Mostrando entradas con la etiqueta kazetaritza lasterra. Mostrar todas las entradas
Mostrando entradas con la etiqueta kazetaritza lasterra. Mostrar todas las entradas

2013/02/11

Ikerketa kazetaritzaren premia dugu

Ikerketa kazetaritzak gizartearen bidegabekeriak zuzentzea du helburu. Horretarako, filtrazioak ere erabilgarriak izan daitezke. Hala ere, hedabideak abiatutako ez dator filtrazioen xedearekin bat. Horregatik, filtrazioen balioa kudeatzen asmatu behar du hedabideak. Bestela, ikuspegi merkantilistak okerrak ekar ditzake, El País egunkariaren Chávezen argazki faltsuaren informazio ezbeharra, esaterako.

Europako parlamentarien gastu justifikatuak salatu izan ditu zenbait hedabidek. Besteak beste, The New York Times egunkariak 2004an politikariek diru publikoari eragiten zizkioten gastu justifikaezinak azaldu zituen:

Alemaniako RTL telebistak Europako parlamentarien iruzur ekonomikoa dokumentatu zuen: ostiralean legebiltzarreko bulegoan fitxatzen zuten, baina lanera joan ez eta atoan hegazkina hartzen zuten. Horrela, ostiraleko soldata eta dietak ere lortzen zituzten.
Iturria: RTL (ingelesezko azpitituluekin).

Europako parlamentarien iruzur hori konpondu ez zenez, handik zazpi urtera, News of the World egunkariak zenbait parlamentariren jokabidea grabatu zuen. Besteak beste, Eider Gardiazabalek (PSE-EE) justifikatu gabeko diru-kopurua kobratu zuela egiaztatu zuen 2011ko martxoan, lan egin ez zuen egun batengatik dieta osoak ordaintzeko eskatu zuelako:

Lan egin beharrean, Gardiazabalek ez zegokion diru-kopurua kobratzeko gestioa egin eta aireportura abiatu zela dokumentatu zuen egunkariak. Gainera, ikusi dugunez, zenbait hedabidek aurretik salatutako jarduera zen. Horrenbestez, 2004tik gaitzesten zen jarduera zuritzeko asmoz, Gardiazabalek bere alderdiarentzako lana eta Europako Batasunerako lana nahastu zituen. Hedabideek, baina, ez zuten bi lanon arteko aldea azaldu. Gardiazabalen adierazpenak haien horretan zabaldu zituzten, argudio guztiak egiazkoak balira bezala:

Iturria: El Correo

Hedabideen eginkizun nagusia aginteari neurria hartzea dela kontuan izanik, diru-iruzurraren hilabetera Gardiazabalek Europako parlamentariak hegaldi arruntetan bidaiatzearen aurkako botoa eman zuen, diru publikoarekin business hegaldiei eusteko. Hala ere, hedabideek ez zuten Gardiazabalen botoa bere testuinguruan azaltzeko aurreko hileko iruzurra aipatu.
Iturria: El Correo

Horrenbestez, Europako Parlamentuak ez du dieten gastu justifikatugabeen auzia oraindik konpondu. Izan ere, parlamentariek aparteko diru-sari justifikatugabe hori kobratzen jarrai dezakete. Gainera, jokabide horrek ez diete desgaste politikorik ekartzen, hedabideek ez dutelako haien lana egoki betetzen.

