Mostrando entradas con la etiqueta oroimen historikoa. Mostrar todas las entradas
Mostrando entradas con la etiqueta oroimen historikoa. Mostrar todas las entradas

2012/12/03

Ikusteak ez dakar gertaera ulertzea

Bat-batekotasunak kazetaritza lasterra (edo fast journalism) ekarri du. Gertakizunek jazoera bera azaltzen dutela uste da. Horregatik, albisteek gertaeraren berri ematen dute, baina ez dute horixe azaltzen. Ignacio Ramonetek azaldu bezala, "albistea ikusteak ez dakar gertaera ulertzea". Ondorioz, auto-istripuen albisteak jasotzen ditugu, baina ez dute ezbeharrik ekiditeko aholkurik ematen (txingorrarekin zelan gidatu, adibidez) edo, istripurik izanez gero, zer egin.
Iturria: Eitb.com (2012/11/28)

Kazetaritza lasterraren arinkeriak ondorio larriak ekarri dizkio albistegintzari. Alde batetik, hedabideek beste baten informazioa bere egiteko joera azaldu dute. Horrela, egiaztatu ez duten gertaeren egiantzekotasuna sustatzen dute. Beste aldetik, bat-batekotasun horrek informazioan sakontzeko astirik ematen ez duenez, hedabideek politikarien adierazpenak haien horretan hedatzen dituzte, egia esaten ari diren ikertu barik. Adibidez, asteburu honetan Garellano erregimentuaren inguruko bi albiste ekarri ditu Iñaki Azkuna Bilboko alkateak. Alde batetik, ostiralean Espainiako ejerzitoaren erakusketa inauguratu zuen Azkunak:
Iturria: Gara (2012/12/01)

Erakusketa horrek, gainera, Espainiako ejerzito faxistaren apologia egiten du, baina Garak ez zuen hori nabarmentzen asmatu:
Iturria: El Correo (2012/12/01)

Era berean, adierazpenak bakarrik jaso zituenez, El Correok ezin izan zuen Azkunaren hitzak edukirik gabekoak zirela azaldu. Izan ere, Bilboko udalaren aurtengo proiektu nagusia Garellanoko eraikin historikoa bota eta etxebizitzak eraikitzea izan da.
Iturria: Argia (2012/10/14)

Beste aldetik, faxismoa goraipatzen duen erakusketa zabaldu eta hurrengo egunean, Azkunak 1936ko Garellano batailoiaren lana gogoratu zuen, gudariei buruzko liburu baten aurkezpenean:
Iturria: Deia (2012/12/02)

Horrenbestez, politikarien jarduera demagogikoa agerian geratu da, baina hedabideek ez dute horren berri eman. Garellano batailoiari esker ona adierazi arren, bere oroimena ezabatu du Bilboko udalak, bideragarriak izaterik ez duten etxebizitzak egiteko. Aldi berean, diskurtso hori ukatzen duen apologia faxista ahalbidetu du Bilboko alkateak, Espainiako ejerzitoari erakusketa egiteko udalaren beste eraikin bat eskainiz. Hala ere, Azkunaren adierazpenak bakarrik jasoz, hedabideek ez dute alkatearen jarduera inkoherentea azaldu. Albistearen aurrekaririk ("nondik" galdera) eta testuingururik eman ez dutenez, Garak, El Correok eta Deiak ez dute haien ildo editorialari eusten asmatu. Testuingururik gabeko albisteak zabaltzean, haien mundu-ikuskera oinarritzeko argudioak galdu dituzte hedabideek: 
  • Garak ejerzito faxistaren armak erakusgai daudela sala zezakeen; 
  • El Correok alkatearen baieztapena faltsua zela egiazta zezakeen, Garellano "Bilboko toponimikoa" bada ere, eraikin horixe bota berri duelako; eta 
  • Deiak, azkenik, Garellanoren adibidea aipatu arren, horri ez eusteko udalaren arrazoi "sendoak" gogora zitzakeen, Azkunaren aldeko herritarrek haren argudioak parteka ditzaten.

2012/10/28

Hizkerak gu garenari izena ematen dio

Durango 1936 Kultur Elkarteak bost urte behar izan ditu gizartean eragin ahal izateko. Azken bost urteetan  elkartearen jardunaz aritu arren, boterearen parametroen arabera interpretatu dute hedabideek. Horregatik, 1936ko gerrarekin lotuta agertzen zen: desagertuak, hobi komunak, lubakiak... Aurten, ostera, "Agurrik gabeak" ekitaldiaren berri eman duten hedabide guztietan "antifaxista" berba agertu da.

                                                                                               Iturria: El Correo (2012/10/26).

Errepublikaren aurkako guda irabazi zutenek haien erregimenari ere izena eman zioten: Frankismoa. Diktadura diktadorearekin lotzean, hura hildakoan, 1936ko Estatu-kolpea eman zutenek Estatuaren egituran jarraitu ahal izan zuten: Erregeak, politikariek, epaileek, poliziak, militarrek... Horrela, haiek haien trantsizioa diseinatu zuten: Estatu-kolpearen bitartez lortutako botere-mailari eusteko sistema politikoa. 

