2012/03/25

Euskarazko merkatuaren erronkak


Herri ekimeneko euskarazko hedabideek sektore moduan lan egiteko prestutasuna agertu berri dute. Era berean, Administrazioari mahai bateratuan parte hartzeko gonbidapena luzatu diote. Izan ere, euskarazko komunikazioaren sektorean herri erankundeen politikak eragin handia du.

Euskarazko komunikazioaren merkatua bezero euskaldunek osatzen dute: hartzaile euskaldunek eta euskaraz publizitatea egin nahi duten iragarleek, hain zuzen. Horrenbestez, bi ezaugarri nagusi ditu merkatuak. Lehenengo eta behin, oso merkatu txikia da, hau da, Euskal Herriko populazioaren %25-30, gehienez. Bigarrenik, txikia izateaz gain, euskarazko komunikazioaren merkatuko bezeroak aldi berean inguruko erdaren merkatuetako produktuen kontsumitzaile eta iragarle ere badira.

Gainera, euskarazko komunikazioaren merkatuak ez dio komunikazio-enpresei bakarrik eragiten, herriaren nortasunari baizik. Izan ere, gizartearen kultura-sistemek elkar elikatzen dute: literaturak zein gainerako sormen-ekimenek kazetaritzan eragina dute, eta alderantziz. Berezko merkatuari eusteak herri nortasunaren kultura bermatuko du.

Hortaz, euskarazko hedabideen komunikazio-jardunak sortzen duen espazio publikoari Euskarazko Komunikazio-Esparrua esaten zaio. Hala ere, espazio hori ez da euskararena, komunikazioarena baizik. Hizkuntza komunikaziorako tresna da.

Horrenbestez, euskarazko komunikazio-enpresen errentagarritasuna ezin daiteke gainerako hizkuntzetako merkatuen ezaugarriekin alderatu. Are gehiago, euskarazko hedabideak erdarazko merkatu horietako hedabideen lehiakideak ere badira. Ondorioz, euskarazko komunikazioaren sektoreak berezko merkatua osatzea beharrezko duela ulertuta, egungo merkatu horren ahuleziak gainditzen laguntzen dute diru-laguntza publikoek.

Herri erakundeen diru-laguntza horiek bideratzeko erakunde arduraduna Hizkuntza Normalizaziorako saila izaten da, hedabideon eginkizuna bikoitza delako. Alde batetik, euskarazko komunikazioaren merkatua egonkortzeak hizkuntzaren normalizazioa bultzatuko du. Hortaz, erakunde publikoek euskarazko hedabideen jarduna saritzen dute. Bestetik, euskarazko komunikazioaren merkatuaren ahuleziak euskararen egoera diglosikoa gainditzeko zailtasunetik eratortzen dira. Horregatik, euskarazko hedabideei jarduera normalizatua oztopatzen dien hizkuntzaren egoera horri aurre egiteko diru-laguntza publikoak beharrezko zaizkie.

Gainera, herri ekimeneko euskarazko hedabideek berezko sektore ekonomikoa osatzea lortu dute. Ildo horretatik, euskarazko hedabideok urtean zazpi milioi eurotik gorako ekarpena egiten diote diru publikoari, gizarte segurantzaren eta zergen bidez.

Izan ere, euskarazko hedabideek testuinguru zail horretan eraginkor izaten asmatu dute, erdal merkatuarekin alderatuta, euskarazko hedabideek merkatu-sarbide handiagoa azaltzen baitute. Horrela, Hego Euskal Herriko egunkaririk zabalduena Vocento taldeko bi dira: El Correo eta Diario Vasco. Horien merkatu-sarbidea %19,86koa eta %12,57koa da, hurrenez hurren, 2006ko CIESeko datuen arabera. Sasoi berean, Berria euskaldunen %10,33rengana heldu zen. Horrenbestez, euskarazko egunkariak erdarazko beste zenbaitek baino merkatu-sarbide handiagoa du: Noticias taldeko lau egunkariak populazioaren %8,45era heltzen dira eta Gara, %5,10era. Gainera, datuok Hego Euskal Herriko populazio osoa kontuan hartzen dute. Beraz, tokiko euskarazko hedabideen sarbidea oraindik altuagoa litzateke.

