2013/02/11

Ikerketa kazetaritzaren premia dugu

Ikerketa kazetaritzak gizartearen bidegabekeriak zuzentzea du helburu. Horretarako, filtrazioak ere erabilgarriak izan daitezke. Hala ere, hedabideak abiatutako ez dator filtrazioen xedearekin bat. Horregatik, filtrazioen balioa kudeatzen asmatu behar du hedabideak. Bestela, ikuspegi merkantilistak okerrak ekar ditzake, El País egunkariaren Chávezen argazki faltsuaren informazio ezbeharra, esaterako.

Europako parlamentarien gastu justifikatuak salatu izan ditu zenbait hedabidek. Besteak beste, The New York Times egunkariak 2004an politikariek diru publikoari eragiten zizkioten gastu justifikaezinak azaldu zituen:

Alemaniako RTL telebistak Europako parlamentarien iruzur ekonomikoa dokumentatu zuen: ostiralean legebiltzarreko bulegoan fitxatzen zuten, baina lanera joan ez eta atoan hegazkina hartzen zuten. Horrela, ostiraleko soldata eta dietak ere lortzen zituzten.
Iturria: RTL (ingelesezko azpitituluekin).

Europako parlamentarien iruzur hori konpondu ez zenez, handik zazpi urtera, News of the World egunkariak zenbait parlamentariren jokabidea grabatu zuen. Besteak beste, Eider Gardiazabalek (PSE-EE) justifikatu gabeko diru-kopurua kobratu zuela egiaztatu zuen 2011ko martxoan, lan egin ez zuen egun batengatik dieta osoak ordaintzeko eskatu zuelako:

Lan egin beharrean, Gardiazabalek ez zegokion diru-kopurua kobratzeko gestioa egin eta aireportura abiatu zela dokumentatu zuen egunkariak. Gainera, ikusi dugunez, zenbait hedabidek aurretik salatutako jarduera zen. Horrenbestez, 2004tik gaitzesten zen jarduera zuritzeko asmoz, Gardiazabalek bere alderdiarentzako lana eta Europako Batasunerako lana nahastu zituen. Hedabideek, baina, ez zuten bi lanon arteko aldea azaldu. Gardiazabalen adierazpenak haien horretan zabaldu zituzten, argudio guztiak egiazkoak balira bezala:

Iturria: El Correo

Hedabideen eginkizun nagusia aginteari neurria hartzea dela kontuan izanik, diru-iruzurraren hilabetera Gardiazabalek Europako parlamentariak hegaldi arruntetan bidaiatzearen aurkako botoa eman zuen, diru publikoarekin business hegaldiei eusteko. Hala ere, hedabideek ez zuten Gardiazabalen botoa bere testuinguruan azaltzeko aurreko hileko iruzurra aipatu.
Iturria: El Correo

Horrenbestez, Europako Parlamentuak ez du dieten gastu justifikatugabeen auzia oraindik konpondu. Izan ere, parlamentariek aparteko diru-sari justifikatugabe hori kobratzen jarrai dezakete. Gainera, jokabide horrek ez diete desgaste politikorik ekartzen, hedabideek ez dutelako haien lana egoki betetzen.

Beraz, iturriaren gezurrak azaleratzen ez dituen kazetaritzak agintearen filtrazio interesatuak zabaltzen ditu. Ikerketa kazetaritzan, ordea, albistearen ekimena kazetariarena edo hedabidearena da, errealitatean eragin nahi dutelako. Esate baterako, Argiaren ikerketa batek euskarazko egunkaria bideragarria zela egiaztatu zuen. Imanol Murua Uriak eta Iñaki Uriak Iñaki Zarraoa Kultura Sailburuordeari elkarrizketa egin zioten Argian. Bertan, euskarazko egunkariaren bideragarritasuna aztertzeko, Joseba Arregi Kultura Sailburuak eskatutako txostenaren emaitzengatik galdetu zioten Zarraoari.  
Iturria: Argia

Hurrengo alean, Argiak azterketa horren emaitzak jasotzen zituen dokumentua plazaratu zuen. Euskarazko egunkari baten irakurleen soslaia honela definitu zuen txostenak:
  • Boto-emaileei zegokiela, %34,1 ezker abertzalearen jarraitzailea litzateke eta %5,4, jeltzalea. Zarraoak "ideologia askotako jendea" zela azpimarratu zuen.
  • Lerro editoriala ezker muturrekoa izatearen alde %32,4 azaltzen zen eta ezkerrekoa, %16. Elkarrizketan, txostenak mutur politikorik gabeko soslaia iradokitzen zuela esan zuen.
  • Azterketak 21.000-26.000 ale aurreikusten zituen eta ez, 3.000-9.000.
  • Irakurleei Euskal Herriko informazioa (%40,9) eta tokian tokiko albisteak (%31,7) interesatzen zitzaizkiela agertzen zen. Kirol Saila interesik txikiena eragiten zuen.


Iturria: Argia

Hortaz, ikerkuntza kazetaritzaren helburua bidegabekeriak azalaratzea da, gizarteak errealitate hori aldatu ahal izateko. Horregatik, ekimena kazetariari edo hedabideari dagokio eta auzia argitu arte informazioa bilatzeari ekiten diote. Horrela bakarrik hedabideek gizarteari ekarpena egingo diote.

2 comentarios:

  1. Pepe Rei gurpildun aulki batean ez balego! Ardi beltza eta Kale Gorria bezelako gehiago behar genituzke.

    ResponderEliminar
  2. Eskerrik asko zure iritziagatik. Bere ibilbide profesionala "El periodista canalla" (2001) liburuan jaso zuen Reik, Zapateneoan eros daiteke: http://zapateneo.net/eu/narratiba/295-el-periodista-canalla-pepe-rei

    ResponderEliminar