Europan, ordea, Espainiako erregimenari ere faxista esaten zioten. Faxismoa 1930eko hamarkadan nagusitutako ideologia izan zen. Arrazan edo kultur nortasunean oinarritutako muturreko nazionalismoa zen. Indarkeriaz eta ezaugarri militarren bitartez, langileen iraultza ekiditea zuen helburu. Azken batean, faxisten zilegitasuna Historiak (Alemanian eta Italian) edo Jaungoikoak (Espainian eta Portugalen) eman ei zien.

Horrenbestez, hedabideek 1936ko Estatu-kolpearen ondoriozko erregimenari "frankista" esatean, guda irabazi zutenen bertsioa zilegitzat hartzen dute. Garaileen ikuspegia gizartearen oinarri bihurtu dute.

Era berean, botere politikoaren eta ekonomikoaren hizkerak ikuskera neoliberala islatzen du. Alde horretatik, gizartea familien talde bezala aurkezten dute. Beraz, gizartearen muina sendia da, hau da, seme-alabak dituzten lagunen etxea:

                                                     Iturria: Berria (2011/02/22).


Hala ere, hedabideek erakundeen hizkera bere egiten dutenean, ikuskera neoliberal hori zabaltzen dute:
                                                                       Iturria: Berria (2012/06/23).


Herritar guztiek familiarik (seme-alabarik) ez dute, eta guraso diren auzokide denek ere ez dituzte seme-alabak etxean. Horrenbestez, sendi hitzak ez du gure gizartea bere aniztasunean islatzen:
Iturria: EiTB (2012/09/22).

Izan ere, mundu ikuskera tradizional horrek emakumeen ikusgarritasun soziala trabatzen du. Hortaz, hedabideek emakumeak familian duten rolaren arabera aurkezteko joera dute:
Iturria: Berria (2008/05/06).

Aitak, ordea, gizon moduan erakutsi ohi dituzte, familia harremanez gain, gizartean parte hartzen duten seinale:
Iturria: Berria (2006/06/15).

Horregatik, hedabideek boterearen hizkera ez eurenganatzeko ahalegina egin behar dute. Sortu nahi duten errealitatea islatu behar dute. 

Iturria: Berria (2012/09/04).


Iturria: El Correo (2012/09/04).

Horretarako, herritarrei gertakizunen berri eman ez ezik, gizartean parte hartu dezaten, jardun berri-emaile egokia gauzatu behar dute. Gertakizuna bertatik bertara ikusi nahi duten herritarrak errespetatzea lehen urratsa da:








2012/04/25

Bi bertsio emateak ez du egia osatzen

Faxistek 1936ko gerran gauzatutako krimenek zigortu barik jarraitzen dute. Horretarako, populazio zibilaren aurkako bonbardaketak propaganda faxistaren ikur bihurtu zituzten. Gorriek Irun, Eibar, Durango eta Gernika erre zutela zabaldu gura izan zuten. 

Errepublikari eraso egin zioten militarrek bonbardaketen erantzukizuna zuritu gura izan dute, Molaren izena garbitzea zuten helburu. Dena den, Molak aginduko zukeen erasoaldiaren berri iragarri zuen:

Molak bere idazkariari Gernika suntsitzeko asmoa idatziz azaldu zion. Iñaki Egaña historialariak koaderno horren gordelekua jakitera eman berri du.

Bitartean, 75 urtean, faxisten bertsio faltsua indarrez ezarri zuten. Sasoiko egunkariek Gernika bonbardatu zuten hegazkin alemaniarrak identifikatu zituzten.
                                                  Iturria: Eguna, 1937/04/27 (Hemeroketa)

Hala ere, herritarren gogoari eusteko, Egunak Gernikako bonbardaketa Durangokoa baino arinago landu zuen. Esaterako, Gernikari buruz informatzeko ez zuen hildakoen argazkirik atera.

Gernika 1937ko apirilaren 26an bonbardatu eta hiru ordura, The Times egunkariko George L. Steer kazetariak gertatutakoaren berri eman zuen:
                                                                            Iturria: Pierre Tristam

Nazioarteak euskaldunon giza eskubideak defenda zitzan, gerra korrespontsalek Gernikaren berri eman behar zutela ulertu zuen Agirre lehendakariak. Horregatik, 1937ko apirilaren 29an, Estepan Urkiaga Lauaxeta birrindutako hirira abiatu zen, Frantziako Le Petite Gironde egunkariko Georges Berniard kazetariarekin. Bertan, Jaime del Burgo nafarrak gidatutako Begoñako tertzioko karlistek biak atxilotu zituzten. Orduan, bizitza salbatzeko, Berniardek idatzitako paperak jan zituen eta ateratako argazkien negatiboak argiarekin suntsitu zituen. Era berean, faxistek frantziar kazetaria propaganda helburuetarako baliatu zuten: Steer-ren lekukotasunari jarraituz, The Times eta The New York Times egunkariek zabaldutako naziek bonbardatutako hiriaren bertsioa ezeztatzeko, hain zuzen.

