Mostrando entradas con la etiqueta feminismoa. Mostrar todas las entradas
Mostrando entradas con la etiqueta feminismoa. Mostrar todas las entradas

2013/07/15

Objektibotasuna, neutraltasuna eta independentzia bereizteko ahalegina

Zenbat datu eman behar ditu albiste batek? Zeintzuk? Izan ere, informazioaren mugak ez dituzte albiste-iturriek ipini behar. Azken asteotako eztabaida horrek kazetaritzaren hiru kontzeptu nahastu ditu, baina: objektibotasuna, neutraltasuna eta independentzia. Lehenengo eta behin, objektibotasuna albistegintzaren metodo zientifikoa da. Hortaz, objektibotasunak kazetaritza jarduera bideratzen du. Alde batetik, gertaeraren berri emateko kazetaritzaren bospasei W-galderen erantzunak eta gertaerak jendearteari ekarriko dizkion ondorioak azaldu behar ditu albisteak. Bestetik, inpartzialtasunez jarduteak bi ikuspegi edo interpretazio eskaintzeko eta informazioa osatzeko irudiak erakusteko agintzen du.

Hala ere, kazetariek informazioan parterik hartu ez dezaten eskatzeko, "objektibotasuna" edo "inpartzialtasuna" eskatu ohi dizkiete, neutraltasunaz ari diren bitartean. Neutraltasuna, beraz, bidegabekeriaren aurrean parterik ez hartzea dakar. Agintearen interesak azaldu ezean, bidegabekeria hori onartzea dakar. Horregatik, kazetaritzak egiarekiko gizarte-atxikimendua azaldu behar du eta horrexek ezin dezake neutraltasuna kazetaritza-baliotzat hartu. Izan ere, informazioa bera ez da neutroa: 

Iturria: Eitb.com (2013/04/05)

Albiste horrek ez du azaltzen fiskala organo hierarkikoa dela eta, beraz, bere jarduera Espainiako Justizia Ministroak agintzen duela. Kontua da Ruiz-Gallardón Ministroaren ardurapeko Madrilgo Udala ere kasuan inplikatuta dagoela. Horixe zehaztea oinarrizkoa da, bi hilabete aurreragoko informazioa delako, eta inputazioaren helegitearen albistea ulertzeko ezinbestekoa delako:

Iturria: El País (2013/02/08)

Azkenik, independentziak albisteak emango dituen datuen kontua argituko digu. Gizarte-eginkizuna gauzatzeko, kazetaritzak independentzia beharrezkoa du. Askatasun horrek bi adiera ditu: "from" (norengandik) eta "for" (norentzat). Alde batetik, kazetaritzak presio politikoetatik eta interesgune ekonomikoetatik independente jardun behar du. Bestetik, askatasun horrek jendarteari onura ekarriko dion informazioa eskaintzeko erabiliko du. Azter ditzagun azken hilean sortu diren zalantza profesionalak:

1.) Bilbon eraildako emakumeak prostitutak zirela esatea komeni da?
         Bilbon gizon batek emakume bat lonja batera indarrez sartzen ikusi zuen lekukoak Ertzain-etxera jo zuen. Ertzaintza heldu zenean, emakumea hilzorian zegoen. Hitzik egin ezin bazuen ere, ertzainen prentsa-oharra emakumea prostituta zela zehaztu zuen. Hedabideek Ertzaintzaren aurreiritzi arrazistak zabaldu zituzten:

Iturria: Eitb.com (2013/06/03)

Izan ere, hiltzaileak emakumea bere gogoz kontra sartu bazuen, ez dago prostituzio harremanik, indarkeria baizik.
Iturria: El Correo (2013/06/04)

Ildo beretik, hedabideek atxilotuaren izen-abizenak eta argazkiak zabaldu zituzten, errugabetasun presuntzioa urratuz. Are gehiago, ustezko egilearen ertzainen aurreko aitorpenak hedabideetara filtratu ziren:
Iturria: El Correo (2013/06/04)

Horrela, atxilotuak dioelako, emakumeak "prostitutak" dira, haiek bahitzerakoan prostituzio jardueran aritu ez baziren ere, indarrez edo engainuz eraman zituelako.
Iturria: Eitb.com (2013/06/06)