Beraz, iturriaren gezurrak azaleratzen ez dituen kazetaritzak agintearen filtrazio interesatuak zabaltzen ditu. Ikerketa kazetaritzan, ordea, albistearen ekimena kazetariarena edo hedabidearena da, errealitatean eragin nahi dutelako. Esate baterako, Argiaren ikerketa batek euskarazko egunkaria bideragarria zela egiaztatu zuen. Imanol Murua Uriak eta Iñaki Uriak Iñaki Zarraoa Kultura Sailburuordeari elkarrizketa egin zioten Argian. Bertan, euskarazko egunkariaren bideragarritasuna aztertzeko, Joseba Arregi Kultura Sailburuak eskatutako txostenaren emaitzengatik galdetu zioten Zarraoari.  
Iturria: Argia

Hurrengo alean, Argiak azterketa horren emaitzak jasotzen zituen dokumentua plazaratu zuen. Euskarazko egunkari baten irakurleen soslaia honela definitu zuen txostenak:
  • Boto-emaileei zegokiela, %34,1 ezker abertzalearen jarraitzailea litzateke eta %5,4, jeltzalea. Zarraoak "ideologia askotako jendea" zela azpimarratu zuen.
  • Lerro editoriala ezker muturrekoa izatearen alde %32,4 azaltzen zen eta ezkerrekoa, %16. Elkarrizketan, txostenak mutur politikorik gabeko soslaia iradokitzen zuela esan zuen.
  • Azterketak 21.000-26.000 ale aurreikusten zituen eta ez, 3.000-9.000.
  • Irakurleei Euskal Herriko informazioa (%40,9) eta tokian tokiko albisteak (%31,7) interesatzen zitzaizkiela agertzen zen. Kirol Saila interesik txikiena eragiten zuen.


Iturria: Argia

Hortaz, ikerkuntza kazetaritzaren helburua bidegabekeriak azalaratzea da, gizarteak errealitate hori aldatu ahal izateko. Horregatik, ekimena kazetariari edo hedabideari dagokio eta auzia argitu arte informazioa bilatzeari ekiten diote. Horrela bakarrik hedabideek gizarteari ekarpena egingo diote.

2012/12/03

Ikusteak ez dakar gertaera ulertzea

Bat-batekotasunak kazetaritza lasterra (edo fast journalism) ekarri du. Gertakizunek jazoera bera azaltzen dutela uste da. Horregatik, albisteek gertaeraren berri ematen dute, baina ez dute horixe azaltzen. Ignacio Ramonetek azaldu bezala, "albistea ikusteak ez dakar gertaera ulertzea". Ondorioz, auto-istripuen albisteak jasotzen ditugu, baina ez dute ezbeharrik ekiditeko aholkurik ematen (txingorrarekin zelan gidatu, adibidez) edo, istripurik izanez gero, zer egin.
Iturria: Eitb.com (2012/11/28)

Kazetaritza lasterraren arinkeriak ondorio larriak ekarri dizkio albistegintzari. Alde batetik, hedabideek beste baten informazioa bere egiteko joera azaldu dute. Horrela, egiaztatu ez duten gertaeren egiantzekotasuna sustatzen dute. Beste aldetik, bat-batekotasun horrek informazioan sakontzeko astirik ematen ez duenez, hedabideek politikarien adierazpenak haien horretan hedatzen dituzte, egia esaten ari diren ikertu barik. Adibidez, asteburu honetan Garellano erregimentuaren inguruko bi albiste ekarri ditu Iñaki Azkuna Bilboko alkateak. Alde batetik, ostiralean Espainiako ejerzitoaren erakusketa inauguratu zuen Azkunak:
Iturria: Gara (2012/12/01)

Erakusketa horrek, gainera, Espainiako ejerzito faxistaren apologia egiten du, baina Garak ez zuen hori nabarmentzen asmatu:
Iturria: El Correo (2012/12/01)

Era berean, adierazpenak bakarrik jaso zituenez, El Correok ezin izan zuen Azkunaren hitzak edukirik gabekoak zirela azaldu. Izan ere, Bilboko udalaren aurtengo proiektu nagusia Garellanoko eraikin historikoa bota eta etxebizitzak eraikitzea izan da.
Iturria: Argia (2012/10/14)