Le Petite Gironde egunkariko eta Frantziako Havas albiste-agentziako arduradunek Berniarden bizitza arriskuan ez ipintzea adostu zuten. Gainera, faxistek hartutako herrietatik bidalitako informazioak zentsura pasatu behar zuen. Horrenbestez, gorriek Gernika erre zutela nazioartera zabaldu zuen Havas albiste-agentziak (gaur egungo AFP-k). Bertsio ofizial faltsu hori zabaltzeko faxisten hitzarmenak ikertu zituen Herbert Southworth-ek Guernica, Guernica! A Study of Journalism, Diplomacy, Propaganda, and History liburuan.

Horrenbestez, Gernikako herritarren aurkako erasoaren egiletzaren zalantza zabaldu zuten faxistek. Ordutik aurrera, bonbardaketaren berri emateko, hedabideek "bi bertsiodun albistea" zabaldu zuten: egia ukatzen duen informazio-eredua, alegia. Adibidez, Ipar Euskal Herriko Eskualduna astekariak bien bertsioak jaso zituen: Jaurlaritzarena eta faxistena, baina euskaraz elkar ulertzen zutenen lekukotasunari sinesgarritasun handiagoa eman zion. Hala ere, Havas agentziako azken orduko informazioa (letra larriz idatzita) argitaratu zuen.
                                               Iturria: Eskualduna, 1937/05/07 (Hemeroketa)

Informazio nahaste horrek faxisten krimenak zigortu barik uzteko balio izan zuen. Propagandak inpunitatea eman zien. Horrela, 1937ko ekainaren 25ean, faxistek Lauaxeta (kazetaria eta olerkaria) fusilatu zuten:
"Goiz eder onetan erail bear nabe
txindor baten txintak gozotan naukela?
El naiten leyora begiok intz gabe.
Gorbei barna yatort kañoi-ots itzela:
or egazkin-egak odei-lapur doaz.
Guda-gotzon baltzak odolez dakustaz,
euren oin aurrean beredin gudari.
Gaste argi orreik, eutsi lur amari!
Bera baizen onik eztauko ludiak."
   (Azken oyua, 1937, Gasteizko espetxean)


2012/04/15

Lurperatutako oroimenaren bila

Oroimena ez dago gure esku. Estatu-kolpe faxistak eragindakoarengatik justizia eskatzea, ordea, guri dagokigu. Horretarako, baina, gertatutakoa ezagutu behar izan dugu. Martxoak 31 rock taldeari esker, 1937/03/31 egunari oroimenaren jaioteguna ipini genion.

Atzera begira, Italiako armada faxistak Durango bonbardatu eta hurrengo egunean honakoa zen Egunaren lehen albisteko titulua:
                                                              (Iturria: Euskal Prentsaren Lanak / Hemeroketa)

Guztira, herri erakundeek populazio zibilaren aurkako bonbardaketengatik justizia eskatzeko 75 urte behar izan ditugu. 
                                                                                           (Iturria: Anboto)

Orain, bonbardaketaren jomuga gaitzestea falta da. Gerrak ez dira alferrik, helburuak lortzeko bidea baizik
                                                                 (Iturria: Espainiako Liburutegi Nazionala)

Hortaz, apirilaren 28an Montejurra tertzioko karlistek Durango indarrez hartu zutela 75. urteurrena izango da. Egun hori 1975etik hona ez da ospatu, baina gogoratu ere ez. Are gehiago, faxistek durangarrei eragindakoarengatik ere ez da inoiz justiziarik eskatu: atxiloketak, fusilamenduak eta desagerpenak. Egundo ehundaka lagunek desagertuta jarraitzen dute. Faxistek Durangon zabaldu zuten izua ezin dezakegu oraindik neurtu:
"Durango, 6 de junio de 1937:
Llegué aquí de noche. Mi esposa y la hermana del moribundo estaban aguardándome. Me acompañaron al Hospital de urgencia, mejor dicho, yo las acompañé. Casi fuimos a tientas; no se veía nada. En una calle, dos soldados [carlistas] se lanzaron sobre ellas como lobos. Pero al verme [vestido de uniforme] se contuvieron y siguieron su camino sin tocarlas."
                                               (Iturria: Jose Artetxe, El abrazo de los muertos)

Beraz, oroimena gogora ekartzeak lau helburu ditu: egia, justizia, erreparazioa eta berriro gertatuko ez dela ziurtatzeko bermeak. Datorren apirilaren 28a gogoratzean, Otxandio, Bilbo, Elorrio, Durango, Eibar eta Gernika zertarako bonbardatu zituzten ulertuko dugu. Etorkizuna oraingo itxaropena den neurrian, oroimenak indarrez garaitutako gizartearen duintasunarekin bat egiten du. Historiari justizia zor diogu:
"Aspaldiko neguaren gaur dugun oroimena
lur azpian gorde diren isildutako berbak dira.
Kondenaturik ez izateko, lurperaturik dauden arrazoiak.
Non lurperatuko ete zan egun hartako oroimena.
Hau ta askoz gehiago jazo zen Martxoaren 31 batean:
urteen joan eta etorriak isilarazi ez duen kantua."
                    (Martxoak 31, Aspaldiko negu baten)