hortaz, aldeko jarrera (“TAU: Bide onetik Euroligan”, 2008/02/21) eta aurkakoa agertu zituen (“Kiroletan, euskal selekzioak eta Irangoak jokatu beharreko partidak airean jarraitzen du […]”, 2008/11/26). 

Berria, azkenik, euskarazko hedabiderik kritikoena suertatu zen: euskal kultura babesteko (“Inoiz baino diru gutxiago emango du Nafarroako Gobernuak euskararentzat”, 2008/11/03), emakumeen ikusgarritasuna defendatzeko (“Kulturgileen gogoetak: Kulturan emakumeek duten eta izan beharko luketen presentziaz aritu dira kulturgileak”, 2008/03/08) eta tortura salatzeko (“Igor Portu Arrasaten atxilotutako gaztea ospitalean dago, larri, tortura zantzuekin”, 2008/01/08) jarrera kritikoa erakutsi zuen egunkariak.

Horrenbestez, Etb1ek ez du emakumeen aurkako indarkeria kirolak bezain sutsu borrokatzen. Hedabide publikoek jarrera akritikoa izan behar dutela ulertzen bada, informazio-fluxu askearen izenean, hedabide publikoek feminismoaren konpromisoa bazter dezakete eta horrelako albisteak argitaratu? Hau da, Espainiako albiste-agentziek zabaldutako informazio guztia ez argitaratzea zentsura litzateke ala kazetaritza-jarduera autonomoa bermatuko luke? Zergatik ez dio EiTBk Valentziako jatetxe horri publizitateagatik kobratu?


                                                                                        (Iturria: Eitb.com, 2012/01/31)