Beste aldetik, faxismoa goraipatzen duen erakusketa zabaldu eta hurrengo egunean, Azkunak 1936ko Garellano batailoiaren lana gogoratu zuen, gudariei buruzko liburu baten aurkezpenean:
Iturria: Deia (2012/12/02)

Horrenbestez, politikarien jarduera demagogikoa agerian geratu da, baina hedabideek ez dute horren berri eman. Garellano batailoiari esker ona adierazi arren, bere oroimena ezabatu du Bilboko udalak, bideragarriak izaterik ez duten etxebizitzak egiteko. Aldi berean, diskurtso hori ukatzen duen apologia faxista ahalbidetu du Bilboko alkateak, Espainiako ejerzitoari erakusketa egiteko udalaren beste eraikin bat eskainiz. Hala ere, Azkunaren adierazpenak bakarrik jasoz, hedabideek ez dute alkatearen jarduera inkoherentea azaldu. Albistearen aurrekaririk ("nondik" galdera) eta testuingururik eman ez dutenez, Garak, El Correok eta Deiak ez dute haien ildo editorialari eusten asmatu. Testuingururik gabeko albisteak zabaltzean, haien mundu-ikuskera oinarritzeko argudioak galdu dituzte hedabideek: 
  • Garak ejerzito faxistaren armak erakusgai daudela sala zezakeen; 
  • El Correok alkatearen baieztapena faltsua zela egiazta zezakeen, Garellano "Bilboko toponimikoa" bada ere, eraikin horixe bota berri duelako; eta 
  • Deiak, azkenik, Garellanoren adibidea aipatu arren, horri ez eusteko udalaren arrazoi "sendoak" gogora zitzakeen, Azkunaren aldeko herritarrek haren argudioak parteka ditzaten.

2012/10/28

Hizkerak gu garenari izena ematen dio

Durango 1936 Kultur Elkarteak bost urte behar izan ditu gizartean eragin ahal izateko. Azken bost urteetan  elkartearen jardunaz aritu arren, boterearen parametroen arabera interpretatu dute hedabideek. Horregatik, 1936ko gerrarekin lotuta agertzen zen: desagertuak, hobi komunak, lubakiak... Aurten, ostera, "Agurrik gabeak" ekitaldiaren berri eman duten hedabide guztietan "antifaxista" berba agertu da.

                                                                                               Iturria: El Correo (2012/10/26).

Errepublikaren aurkako guda irabazi zutenek haien erregimenari ere izena eman zioten: Frankismoa. Diktadura diktadorearekin lotzean, hura hildakoan, 1936ko Estatu-kolpea eman zutenek Estatuaren egituran jarraitu ahal izan zuten: Erregeak, politikariek, epaileek, poliziak, militarrek... Horrela, haiek haien trantsizioa diseinatu zuten: Estatu-kolpearen bitartez lortutako botere-mailari eusteko sistema politikoa. 

Europan, ordea, Espainiako erregimenari ere faxista esaten zioten. Faxismoa 1930eko hamarkadan nagusitutako ideologia izan zen. Arrazan edo kultur nortasunean oinarritutako muturreko nazionalismoa zen. Indarkeriaz eta ezaugarri militarren bitartez, langileen iraultza ekiditea zuen helburu. Azken batean, faxisten zilegitasuna Historiak (Alemanian eta Italian) edo Jaungoikoak (Espainian eta Portugalen) eman ei zien.

Horrenbestez, hedabideek 1936ko Estatu-kolpearen ondoriozko erregimenari "frankista" esatean, guda irabazi zutenen bertsioa zilegitzat hartzen dute. Garaileen ikuspegia gizartearen oinarri bihurtu dute.

Era berean, botere politikoaren eta ekonomikoaren hizkerak ikuskera neoliberala islatzen du. Alde horretatik, gizartea familien talde bezala aurkezten dute. Beraz, gizartearen muina sendia da, hau da, seme-alabak dituzten lagunen etxea:

                                                     Iturria: Berria (2011/02/22).


