2011/12/11

Euskarazko komunikazioaren lorpenak

Prentsaurrekoetan zein hizkuntza erabili hainbat gizarte mugimenduren buruhaustea izaten da. Erakundeek gehien zabaldu duten eredua honakoa izan da: “Egun on, os hemos convocado para…”. Horregatik, erakundeak informazioa euskaraz zabaltzen hasi direnean Euskal Herriko kazetari erdaldunen haserrea nabaritu da.

Prentsaurrekoa euskaraz eman ahal izatea, baina, ez da hizlariaren lorpena, euskarazko hedabideena baizik. Izan ere, honela gogoratzen du Amatiñok euskararen inguruko prentsaurrekoetako giroa:
“Euskaltzaindiak [Espainiako] Real Academiaren titulua jaso zuenean (1975 inguruan), Euskaltzaindiak berak prentsaurrekoa eskaini zuen Durangon eta den-dena gaztelaniaz izan zen. Prentsaurrea amaitzear zela, galdera gehiago ez zegoela-eta, nik euskaraz galdetu nuen ea euskaraz galderarik egiterik ote zegoen. Inguruan nituen kazetariek irain edo probokaziotzat hartu zuten nire ausardia hura.” (Zuberogoitia, 2003: 273)

Hortaz, euskarazko hedabideak Euskal Herria euskalduntzeko tresnak direla berretsi dugu, zenbait gizarte-ohitura tarteko. Horregatik, prentsaurrekoetan orain lehenengoz “norbaitek gaztelaniaz adierazpenik behar?” entzun daiteke. Erreportajean Zihara Enbeitak eskarmentu handiko kazetarien bizipenak jasotzen ditu.

Euskarazko kazetaritzari edukiak euskararen ingurukoak izatea leporatu ohi diote, folkloreari lotutako kazetaritza delakoan. Hala ere, Euskal Herriko hedabide erdaldunek euskara arlo horretara mugatu dutela berretsi zuen AitorZubegoroitiak (503-529. or.). Are gehiago, Eginek/Garak eta Deiak euskarari egiten dioten tartea euskal munduari eta iritziari dagokiola egiaztatu zuen. Gainera, egunkari erdaldunok sortu zirenetik gaur arte haietan euskarak izan duen tokia gero eta txikiagoa da.

Euskaratik munduari begiratzen dion komunikazioak, ordea, ez ditu inguruko erdarek finkatutako mugak bere egiten: ez bere nortasuna setiatzen dutenak (abertzaletasunaren estrategiak, kasu), ezta bere ikusmira hesitzen dutenak ere (Madrilgo oniritziaren beharra, adib.).

Alderantziz, euskarazko kazetaritzak berezko ekimena baduela egiaztatu du. Esaterako, erdarazko hedabideek eman ez dituzten esklusibak argitaratu dituzte (Letona, 2005: 15). Adibidez, poliziak Anparo Arangoari eragindako tortura egiaztatzen zuten argazkiak eta informazioa, “Anparo Arangoa, zauritua” titulupean.
                                                                                   Iturria: Argia.

Azkenik, gutxiespenak ikusezintasuna dakar. Beraz, erdal munduak euskarazko kazetaritzaren izate bera ere ezeztatzen du. Esaterako, Argia astekariak Boliviako presidente Evo Morales elkarrizketatu zuen Euskal Herriko lehen hedabidea izan zen (2006/09/17). Euskarazko hedabideetan merezimenduarekin aurkeztu bazen ere, erdarazko hedabideek ez zuten horren berririk eman, Gara kenduta (erdaraz informatu zuen).

Horrenbestez, euskarazko hedabideek bertako eta Euskal Herritik kanpoko albisteak beren nortasunari uko egin gabe zabaltzen dituzte. Ondorioz, euskarazko hedabideek mundu euskalduna islatu ez ezik, errealitate euskalduna ere sortzen dute.

2 comentarios:

  1. Oso artikulu interesgarria, euskarazko prentsari balio ematen diona.

    ResponderEliminar
  2. apreziatuta! eskerrik asko hemendik pasatzearren.

    ResponderEliminar