HEDABIDEA

HARTZAILE KOPURUA

EUSKALDUNEN
POPULAZIOAREKIKO %

Berria
60.000
%10,33
Euskadi Irratia
82.000
%14,13
Etb1
213.000
%36,72
Topagunean federatutako aldizkariak
193.000

%31,60

Iturria: Otamendi (2008: 261-264). 

Gainera, erdarazko hedabideetara bideratzen den diru publikoa ez da kontuan hartzen. Erakundeek iragarki ofizialak, adibidez, bi hedabiderik jarraituenetan txertatzen dituzte. Ikuspegi kuantitatibo huts horrek erdarazko hedabideak saritzen ditu, merkatuan eraginkortasunik ote duten erreparatu barik. Are gehiago, komunikazio-talde bereko bi hedabide direnean, publizitatea ez da beste soslaiko hartzaileengana heltzen. Hartzaile euskaldunengana jotzeko euskarazko hedabideek biderik naturalena eta eraginkorrena osatzen dute.

Beraz, publizitatea merkatu-sarbiderik handiena duten erdarazko eta euskarazko hedabide banatan ipini beharko lituzkete erakundeek ikuspegi kuantitatiboak ez duelako iragarkien eraginkortasunik bermatzen. Horregatik, besteak beste, diru-laguntza sistema gainditzeko eta erakundeek laguntza politika hori hitzarmen bidez garatzeko premia dago.

2012/03/11

Emakume langabetuen egunekoak

Emakumeen Nazioarteko Egunean hedabideek mugimendu feministak ikusgai bihurtu ohi dituzte. Hala ere, Athletic-ek jolasten duenean, hedabideon lehentasuna partidu hori iragartzea bihurtu da:
                                                                                    (Iturria: Eitb.com)
Krisialdi ekonomikoak gizartearen muinari eragingo dionez, aurtengo Martxoaren 8ak emakumeen lan-baldintza eskasak azaleratu nahi izan ditu. Berriak aldarrikapenak lehen orrian eraman zituen:
                                                                                   (Iturria: Berria)
Ildo beretik, Euskadi Irratiko 'Andromeda' saioak "Emakumea etxera bidaliko dute berriz" izenburupeko solasaldia aireratu zuen.

Etb1ek, azkenik, sindikatuen ohiko manifestazioez gain, berezko erreportajea ere aireratu zuen: "Zer erlazio dute belaunaldi ezberdinetako hiru emakumeek lan-munduarekin?". Hiru emakumeok lana bilatzeko zailtasunak azaldu zituzten.
                                                                                (Iturria: Eitb.com)

Erreportajeak 'infortainment' ezaugarriekin landu zuen emakumeen langabeziaren auzia. Hortaz, telebista publikoak protagonista anonimoen adierazpenetatik errealitatea azaldu nahi izan zuen. Horretarako, baina, ez zuen emakumeen langabeziaren inguruko daturik eman. Are gehiago, erreportajeak gizonezkoen langabezia azaltzeko ere balio lezake.

Beraz, telebista publikoak Emakumeen Nazioarteko Egunean ere ez zuen andreon eskubideen urraketaren berri eman. Hala ere, asteon sindikatuek argitaratutako 2011ko datuen arabera, emakumeen eskubideen zapalkuntzak genero irakurketa argia du
  1. Espainian lanik bilatzen ez duten emakume gehienek etxeko ardura daramatelako da; lanik bilatzen ez duten gizonezko gehienak, ostera, jubilatuta daude (4. zenb.).
  2. Lan-mota guztietan, emakumeek gizonek baino gutxiago kobratu zuten 2011n (36. zenb.). 
  3. Kualifikaziorik gabeko lanetan, emakumeen portzentajea gizonena baino zazpi aldiz handiagoa da (17. zenb.).
  4. Emakumeen %24,7k lanean sexu jazarpeneko jokabideak antzeman zituen 2011n (50. zenb.).
  5. Egunean etxeko ardurari hiru ordu baino gehiago eskaini zizkioten emakumeen %21,4k eta gizonen %4,5ek (55. zenb.).
  6. Arduraldi erdiz egiten den lanaren %79 emakumezkoek gauzatzen dute (22. zenb.).
  7. Langabetuen erdia emakumezkoak izan arren, langabezia-saria kobratzen dutenen %39 baino ez dira (13. zenb.).
  8. Hala ere, emakumeek guraso bakarreko familien %90eko sostengu ekonomikoa osatzen dute (57. zenb.). 
  9. Emakumeek erretiro-pentsioen %35,8 bakarrik jasotzen dute eta, gainera, gizonek baino 400 euro gutxiago kobratzen dituzte (47. zenb.).
  10. 65 urtetik gorako emakumeen %31k eguna ilobak zaintzen ematen du (66. zenb.).

