2011/11/07

Indarkeria matxista eta objektibotasuna


Objektibotasuna kazetaritza profesionalaren oinarrizko printzipioa da. Horregatik, indarkeria matxistari aurre egiteko ildo editorialik izan ez arren, hedabideek emakumeen aurkako erasoak gainerako lege-hausteak lantzen dituzten moduan jorratu beharko lituzkete. Hala ere, hedabideek indarkeria matxistaren berri ematean objektibotasunaren arauak gainerako lege-hausteetan baino sarriagotan urratzen dituztela egiaztatu dugu.

Objektibotasuna bi elementu nagusik osatzen dute: gertaera eta inpartzialtasuna (Westerståhl, 1983; McQuail, 1992 eta 2010). Gertaera albistearen oinarria da. Adibidez, sute baten berri ematen duen albisteak sutea gertatu duela egiaztatu behar izan du, bestela ez dago albisterik eta. Emakumeen aurkako erasoak albiste bihurtzen dira existitzen direlako, baina “ustezko”-tzat hartzeko ohitura zabalduta dago. Erasorik ez badago, ez dago albisterik; eta erasoa ziurra ez dela adierazteko probarik ez badago, zergatik zabaltzen dute hedabideek indarkeria matxistaren inguruko zalantzarik?

 (Berria, 2010/07/23)

(El Correo, 2011/10/03)

(Deia, 2011/10/03)

Gertaerak bi aldaera ditu: egiazkotasuna eta adierazgarritasuna. Alde batetik, egiazkotasunak gertakizunaren inguruko datu zehatzak azaltzen ditu. Horretarako, informazioak 5W galderen erantzunak agertu behar ditu. Lehenengo lau erantzunak honakoak lirateke: nork, zer, noiz eta non. Bosgarren W galdera kazetaritza-ereduaren araberakoa da: “zergatik” (Warum), Alemaniako kazetaritzan, eta “zelan” (How), AEBetako eredu sentsazionalistan. Eraso matxisten berri ematen dituzten albisteek “zelan” galdera tituluan bertan azaldu ohi duten bitartean, gainerako erasoek “zergatik” itaunari erantzuten diote:


Beste aldetik, egiazkotasunarekin batera, gertaerak adierazgarritasuna kontuan hartzen du. Adierazgarritasunak gertakariak eragindako erreakzio sozialaren berri ematen du. Hedabideek, baina, erreakzio instituzionala lehenetsi ohi dute: talde feministen islarik ez dago.


(Deia, 2010/07/29)


Objektibotasuna osatzen duen bigarren elementua, gertaeraz gain, inpartzialtasuna da. Inpartzialtasunak albisteak agertuko duen gertaeraren aurkezpena azaltzen du. Horregatik, bi gauza kontuan izan behar ditu. Lehenengo eta behin, inpartzialtasunak oreka eskatzen du. Horren arabera, albisteek gutxienez gertaeraren bi ikuspegi edo interpretazio jaso behar dituzte: atxilotutakoa erruduntzat jotzeko argudioak eta errugabetzat hartzeko azalpenak. Errugabetasun-presuntzioa oinarrizko eskubidea da, baina horrekiko errespetuak ez du erasoa zalantzan ipintzen. Are gehiago, Justizia Administrazioaren ekimenez hasitako prozesua da, eraso matxistek gizarteari kalte handia egiten diotela uste delako. Beraz, albistearen bi aldeak azaltzeko ustelkeria kasuetan erabiltzen den zorroztasun bera aplikatu beharko lukete hedabideek: instrukzio epailearen argudioak eta errugabetzat hartzeko azalpenak.

Emakumeen aurkako erasoetan, ordea, biktima eta erasotzailea plano berean ipintzen dituzte hedabideek, eraso matxistak emakume jakin bati eragindako kontu pribatua balitz bezala, gizarteari kalte egiten dion arazo soziala ezabatuz.
(El Correo, 2011/09/21)

Orekarekin batera, inpartzialtasuna aurkezpen neutralaren ondorioa da. Horretarako, albistea ilustratzen duen irudiak berria osatu beharko luke. Esaterako, albistearen tituluak honela badio (“Bi atxilotu, Boluetan neska bat bortxatzeagatik”), argazkia atxilotuen ingurukoa izan beharko litzateke. Hortaz, erasoa jasan eta gero, erasotutako emakumea zer jarreratan aurkitu zuten lehen orrira eraman zuen Deiak, emakumearizelan” eraso egin zioten azaltzeko argazkia, hain zuzen: 

(Deia, 2009/09/21).


         Horrenbestez, objektibotasunaren arauak urratzearen ondorioz, albisteen kalitatea guztiz kaltetzen da. Indarkeria matxistaren aurka konprometitu ez diren hedabideek ere profesionaltasunez jokatu behar dute, objektibotasuna kazetaritzari lotutako printzipioa baita. Horretarako, zaindu beharreko gutxieneko arauek honakoa jasotzen dute:

1.- Egiazko gertaera baten berri eman.
2.- Tituluan albistearen edukia osotasunez agertu: “zergatik” galdera “zelan” itaunaren aurretik lehenetsi.
3.- Informazioaren adierazgarritasun soziala islatu.
4.- Epailearen argudioak eta atxilotua errugabetzat hartzeko azalpenak jaso.
5.- Informazioa osatzen duen argazkia gehitu.

2 comentarios:

  1. Bortxatzailea, El Correon eta ohikoa duten moduan, marokiarra dela esango banu objetiboa izan leike baina inondik ere ez, zuzena. Horregatik iruditzen zait subjetibotasuna dela kazetaritzari lotutako printzipioa, kazetaritza errealitatea eraldatzeko tresnatzat hartuz gero, jakina.

    ResponderEliminar
  2. Mila esker, Axier. Objektibitatearen kontua Kazetaritza zientziatzat hartzeko oinarri moduan sortu zen, iraulitako piramidearen antzera. Zelanbait, kazetariaren alde batekotasuna ekiditeko helburua zuen. Hala ere, diozun bezala, kazetaritza berez intentzionala da. Horixe informazioaren gizarte-ekarpena litzateke, albistea lantzean osatu beharreko elementuek garrantzia handia badutelako (giza-eskubideen errespetua..., kulturartekotasuna). Horregatik, albisteen kalitateak bi osagai ditu: profesionaltasuna (objektibitatea edo albisteak emateko metodologia) eta gizarte-ekarpena (albistegintzaren helburua). Esangurarekin bat gatoz, terminologiak nahastu gaitu.

    ResponderEliminar