Hala ere, hedabideek erakundeen hizkera bere egiten dutenean, ikuskera neoliberal hori zabaltzen dute:
                                                                       Iturria: Berria (2012/06/23).


Herritar guztiek familiarik (seme-alabarik) ez dute, eta guraso diren auzokide denek ere ez dituzte seme-alabak etxean. Horrenbestez, sendi hitzak ez du gure gizartea bere aniztasunean islatzen:
Iturria: EiTB (2012/09/22).

Izan ere, mundu ikuskera tradizional horrek emakumeen ikusgarritasun soziala trabatzen du. Hortaz, hedabideek emakumeak familian duten rolaren arabera aurkezteko joera dute:
Iturria: Berria (2008/05/06).

Aitak, ordea, gizon moduan erakutsi ohi dituzte, familia harremanez gain, gizartean parte hartzen duten seinale:
Iturria: Berria (2006/06/15).

Horregatik, hedabideek boterearen hizkera ez eurenganatzeko ahalegina egin behar dute. Sortu nahi duten errealitatea islatu behar dute. 

Iturria: Berria (2012/09/04).


Iturria: El Correo (2012/09/04).

Horretarako, herritarrei gertakizunen berri eman ez ezik, gizartean parte hartu dezaten, jardun berri-emaile egokia gauzatu behar dute. Gertakizuna bertatik bertara ikusi nahi duten herritarrak errespetatzea lehen urratsa da:








2012/10/15

Egiantzekotasuna, iruzurrik handiena


Kazetaritza lasterrak (‘fast journalism’ delakoak) egia bilatzen ez duela ikusi berri dugu. Gainera, hedabideek egiaztatu bako informazioa bere egiten dute, egiantzekotasunez. Albisteen gardentasuna bermatzeko, ordea, hedabideek bi kontu argi azaldu behar dituzte: zelan heldu den informazioa erredakziora (prentsaurrekoa, norbaiten filtrazioa, iturriaren ekimenez, kazetariaren ikerketa...) eta zein izan den iturria (dokumentu bat, adituak edo izen-abizenekin identifikatutako lagunak).

Hedabideek egiaztatu ez duten datuekiko distantzia hartu behar dute. Horrela, egia azaleratzen denean, hedabide horrek ez du gezurra zabaldu izanaren ondoriorik pairatuko. Esaterako, lau judutar eta hiru militar hil zituen Mohamed Merah-ren etxea setiatu zuen Frantziako poliziak. Orduan, Frantziako Barne Ministroak Merah etxetik salto egiten hil zela adierazi zuen. El País-ek horren berri eman baino, bertsio hori bere egin zuen, kazetariak berak ikusi izan balu bezala:

Handik bi ordura, ordea, Merah lehen pisuan bizi zela egiaztatu zuten kazetariek. Beraz, El País-ek zabaldutako bertsioa aldatu behar izan zuen:

Are gehiago, hedabideek enpresa handienen doako publizitatea ere egiten dute:
                                                                                            Iturria: Berria         

Nazioarteko albisteetan ez ezik, hedabideek gertuko albisteetan ere gezurra zabaltzeko neurririk ez dute hartzen. Hortaz, egiaztatu bako informazioarekiko distantziarik hartu ezean, herritarrei ziria sartzen diote. Adibidez, Espainiako Telecinco telebista katean espirituekin hitz egiten duen mediuma Bilbora etorri zen. Euskalduna Jauregian lau egun eman zituen, 80 euroko sarrera ordaintzen zutenek haien arbasoen mezurik jasotzeko itxaropena zabaldu zuten El Correok eta Deiak:
                                                            Iturria: El Correo (2012/04/25) 

                                                                                 Iturria: Deia (2012/04/26) 

Hala ere, espirituekin hitz egiteko gaitasunarekin baino, mediumaren iruzurra agertu duen informazioarekin zorrotzago agertu dira:
                                                    Iturria: Deia (2012/10/09)

Egia jakiterik ez daukatenean, egiantzekotasunez zabaldu baina egiaztatu bako informazioak ez dauka gizarte ekarpenik. Alderantziz, hedabideek botere politikoaren edo ekonomikoaren bozeramaile gisa jarduten dute. Bidean sinesgarritasuna galtzen dute. Hedabideen errentagarritasun ekonomikoa, baina, sinesgarritasunean datza, kalitatezko jardunak epe luzeko errentagarritasuna dakarrelako.