Horrenbestez, Etb1ek ez zuen Martxoaren 8an emakumeen lan-eskubideen zapalkuntza ulertzeko gakorik eskaini. Aldiz, Etb1ek tonu paternalista erabiltzen du, emakumeek soldataren truke egiten den lana gauzatzen dutenean. Horrela, emakumeon lana senarraren soldataren osagarri moduan aurkezten du eta emakumeok lanik ez egitea, krisialdian eutsi ezineko luxuaren antzera. Adineko emakumeek arduraldi erdiz kualifikaziorik gabeko lana onartu behar izateari itxaropentsu deritzo, emakume horrek pentsio eskubiderik izango ez duela jakinda ere. "Emakumeek etxekoandre izaterari utzi diote lana bilatzeko" (2012/03/06) erreportajea horren adierazle dugu:
                                                                             (Iturria: Eitb.com)

Aurreko batean, hedabideek plazaratzen dituzten albisteei ikuspegi feministatik begiratu behar ote lioketen galdetu genuen. Martxoaren 8ko trataera mediatikoak egiaztatu duenez, emakumeen eskubideekin konpromiso feministarik hartzen ez duten hedabideek eskubide horien urraketari zilegitasun soziala aintzatesten diote.

2012/03/04

'Churnalism': prentsa-oharrak, albiste

Hedabideetara egunero hainbat prentsa-ohar heltzen da. Oharrok albistea abiatzeko bide egokia izan daitezke. Hala ere, prentsa-oharrak albiste bera bihurtu dira. Kazetaritza joera oker horri, 'journalism'-en  ordez, churnalism esaten diote, hau da, lardastu egiten duen kazetaritza. Informazioa neutrala ez denez, berria nork jakitera eman duen ezagutzea albistea ulertzeko oinarrizko gakoa da. 'Churnalism'-aren euskarazko izena 'lardaskazetaritza' litzateke.

Hedabideok prentsa-oharrekiko duten mendekotasuna agerian utzi du lardaskazetaritza arakatzeko webguneak. Bertan, Erresuma Batuko hedabideetako albistearen testua sartzen da:

Horrela, prentsa-oharren eta hedabideetako berrien arteko copy-paste portzentajea azaltzen da.

Ikusten denez, lardaskazetaritza propagandarekin lotuta agertzen da, informazioa ez delako neutroa. Ildo horretatik, prentsa-oharretan oinarritutako albisteak plazaratzean, hedabideek haien eginkizuna baztertzen dute: errealitatea arakatu eta bakoitzaren lerro editorialaren arabera interpretatu ordez, beste batzuek interpretatutako errealitatea barra-barra zabaltzen baitute.

Gurean ez dago lardaskazetaritza arakatzen duen webgunerik. Zuzeu albistariak, baina, jatorrizko prentsa-oharrak argitaratzen ditu. Horrela, oharrok eta hedabideetako berriak aldera ditzakegu. Hona hemen, asteon Jaurlaritzak bidali duen prentsa-oharra. Bertan, Hizkuntza Politikarako Sailburuorde Lurdes Auzmendik Bruselara egindako bidaiaren balorazioa agertzen da:
                                                                               (Iturria: Zuzeu)
Prentsa-ohar horretan hiru kontu nabarmen daitezke. Lehenengo eta behin, bezperan bidalitako beste prentsa-ohar baten zantzuak ditu, Rikardo Arregi Kazetaritza Saria iragarri zuenekoa, hain zuzen. Horregatik, testuaren lehen hitza "Rikardo" da. Bigarrenik, iragartzen duen ekitaldia "lehenengo ekimen batueratuetako bat [sic]" dela esaten da (!?). Azkenik, Europara jotzeko ekimena EAEko Hizkuntza Politikarako Sailburuordearena dela azpimarratzen da.