Horrenbestez, mugimendu feministak albistearen trataera gaitzetsi zuen:
Iturria: Berria (2013/06/13)

Dena den, Berriak atxilotuaren inguruko daturik zabaldu ez zuela nabarmendu behar da.
Iturria: Berria (2013/06/05)

Era berean, Anbotok gertuko errealitatearen berri eman zuen:
Iturria: Anboto (2013/06/14)

2.) Emakumeek salatzen ez dituzten San Ferminetako ekintzak eraso bezala aurkeztea zilegia da?
              San Ferminetako giroa irudikatzeko, argazki kopuru zenbaezina erakutsi dute hedabideek. Irudiek gertaerak berbek baino hobeto islatzen dituztelakoan, irudietan bertan agertzen diren sexu-erasoak identifikatu ez eta jai-giroko ezaugarri barregarritzat aurkeztu dituzte, emakumeek erasoari aurre egin arren. Horrela, erasoa azaltzen duen argazkia ez dute interpretatu:

Hedabideek jai-giroaren berri emateko erabili duten argazki berberak Espainiako Berdintasunerako Estatu-idazkariaren gaitzespena ilustratzeko balio izan du:
Iturria: Rtve.es (2013/07/06)

Iturria: El Mundo (2013/07/12)

Hala ere, hedabideek argazki horietan ikusten diren erasoekiko neutral ez izateko betebeharra dute. Hortaz, argazkietan emakume batzuek haien nikia kentzen dutela ematen du, baina nikia eta titizorroa gizonek kentzen dizkiete, jazartzeko. Hedabideek, ordea, emakumeen harridura-irribarrearekin, aurreiritzi matxistak zabaltzen dituzte: titiak erakusten dituen emakumea erasoak pairatzearen erruduna da. 
Iturria: Público (2013/07/06)

Arduradun politikoen ekimenez informatu beharko bagenu, Udalari erasoen harira adierazpenik ez eskatzera eramango gintuzke. Horrek, beraz, buruzagi politikoen interesen arabera informatzea ekarriko luke. Dena den, agintearengandik independente jarduteko, jendartearen aldeko jarduera eskatzen du kazetaritzak:
Iturria: Berria (2013/07/14)

Horrenbestez, independentziaren printzipioak kazetaritza-jardueraren iparra adierazten du. Hedabideek aginte politikotik eta ekonomikotik aske jardun behar dute, jendarteari onura ekarriko dion albistegintza eskaintzeko. Askatasun horrek agintearen informazioari aurre egiteko eskatzen du: polizia iturriei, albiste-agentziei eta irudiei haiei. Arantxa Urretabizkaiari Euskadi Irratian entzun nion kazetaritzari ez dagokiola erakustea edo seinalatzea, begiekin ikusten duguna azaltzea baizik.

2013/05/13

Kirol informazioa matxista al da?

Emakumeok albisteetan izaten dugun presentzia zenbaitetan ikertu da. Hala ere, hedabideotako Kirol sailak gehienetan ez du emakumerik agertzen. Adibidez, Eitb.com-ek Realak jokatuko duen partida iragartzeari Bera Berak liga irabazi izanari baino leku hobea eman zion:

Iturria: Eitb.com

Horrelakoetan, futbolak saskibaloiak baino interes handiagoa pizten duela esan ohi da, salbu eta emakumezkoen futbola denean. Orduan, Athletic-ek bosgarren liga irabaztear eduki izana ez da ia albiste ere:

Iturria: Eitb.com

Horrenbestez, hedabideek errealitatea islatu baino egiten ez dutela justifikatzen dute. Ados, jo dezagun albisteen iturrira. Hortxe ere emakumeen kirolarekiko mespretxua nabarmena da:


Bai. Hedabideek arrazoia dute: informazio-iturriek haiek emakumeen kirola baztertzen dute... baina informazio horrekin hedabideek zelan lantzen dituzte albisteak? Bi egunetan, kirol berriak aztertu eta gero, euskarazko hedabideen gizarte-konpromisoa maila berekoa ez dela egiaztatu dugu. Honakoak dira bi asteburutako emaitzak:

Iturria: Egileak.