2012/10/01

Kazetaritza lasterrak, egiari muzin

Edonor asaldatzeko moduko albistea jaso genuen aurreko asteartean, hilaren 25ean: goizeko 06:30ean emakume bat egun biko umearekin Donostia Ospitaleko ate nagusitik atera zen eta taxi bat hartu zuen. Hortaz, hedabideek bilatu beharreko erantzunak honakoak ziratekeen:
  1. Kazetaritza-eginkizuna: Zer gertatu da? Nork egin du? Non izan da? Noiz jazo da? Zelan edo zergatik izan da posible?
  2. Botereari neurri hartzeko betebeharra: Noren erantzukizuna izan da?
  3. Gizarte-ardura: Zer neurri hartuko dira berriro gerta ez dadin?
Lehenengo eta behin, kazetaritza-eginkizunak bost W-galderen erantzunak eskatzen ditu. Hala ere, EAEko hedabide publikoek “zergatik” galderari baino, “zelan” delakoari erantzun gurago izan zioten. Taxi gidariaren laguntzeko prestutasuna buruko gaixotasuna duen emakume baten jokabidea deskribatzeko erabili zuen EiTBk. Gainera, informazioaren horikeria areagotzen zuen sarrerarekin aurkeztu zuen Euskadi Irratiak: “[Donostiako] Zinemaldiko pelikula batean bezala, […]”.

Bigarrenik, hedabideek botereari neurri hartzeko betebeharra dute. Horrenbestez, “laugarren botere” ezizena hartu zuten. Bertsio ofizialaren arabera, poliziak umea onik berreskuratu zuen. Hortaz, albiste-agentziek ez zuten gertakizunaren nondik norakorik azaldu; alderantziz, poliziaren aldeko interpretazioa datu barik zabaldu zuten:
                                                                Iturria: Europa Press (2012/09/25).

Bertsio ofizial horrek kale egiten zuen: Zelan izan zitekeen posible ospitaleko arduradunek emakumea umearekin ikusi eta, susmo txarra hartu arren, ate nagusitik irtetzen utzi izana? Goizeko 06:30ean inork altarik jasotzen du?

Hala ere, beste behin, churnalism ohiturei jarraiki, sareko hedabideek bertsio ofiziala hitzez hitz kopiatu eta zabaldu zuten, oinarririk gabeko poliziaren aldeko intrepretazioa beren eginez:
                                                                     Iturria: Deia (2012/09/25).

                                                                     Iturria: Diario Vasco (2012/09/25).

                                                                     Iturria: Naiz.info (2012/09/25).

Guztira, 234 hedabidek oinarririk gabeko eta egiaztatu bako bertsio hori, hitzez hitz, zabaldu zuen:
                                                Iturria: Google.

Informazioaren bat-batekotasunak ez du kazetaritza-jarduera okerrik zuritzen. Esaterako, denbora-tarte berean, Berriak bertsio ofizialerako distantzia markatu zuen: ez zuen plazaratu egiaztatu bako daturik, ez eta oinarritu bako poliziaren aldeko interpretaziorik bere egin ere.
                                                                  Iturria: Berria (2012/09/25)

Azkenik, hedabideen jarduna gizarteari on egitean datza. Hedabideen gizarte-arduratik ondorioztatzen denez, aurrerantzean egoera hori ez dadin errepika erantzuleek hartuko dituzten neurriak aurkeztu beharko zituzketen hedabideek. Horren ordez, lapurreta gertatu eta hurrengo eguneko egunkariek bi bertsio zabaldu zituzten: Rafael Bengoa Osasun Sailburuaren prentsaurrekoa eta Espainiako Gaixoen Babeslearen prentsa-oharra. Egia, ordea,ez da bi bertsioren erdian kokatzen; neutraltasuna kazetaritza-jarduera okerra baita.