Jaurlaritzak zabaldutako prentsa-oharrean oinarritutako albisteei erreparatzen badiegu, Diario Vascok argitaratutako berria Jaurlaritzaren prentsa-oharrarekin bete-betean bat etorri zela egiazta daiteke, informazioa zelan heldu zitzaion azaldu barik. Gainera, Auzmendiren ekimena dela azpimarratzen du, datu hori egiaztatu gabe, prentsa-oharrari jarraituz. Horregatik, lardaskazetaritzatzat har daiteke:
                                                                            (Iturria: Diario Vasco)

Era berean, prentsa-oharrak argazki bat zabaldu zuen: aipatutako ordezkariak Europan bazeudela egiaztatzeko irudia, hain zuzen.
                                                                           (Iturria: Zuzeu)

Hala ere, argazki hori erabiltzean, hedabideek ez zuten Jaurlaritzak zabaldutako argazkia zela azaldu:
                                                                              (Iturria: Deia)

Albistearen edukiari dagokiola, Etb1ek Bruselatik bertatik informatu bazuen ere, ez zuen ezelango batzarren irudirik eman. Horrenbestez, bilerak amaitutakoan, horietan parte hartu zuten guztion balorazioa azaldu beharrean, Euskal Telebistak Auzmendiren adierazpenak bakarrik jaso zituen:
                                                                                                          (Iturria: Eitb.com)

Jaurlaritzak bere jardueraren berri emateko prentsa-oharrak zabaltzean hedabideen lana errazten ari da. Dena den, oharrok kazetaritza-jardueraren abiapuntua baino ez dira. Hedabideoi informazioa nork jakitera eman duen azaltzea eta albistea osatzea dagozkie. Horrela, Berria Auzmendirekin harremanetan ipini zen, informazioan sakontzeko asmoz, baina Sailburuordeak oharrean zabaldutako informazioa berretsi baino ez zuen egin:
                                                                                     (Iturria: Berria)

Ondoren, Nafarroako eta Ipar Euskal Herriko ordezkarien adierazpenak ere bildu zituen Berriak:
                                                                                     (Iturria: Berria)

Horrenbestez, Berriak hiru albiste-iturri erabili bazituen ere, albistearen ikuspegi bakarra eman zuen. Hortaz, hedabideok Jaurlaritzak zabaldu nahi zuen mezuari haien bozgorailuak eskaini zizkioten. Euskararen normalizazioaren irudi ofiziala bakarrik zabaldu zuten, horixe ebazteko daturik eman gabe. 

Agerikoa denez, gizarte mugimenduek ez dute hedabideotan lekurik, lardaskazetaritzak egiari mesede egitea helburu ez duelako. Albistearen ikuspegi anitzen berri emateko, ez dute gizarte eragileen iritzirik kontuan hartzen. Ildo horretatik, gizarte mugimenduek albiste izateko prentsaurrekoa eman behar dute edo ekintza ikusgarririk gauzatu. Hala ere, horiek ez diete hedabideetarako sarbidea ziurtatzen, prentsa-oharra bidali arren. Albiste hau horren adibide dugu. Izan ere, Kazeta.infok tokikotasunari leku egin zionez, gardentasun osoz, albistearen bi ikuspegiak eman zituen.
                                                                          (Iturria: Kazeta.info)

Prentsa-oharrek hedabideen agenda kolonizatu dutela onartu behar dugu. Boterearen bozgorailu hutsa ez izateko, hedabideek informazioa osatzeko baliabideak eskaini behar dituzte. Hortaz, prentsa-oharra albisteari ekiteko oinarria izan daiteke, baldin eta informazioak gizartearen eskakizunen berri ere ematen badu. Horretarako, gainerako politikarien iritzi bateratuak baino, gizarte mugimenduei hitza ematea da gakoa.Gainera, baliabide teknologikoek prentsa-oharra bere horretan agertzeko aukera ematen duten garaian, hedabideek oharra eurena egin eta egiazkotasuna ematen diote.