Hedabideetara egunero hainbat prentsa-ohar heltzen da. Oharrok albistea abiatzeko bide egokia izan daitezke. Hala ere, prentsa-oharrak albiste bera bihurtu dira. Kazetaritza joera oker horri, 'journalism'-en ordez, churnalism esaten diote, hau da, lardastu egiten duen kazetaritza. Informazioa neutrala ez denez, berria nork jakitera eman duen ezagutzea albistea ulertzeko oinarrizko gakoa da. 'Churnalism'-aren euskarazko izena 'lardaskazetaritza' litzateke.
Hedabideok prentsa-oharrekiko duten mendekotasuna agerian utzi du lardaskazetaritza arakatzeko webguneak. Bertan, Erresuma Batuko hedabideetako albistearen testua sartzen da:
Horrela, prentsa-oharren eta hedabideetako berrien arteko copy-paste portzentajea azaltzen da.
Ikusten denez, lardaskazetaritza propagandarekin lotuta agertzen da, informazioa ez delako neutroa. Ildo horretatik, prentsa-oharretan oinarritutako albisteak plazaratzean, hedabideek haien eginkizuna baztertzen dute: errealitatea arakatu eta bakoitzaren lerro editorialaren arabera interpretatu ordez, beste batzuek interpretatutako errealitatea barra-barra zabaltzen baitute.
Gurean ez dago lardaskazetaritza arakatzen duen webgunerik. Zuzeu albistariak, baina, jatorrizko prentsa-oharrak argitaratzen ditu. Horrela, oharrok eta hedabideetako berriak aldera ditzakegu. Hona hemen, asteon Jaurlaritzak bidali duen prentsa-oharra. Bertan, Hizkuntza Politikarako Sailburuorde Lurdes Auzmendik Bruselara egindako bidaiaren balorazioa agertzen da:
(Iturria: Zuzeu)
Prentsa-ohar horretan hiru kontu nabarmen daitezke. Lehenengo eta behin, bezperan bidalitako beste prentsa-ohar baten zantzuak ditu, Rikardo Arregi Kazetaritza Saria iragarri zuenekoa, hain zuzen. Horregatik, testuaren lehen hitza "Rikardo" da. Bigarrenik, iragartzen duen ekitaldia "lehenengo ekimen batueratuetako bat [sic]" dela esaten da (!?). Azkenik, Europara jotzeko ekimena EAEko Hizkuntza Politikarako Sailburuordearena dela azpimarratzen da.
Jaurlaritzak zabaldutako prentsa-oharrean oinarritutako albisteei erreparatzen badiegu, Diario Vascok argitaratutako berria Jaurlaritzaren prentsa-oharrarekin bete-betean bat etorri zela egiazta daiteke, informazioa zelan heldu zitzaion azaldu barik. Gainera, Auzmendiren ekimena dela azpimarratzen du, datu hori egiaztatu gabe, prentsa-oharrari jarraituz. Horregatik, lardaskazetaritzatzat har daiteke:
(Iturria: Diario Vasco)
Era berean, prentsa-oharrak argazki bat zabaldu zuen: aipatutako ordezkariak Europan bazeudela egiaztatzeko irudia, hain zuzen.
(Iturria: Zuzeu)
Hala ere, argazki hori erabiltzean, hedabideek ez zuten Jaurlaritzak zabaldutako argazkia zela azaldu:
(Iturria: Deia)
Albistearen edukiari dagokiola, Etb1ek
Bruselatik bertatik informatu bazuen ere, ez zuen ezelango batzarren irudirik
eman. Horrenbestez, bilerak amaitutakoan, horietan parte hartu zuten
guztion balorazioa azaldu beharrean, Euskal Telebistak Auzmendiren adierazpenak bakarrik jaso zituen:
(Iturria: Eitb.com)
Jaurlaritzak bere jardueraren berri emateko prentsa-oharrak zabaltzean hedabideen lana errazten ari da. Dena den, oharrok kazetaritza-jardueraren abiapuntua baino ez dira. Hedabideoi informazioa nork jakitera eman duen azaltzea eta albistea osatzea dagozkie. Horrela, Berria Auzmendirekin harremanetan ipini zen, informazioan sakontzeko asmoz, baina Sailburuordeak oharrean zabaldutako informazioa berretsi baino ez zuen egin:
(Iturria: Berria)
Ondoren, Nafarroako eta Ipar Euskal Herriko ordezkarien adierazpenak ere bildu zituen Berriak:
(Iturria: Berria)
Horrenbestez, Berriak hiru albiste-iturri erabili bazituen ere, albistearen ikuspegi bakarra eman zuen. Hortaz, hedabideok Jaurlaritzak zabaldu nahi zuen mezuari haien bozgorailuak eskaini zizkioten. Euskararen normalizazioaren irudi ofiziala bakarrik zabaldu zuten, horixe ebazteko daturik eman gabe.
Agerikoa denez, gizarte mugimenduek ez dute hedabideotan lekurik, lardaskazetaritzak egiari mesede egitea helburu ez duelako. Albistearen ikuspegi anitzen berri emateko, ez dute gizarte eragileen iritzirik kontuan hartzen. Ildo horretatik, gizarte mugimenduek albiste izateko prentsaurrekoa eman behar dute edo ekintza ikusgarririk gauzatu. Hala ere, horiek ez diete hedabideetarako sarbidea ziurtatzen, prentsa-oharra bidali arren. Albiste hau horren adibide dugu. Izan ere, Kazeta.infok tokikotasunari leku egin zionez, gardentasun osoz, albistearen bi ikuspegiak eman zituen.
(Iturria: Kazeta.info)
Prentsa-oharrek hedabideen agenda kolonizatu dutela onartu behar dugu. Boterearen bozgorailu hutsa ez izateko, hedabideek informazioa osatzeko baliabideak eskaini behar dituzte. Hortaz, prentsa-oharra albisteari ekiteko oinarria izan daiteke, baldin eta informazioak gizartearen eskakizunen berri ere ematen badu. Horretarako, gainerako politikarien iritzi bateratuak baino, gizarte mugimenduei hitza ematea da gakoa.Gainera, baliabide teknologikoek prentsa-oharra bere horretan agertzeko aukera ematen duten garaian, hedabideek oharra eurena egin eta egiazkotasuna ematen diote.