Hedabideek ez zuten bertsio ofizialaren akatsak zalantzan ipini, eskura zituzten datuek Sailburuaren bertsioa ukatzen bazuten ere.
           1.) Zelan izan da posible ume bat lapurtzea? Goizeko 06:30ean emakume bat egun biko umearekin Donostia Ospitaleko ate nagusitik atera zen eta taxi bat hartu zuen. Segurtasun pribatuak eta kamerek ez zuten lapurketarik ekidin. Beraz, konpon daitezkeen lege-hausteetan baino ez dute balio, gauzen lapurreta kasuetan esaterako, lapurra nor izan den identifikatzeko. Umea onik buelta zedin ez dute balio izan.
Iturria: Eitb.com (2012/09/25) [Deiak, Diario Vascok eta Noticias de Gipuzkoak ere Sailburuaren bertsio bera “neutraltasunez” zabaldu zuten].

2.) Zer egin du poliziak umea berreskuratu izana segurtasun-indarrei egokitu zaiela baieztatzeko? Ospital aurrean 06:30ean erretzen zegoen gaixo baten senideari emakume batek zigarro bat eskatu zion. Ez zegoen beste inor. Alta jaso omen zuen emakume erditu berria izan behar zuen (“goizeko 06:30ean?”) eta, ezelango maletarik ez zeramanez, susmo txarra hartu zion. Konturatzean, bahitzailea taxia eskatu zuen eta alde egin zuen. Lekukoak, orduan, ospitaleko arduradunengana jo nahi izan zuen. Honakoa da bere testigantza:

  • Lekukoak: “Andre bat ikusi berri dut eta…”
  • 1. seguratak: “Bai, bai, bere atzetik gatoz. Zerbait eraman du?”
  • Lekukoak: “Zelan zerbait??? UME BAT, J***R, UME BAAAAAT!!!”
  • 2. seguratak: “...... eeeeeta nora joan da?”
  • Lekukoak: “Taxi bat hartu du, X matrikuladuna.”
  • 2. seguratak: “Eeee… Baaaaaa… Abisua eman beharko dugu…”
  • Beste herritar batek: “Dagoeneko taxien elkarteari ni neu deitzen ari natzaio. Tori nire telefonoa!!”

            3.) Taxi gidariak ez zuen poliziaren deirik jaso, taxien elkartearen ‘sms’ mezu bat baizik:

                                               Iturria: Diario Vasco (2012/09/25).

Taxi gidariak laguntzeko eta informatzeko prestutasun osoa aurkeztu zuen. Hedabideek, ordea, buruko gaixotasuna duen lagunaren deskribapena gurago izan zuten, zentzuzko galderei erantzutea baino:
  • Gidatzen ari diren taxi gidariei, oharren berri emateko, taxi elkarteak ‘sms’ mezurik bidali ohi die ala, trafiko-segurtasun neurriengatik, irrati bidez informatzen die?
  • Gidariak taxien elkartearen‘sms’ mezu bat jasotzea ohikoa izan daiteke ala elkarteak hari bidalitako mezu pribatua dela pentsa daiteke, herritar batek bere matrikula eman duelako?
  • Ertzaintzak taxia identifikatuta badauka  (zeri esker?) eta mezua bidali badio, ez litzateke logikoagoa izango nonora joateko eskatzea, bahitzailea konturatu barik, umea onik berreskuratzeko?
       