Iturria: Egileak.

Egun bateko azterketatik harago, joerak azaltzen dituzte grafikook. Alde batetik, Euskadi Irratiak eta Etb1ek ez dute emakume kirolarien berririk ematen, hedabide publikoak izanda, legezko agindua badute ere. Beste aldetik, Berriak eta, batez ere, Anboto Durangaldeko astekariak emakumezkoen kirola ikusi eragiteko berezko ahalegina egiten dute.

Berriak gizonezkoen eta emakumezkoen kirola parekatzeko joera du: kirolariak abizenengatik bakarrik identifikatzen ditu. Horregatik, kirolzaleak ez garenok protagonistaren generoa jakiteko arazoak izaten ditugu. Argazkia duten albisteetan, abizenen identifikazioa nahikoa litzateke. Bestela, emakumeen ikusgaitasuna eragin guran, haien agerpena trabatzen da. Anbotok, ordea, kirolarien generoa azpimarratzen du:

Iturria: Anboto (2012/10/12)

Horregatik, emakume kirolaririk ez agertzea edota gizonen kirola lehenestea hedabidearen berezko hautua da. Kazetaritza jardunak gizarte-konpromisoa eskatzen du, horrexek Athletic-en web-orria eta Eitb.com ataria bereizten duelako, hain zuzen. Kirol kazetari gehienak gizonezkoak izatea ere ez da aitzakia, Berriak eta Anbotok erakutsi duten bezala. Emakumeen kirola baztertzeak ez dio hartzaileen jakin-minari erantzuten; alderantziz, emakumezko kirolarien berri emateak jendarte parekide batean bizitzea ekarriko du.

2013/03/04

Iritzian oinarritutako manipulazioa


Hedabideen jardunak gizartean oinarrizko eginkizuna dauka. Horregatik, neutraltasuna ez da kazetaritza balioa, hedabideekaginteari neurria hartzea haien betebeharra delako. Objektibotasuna gertakaria azaltzean datza: aldeko eta aurkako argudioak ematean, hain zuzen. Horrela, hedabideek eztabaida publikoa abiatuko dute.

Objektibotasunak gertakariaren berri ematen du. Horregatik, albistegintzak azaltzen dituen argudioak gertakarian oinarrituta daude. Kazetariak iritzia tartekatzen badu, argudio hori justifikagaitz geratzen da.
Iturria: El País (2010/04/13)

Argudio horiekin bat etortzea, beraz, ideologiari dagokio. Horregatik, gertakariak azaltzen ez duen interpretazioa iritzia da:
                                                                              Iturria: El País (2010/04/13)

Kazetaritza berez guztiz intentzionala da, errealitatea aldatzea helburu duelako. Hala ere, ez du gezurrik onartzen, kazetaritzaren oinarria sinesgarritasuna delako. Herritarren sinesgarritasuna galtzen duen hedabideak ez du bere helburua aurrera eramateko biderik topatuko. Dena den, albistegintzaren objektibotasuna alboratu eta gertakaritik ondorioztatzen ez den interpretazioak gezurra ezkuta dezake. Esaterako, Espainiako Erregearekin harreman ekonomiko pribatuak dituen Saudi Arabiako printzearen lege-haustearen kasua ekar dezakegu.
Iturria: El País (2011/10/09)

El País-ek honela eman zuen Al Waleed printzearen aurkako prozesuaren berri:
  1. Zigor prozesuari bide eman zion emakumearen testigantza bakarrik jaso zuen. Balear uharteko Auzitegiaren bertsioa ere bada, baina El País-ek auzi pribatu bezala azaldu zuen.
  2. Al Waleed printzearen “dokumentuak” tituluan aipatu zituen, legezko froga balira bezala. Hala ere, ustezko erasotzaileak ez ditu epaitegian aurkeztu eta bere soldatapenkoen lekukotzak baino ez dira.
  3. Espainiako Justizia Administrazioak trabatutako zigor prozeduraren berri ez du tituluan eman.