            4.) Bahitzaileak berak udaltzainengana jo zuen, umeak negar egiten zuelako: 
                                                                    Iturria:  Deia (2012/09/25).

Horrenbestez, gizarte zibilak lapurketaren berri eman, taxiaren matrikula hartu, taxien elkarteari deitu, elkarteak gidaria ohartu eta gero, udaltzainek haien ohiko lanlekuan bahitzailea eta umea topatu zituzten.

            5.) Buruko gaitzak dituzten herritarrekiko arretarik eza. Osasun Sailburuaren adierazpenen arabera, gaixo bati "ospitaletik alde egiteko" esatea eta osasun sistema unibertsala bateragarriak ote dira?
Iturria: Eitb.com (2012/09/25) [Deiak, Diario Vascok eta Noticias de Gipuzkoak ere Sailburuaren bertsio bera “neutraltasunez” zabaldu zuten].

Ondorioz, gizarte zibilak herrikideak zaintzen dituela egiaztatu da: lekukoak, telefono deia egiten zuen herritarrak, taxien elkarteak eta taxi gidariak. Kate-begi bakarrak kale egin du: hedabideek, hain zuzen. Bertsio ofizialaren propagandari eusteko daturik ez bazegoen ere, hedabideek (Berria kenduta) poliziari herritarren lana egotzi zioten:
                                                      Iturria: Noticias de Gipuzkoa (2012/09/26)

Bizikidetzari mehatxu egiten dizkioten jokabideak ekiditeko, polizia gehiago behar dugula sinestera eramango gaitu bertsio ofizial faltsu horrek. Hala ere, segurtasun pribatuak, bideozaintzako kamerek eta zenbait polizia-indarrek ez dute lege-hausterik ekiditen. Are gehiago, horiek konpontzeko ere, gizarte zibilaren parte-hartzea ezinbesteko zaie. Herritarrek, ordea, berez elkarbizitza babesteko neurriak hartzen dituzte. Kazetaritza lasterrak (edo fast journalism-ek), ostera, ez du egia bilatzeko ahaleginik egiten; alderantziz, ageriko kontraesanak barra-barra zabaltzen ditu. Profesionaltasuna alboratu eta kazetaritza lasterra sustatzen duten hedabideek gizartearekiko ardura baztertu dute.

2012/02/26

Horikeria: albiste arinen trataera

Irakurle eta ikus-entzule gehiagorengana heltzeko asmoz, tabloideen agenda onartzearen ondorioa da horikeria (“tabloidization”). Tabloide izena 1903an Erresuma Batuan sortu zen Daily Mirror egunkariak abiatutako kazetaritza motari esaten zaio. Honelako ezaugarriak dituzte tabloideek zabaldutako albisteak: istorio laburrak dira, elementu ikusgarriak aurkezten dituzte eta titulu sentsazionalista daramate.

         “Orduak eman ditu komunean harrapatuta, mugikorra berreskuratu nahian”
                                                                                               Iturria: Eitb.com (2011/11/04).

Horrenbestez, “albiste arinek” (“soft news”) horikeria zabaltzen dituzten berezko gaiak lantzen dituzte. Euskarazko hedabideetan aurki daitezkeen albiste arinek honelako gaiak lantzen dituzte: istripuak, natur hondamendiak, elurteak eta beroaldiak. Informazio horrek gizarte geldoa islatzen du, estatikoa, herritarrei gizartean parte hartzeko biderik ematen ez dioten albisteak direlako.

Gainera, XXI. mendeko horikeriak beste bi ezaugarri berri agertu ditu. Lehenengo eta behin, ez du protagonista identifikagarririk azaltzen: “Elurra iritsi da mendietara, tenperaturak jaitsita” (2011/12/18), Berrian. Horrela, hedabideek gizarte eragileak euskarazko komunikaziotik alboratu dituzte. Bigarrenik, neurri handi batean Espainian eta AEBtan sortutako albisteak izaten dira, hango berri-agentziek bidalita. Adibidez, Etb1ek eta Euskadi Irratiak 2008an aireratu zituzten Gizarte saileko albisteen herena Espainian sortuak ziren. Ondorioz, berri-agentziek zabaldutako albiste arinek Euskal Herrian bertan sortutako berriak ordezkatu dituzte. Honako albiste honetan, esaterako, ematen den informazioa ez dago Etb1eko ikusleei zuzenduta: “Toledoko osasun arduradunek, ahal dela, larrialdietara ez joateko gomendioa egin diete ‹‹herritarrei››”.
“Behe-lainoak eragin du: Toledon istripua”
                                                                                               Iturria: Etb1 (2008/01/22).

Hortaz, horikeria areagotzen duten berrietan elementu grafikoek informazioak berak baino garrantzia handiagoa du. Azter dezagun asteon Argentinan izandako tren-istripuaren trataera. Lehenengo eta behin, Berriak teknikoki eskasa den bideo honen esteka azaldu zuen lehen orduetan (argiak erretako irudiak dira).

                                                                                          
Hurrengo egunean, papereko edizioan suhiltzaileak agertzen zituen:
Egunkariak, beraz, istripua ‘zelan’ gertatu zen nabarmendu zuen.

Bigarrenik, Euskal Telebistak ere ‘zelan’ galderaren erantzuna lehenetsi zuen (akats baten ondorioz, euskarazko bertsioan erdarazko albistea eskegi dute):
“50 lagun hil dira eta 675 zauritu tren istripu batean, Buenos Aires”

                                                                                                   Iturria: Eitb.com (2008/02/23).

Hala ere, Frantziako Libération-ek, ordea, ‘non’ azpimarratu zuen, informazioa kokatzeko.

                                                                                               Iturria: Libération (2012/02/22).

Ildo beretik, mina islatzeko beste irudi mota bat erabili zuen Frankfurter Allgemeine Zeitung-ek, inoren sentiberatasunari eragin barik, tren geltokian zain zeuden bidarien atsekabea azalduz:
                                                        Iturria: Frankfurter Allgemeine Zeitung (2012/02/22).
Gainera, euskarazko hedabideek ez bezala, Europakoek albiste-iturri identifikatuak erabili zituzten: Babes Zibileko arduraduna zein larrialdeetarako zerbitzuen burua, Libération-ek; eta Garraio Ministroa, FAZ-ek. Euskarazko hedabideek ez dute albistean protagonistarik agertu, ez eta informazioaren jatorririk eman (zein bidetatik heldu den erredakziora) edo albiste-iturririk erabili.

Hego Euskal Herriko erdarazko hedabideen trataera oraindik horiagoa izan zen. Alde batetik, Deiak istripuak eragindako hildakoak eta zaurituak erakusten dituen “argazki galeria” prestatu zuen. Bestetik, El Correok bidaiari anonimoen adierazpenetan albistea garatu zuen. Gainera, argazkien krudeltasuna oraindik handiagoa izan zen.

Horrenbestez, albiste arinen gaia landu arren, trataera informatibo egokiak horikeria apal dezakeela egiaztatu dute Europako egunkariek. Beraz, albiste arinek ez dute zertan horikeria ekarri, alde hori hedabideen hautu profesionalari baitagokio. Argentinako tren istripuaren albistearen trataeran, euskarazko bi hedabideek horikeriaren aldeko hautua egin zuten. Are gehiago, Hego Euskal Herriko erdarazko hedabideen eredu horiari jarraitzeko prest agertu dira.

Ondorioz, horikeria identifikatzeko gakoa honakoa da: irudirik egon ezean, informazio hori albiste izango ote litzateke? Euskarazko hedabideek egiaztatu bezala, albisteen ekarpena informazioak berak zehazten du eta ez, irudiak.
                                                                                                               Iturria: Etb1 (2008/03/07).