Gai baten berri ematea edo ez azaltzea hedabidearen ildo editorialaren ondorioa da. Azalduko diren albiste guztiek objektibotasunaren arauak betetzea, ordea, kazetaritzak berak agintzen du. Horregatik, gizon boteretsuen eraso sexisten berri ematean, adibidez, bi aldeen argudioak berdintsu azaltzea hedabidearen kalitatearen erakuslea da.
Iturria: Berria (2012/08/24)

Iturria: El País (2012/08/24)

Ondorioz, objektibotasunak albisteen kalitatea bermatzen du, kazetaritza jarduerari eusten diolako. Aldiz, informazioa iritziarekin osatzea manipulazioa da, baina hedabidearen gabeziak agerian geratzen dira:
Iturria: El País (2012/04/10)



2012/11/12

Hizkerak matxismoa betikotzen du

Hizkuntzak mundua erakusten du. Horregatik, premia aurreikusigabeei erantzuteko, hitz berriak sortzen ditugu. Adibidez, "lur hartu" esamoldeak ez zuen balio ilargirako bidaiarako. Orduan, "ilargiratu" aditza sortu zutela gogoratu ohi du Teresa Meana hizkuntzalariak. 

Era berean, hizkera zerbait ezkutatzeko baliabide nagusia da. Gurean, hizkuntzaren erregistro maskulino baztertzaileak helburu horixe betetzen du. Euskaraz generorik ez dagoela esan ohi den arren, euskaldunek ere maskulino baztertzailearen alde egin dutela egiaztatu dugu. Horren oinarrian, gizona gizartearen erdigunetzat hartzeko ikuskera dago. Ondorioz, dagokion gizonarekiko egoeraren arabera definitzen dute emakumea. Adibidez, arreba-ahizpa-anaia-neba (hurrenkera alfabetikoa) azaltzeko, "neba-arrebak" esamoldea bizkaitartzat jo du Euskaltzaindiaren Hiztegi Batuak:

Euskaltzaindiak "anaia-arrebak" hobetsi du, gizonaren ikuspegia bakarrik agertzen duen esamoldea bada ere. Hau da, "anaia" gizonaren anaia da eta "arreba", gizonaren arreba: 

Hedabideek maskulino baztertzailearen bidea jarraitu dute, Bizkaian informatzeko bizkaierazko gainerako berbak erabiltzen badituzte ere:
Iturria: Berria (2010/07/17)

Hortaz, hizkuntzaren sinplifikazioak ez du "anaia-ahizpak" parekidea edo "ahizpa-anaiak" esamolderik onartu, bigarren horrek zolitasun handiagokoa bada ere: [aizpanaiak] ahoskatuko litzateke.

Albistegintzan, gainera, gizona informazioaren erdigune bihurtzeko joera zabaldu da. Esaterako, gizon batek bi gazteri eraso egin zienean, biktimak identifikatzeko, hedabideek "gazte" bat eta horren "bikotekidea" bereiztu zituzten: 
Iturria: Deia (2012/09/03)

Erasoaren helburua emakumea bazen ere, gizonaren bikotekide bezala baino ez zuten aurkeztu:

Iturria: Deia (2012/09/03)

Emakumeak gizartean ezkutatzeko egiturarik garrantzitsuena ezkontza da. Orduan, gizon publikoen emazteak erretaguardian daude. Horregatik, hainbatetan, emakumeek ez dute izenik, "gizon ezagunen emazteak" baino ez dira:
Iturria: Eitb.com (2012/10/14)

Hala ere, emakumearen izena ematean, pertsona moduko begirunea aintzatesten diote hedabideek. Gainera, gizon publikoen emaztearen konpromisoa agertzeak errealitatea hobeto islatzen du:

Iturria: Berria (2012/10/16)

Gainerako gizonezko buruzagien emazteekin ere, joera bera egiaztatu dugu. Berriak izen-abizenekin aurkezten dituen bitartean,
Iturria: Berria (2009/02/24)

emakumeak ezkutatzen dituzten hedabideak topatu ditugu:
Iturria: El Correo (2007/02/01)

Emakumeak ezkutatzen dituztela diogu, haien nortasuna jakitera ematen dutenean, emakumeak lagunarteko hizkeran eta abizen barik aurkezten dituztelako. Izan ere, argazkirik ere ez dute merezi:
Iturria: El Correo (2009/01/09)

Kazetaritzaren ikuspegi profesionaletik, emakumeak ezkutatzeak edota barregarri agertzeak ez du emakumeen parte-hartzea islatzen. Gizona erdigune bihurtu duen gizarteak emakumea dagokion gizonaren arabera aurkezten du. Are gehiago, "gizarte" berbak ere gizonaren ikuskera baztertzailea betikotuko du. Hala ere, "jendarte" hitza ez dute gizartearen sinonimotzat hartzen, talde txikiari erreferentzia egiten diolakoan. "Webgune" eta  "bertxiotu" asmatu dituen herrian bizi bagara, zergatik ez diogu gure munduari izen parekiderik emango?

2012/09/17

Indarkeria matxista eta lege-hausteak


Azkenaldian indarkeria matxista eta gainerako indarkeria berdintzeko joera azaldu dute hedabideek. Horrela, emakumeen lege-hausteak “genero indarkeriatzat” jo ditu Deiak :
                                                              Iturria: Deia (2012/06/21)

Are gehiago, telebista publikoak ere indarkeria matxistaren salaketa faltsuak albiste bihurtu ditu:
                                                                               Iturria: Eitb.com (2012/07/09) 

Dena den, Espainian izaten diren lege-hausteen %9k salaketa faltsua du. Indarkeriamatxistaren kasuan, salaketa faltsuek kasuen %4 hartzen dute, hau da, gainerako lege-hausteen erdia. Hala ere, EiTBk ez du lapurretarik edo aseguru-etxeari iruzur egiteko suterik zalantzan ipintzen, ez eta horren salaketa faltsurik albiste bihurtzen ere:
                                                       Iturria: Eitb.com (2012/06/08)

Europan egunkariek ez dute lege-hausterik albiste bihurtzen, horikeriatzat hartzen baitute. Hortaz, lege-hausteak eta auto istripuak tokiko hedabideetan bakarrik azaltzen dira. Nazioarteko kazetaritzaren eredutzat hartzen duten Frankfurter Allgemeine Zeitung-ek ere ez du indarkeria matxistaren berririk ematen, salbu eta hilketak detaile morbosoak dituenean. Orduan, esaterako, Berlingo Kreuzberg auzoan ekainean emaztea hil, burua ebaki eta emaztearen burua balkoitik bota zuen gizon erasotzailearen berri emateko, burua ebaki zion terraza ageri zuen Frankfurter Allgemeine Zeitung-ek. Are gehiago, emakumeak ez zuen izenik; azken batean, “sei umeren ama” baino ez zen:
                                                   Iturria: Frankfurter Allgemeine Zeitung (2012/06/06)

Emakumeak hiltzen dituzten gizon matxistek ezaugarri bera agertzen dute: andrea menderatzeko behar besteko indarkeria erabiltzen dute. Horregatik, harremana amaitzean gizon matxistek emakumeak hiltzen dituzte. Hori azaldu ezean, hilketaren justifikazioa dakar:

                                                          Iturria: Sud Ouest (2012/07/03)

Idurre Eskisabelek Berrian kritikatu bezala, Sud Ouest-ek erailtzailearekiko enpatia azaltzen du: 80 bat urte zituen jubilatua, hiru hilabete lehenago 30 urteko neskato beltz batekin ezkondu zen, neskatoak utzi nahi zuen...

Indarkeria eta istripuak albiste bihurtu dituen kazetaritza espainiarrean (Hego Euskal Herian ere bai, beraz), albistegintzak indarkeria matxista lantzeko berezko esparrua landu ahal izan du. Lehendik ere, izen berezitua bazuen: “pasioaren eraginezko hilketak” ziren. Mugimendu feministak indarkeria matxistaren erantzukizun soziala azaleratu duenean, ordea, ohiko indarkeriarekin parekatzen hasi dira hedabideak.