Mostrando entradas con la etiqueta lardaskazetaritza. Mostrar todas las entradas
Mostrando entradas con la etiqueta lardaskazetaritza. Mostrar todas las entradas

2012/10/28

Hizkerak gu garenari izena ematen dio

Durango 1936 Kultur Elkarteak bost urte behar izan ditu gizartean eragin ahal izateko. Azken bost urteetan  elkartearen jardunaz aritu arren, boterearen parametroen arabera interpretatu dute hedabideek. Horregatik, 1936ko gerrarekin lotuta agertzen zen: desagertuak, hobi komunak, lubakiak... Aurten, ostera, "Agurrik gabeak" ekitaldiaren berri eman duten hedabide guztietan "antifaxista" berba agertu da.

                                                                                               Iturria: El Correo (2012/10/26).

Errepublikaren aurkako guda irabazi zutenek haien erregimenari ere izena eman zioten: Frankismoa. Diktadura diktadorearekin lotzean, hura hildakoan, 1936ko Estatu-kolpea eman zutenek Estatuaren egituran jarraitu ahal izan zuten: Erregeak, politikariek, epaileek, poliziak, militarrek... Horrela, haiek haien trantsizioa diseinatu zuten: Estatu-kolpearen bitartez lortutako botere-mailari eusteko sistema politikoa. 

Europan, ordea, Espainiako erregimenari ere faxista esaten zioten. Faxismoa 1930eko hamarkadan nagusitutako ideologia izan zen. Arrazan edo kultur nortasunean oinarritutako muturreko nazionalismoa zen. Indarkeriaz eta ezaugarri militarren bitartez, langileen iraultza ekiditea zuen helburu. Azken batean, faxisten zilegitasuna Historiak (Alemanian eta Italian) edo Jaungoikoak (Espainian eta Portugalen) eman ei zien.

Horrenbestez, hedabideek 1936ko Estatu-kolpearen ondoriozko erregimenari "frankista" esatean, guda irabazi zutenen bertsioa zilegitzat hartzen dute. Garaileen ikuspegia gizartearen oinarri bihurtu dute.

Era berean, botere politikoaren eta ekonomikoaren hizkerak ikuskera neoliberala islatzen du. Alde horretatik, gizartea familien talde bezala aurkezten dute. Beraz, gizartearen muina sendia da, hau da, seme-alabak dituzten lagunen etxea:

                                                     Iturria: Berria (2011/02/22).


Hala ere, hedabideek erakundeen hizkera bere egiten dutenean, ikuskera neoliberal hori zabaltzen dute:
                                                                       Iturria: Berria (2012/06/23).


Herritar guztiek familiarik (seme-alabarik) ez dute, eta guraso diren auzokide denek ere ez dituzte seme-alabak etxean. Horrenbestez, sendi hitzak ez du gure gizartea bere aniztasunean islatzen:
Iturria: EiTB (2012/09/22).

Izan ere, mundu ikuskera tradizional horrek emakumeen ikusgarritasun soziala trabatzen du. Hortaz, hedabideek emakumeak familian duten rolaren arabera aurkezteko joera dute:
Iturria: Berria (2008/05/06).

Aitak, ordea, gizon moduan erakutsi ohi dituzte, familia harremanez gain, gizartean parte hartzen duten seinale:
Iturria: Berria (2006/06/15).

Horregatik, hedabideek boterearen hizkera ez eurenganatzeko ahalegina egin behar dute. Sortu nahi duten errealitatea islatu behar dute. 

Iturria: Berria (2012/09/04).


Iturria: El Correo (2012/09/04).

Horretarako, herritarrei gertakizunen berri eman ez ezik, gizartean parte hartu dezaten, jardun berri-emaile egokia gauzatu behar dute. Gertakizuna bertatik bertara ikusi nahi duten herritarrak errespetatzea lehen urratsa da:








2012/10/01

Kazetaritza lasterrak, egiari muzin

Edonor asaldatzeko moduko albistea jaso genuen aurreko asteartean, hilaren 25ean: goizeko 06:30ean emakume bat egun biko umearekin Donostia Ospitaleko ate nagusitik atera zen eta taxi bat hartu zuen. Hortaz, hedabideek bilatu beharreko erantzunak honakoak ziratekeen:
  1. Kazetaritza-eginkizuna: Zer gertatu da? Nork egin du? Non izan da? Noiz jazo da? Zelan edo zergatik izan da posible?
  2. Botereari neurri hartzeko betebeharra: Noren erantzukizuna izan da?
  3. Gizarte-ardura: Zer neurri hartuko dira berriro gerta ez dadin?
Lehenengo eta behin, kazetaritza-eginkizunak bost W-galderen erantzunak eskatzen ditu. Hala ere, EAEko hedabide publikoek “zergatik” galderari baino, “zelan” delakoari erantzun gurago izan zioten. Taxi gidariaren laguntzeko prestutasuna buruko gaixotasuna duen emakume baten jokabidea deskribatzeko erabili zuen EiTBk. Gainera, informazioaren horikeria areagotzen zuen sarrerarekin aurkeztu zuen Euskadi Irratiak: “[Donostiako] Zinemaldiko pelikula batean bezala, […]”.

Bigarrenik, hedabideek botereari neurri hartzeko betebeharra dute. Horrenbestez, “laugarren botere” ezizena hartu zuten. Bertsio ofizialaren arabera, poliziak umea onik berreskuratu zuen. Hortaz, albiste-agentziek ez zuten gertakizunaren nondik norakorik azaldu; alderantziz, poliziaren aldeko interpretazioa datu barik zabaldu zuten:
                                                                Iturria: Europa Press (2012/09/25).

Bertsio ofizial horrek kale egiten zuen: Zelan izan zitekeen posible ospitaleko arduradunek emakumea umearekin ikusi eta, susmo txarra hartu arren, ate nagusitik irtetzen utzi izana? Goizeko 06:30ean inork altarik jasotzen du?

Hala ere, beste behin, churnalism ohiturei jarraiki, sareko hedabideek bertsio ofiziala hitzez hitz kopiatu eta zabaldu zuten, oinarririk gabeko poliziaren aldeko intrepretazioa beren eginez:
                                                                     Iturria: Deia (2012/09/25).

                                                                     Iturria: Diario Vasco (2012/09/25).

                                                                     Iturria: Naiz.info (2012/09/25).

Guztira, 234 hedabidek oinarririk gabeko eta egiaztatu bako bertsio hori, hitzez hitz, zabaldu zuen:
                                                Iturria: Google.

Informazioaren bat-batekotasunak ez du kazetaritza-jarduera okerrik zuritzen. Esaterako, denbora-tarte berean, Berriak bertsio ofizialerako distantzia markatu zuen: ez zuen plazaratu egiaztatu bako daturik, ez eta oinarritu bako poliziaren aldeko interpretaziorik bere egin ere.
                                                                  Iturria: Berria (2012/09/25)

Azkenik, hedabideen jarduna gizarteari on egitean datza. Hedabideen gizarte-arduratik ondorioztatzen denez, aurrerantzean egoera hori ez dadin errepika erantzuleek hartuko dituzten neurriak aurkeztu beharko zituzketen hedabideek. Horren ordez, lapurreta gertatu eta hurrengo eguneko egunkariek bi bertsio zabaldu zituzten: Rafael Bengoa Osasun Sailburuaren prentsaurrekoa eta Espainiako Gaixoen Babeslearen prentsa-oharra. Egia, ordea,ez da bi bertsioren erdian kokatzen; neutraltasuna kazetaritza-jarduera okerra baita.

Hedabideek ez zuten bertsio ofizialaren akatsak zalantzan ipini, eskura zituzten datuek Sailburuaren bertsioa ukatzen bazuten ere.
           1.) Zelan izan da posible ume bat lapurtzea? Goizeko 06:30ean emakume bat egun biko umearekin Donostia Ospitaleko ate nagusitik atera zen eta taxi bat hartu zuen. Segurtasun pribatuak eta kamerek ez zuten lapurketarik ekidin. Beraz, konpon daitezkeen lege-hausteetan baino ez dute balio, gauzen lapurreta kasuetan esaterako, lapurra nor izan den identifikatzeko. Umea onik buelta zedin ez dute balio izan.
Iturria: Eitb.com (2012/09/25) [Deiak, Diario Vascok eta Noticias de Gipuzkoak ere Sailburuaren bertsio bera “neutraltasunez” zabaldu zuten].

2.) Zer egin du poliziak umea berreskuratu izana segurtasun-indarrei egokitu zaiela baieztatzeko? Ospital aurrean 06:30ean erretzen zegoen gaixo baten senideari emakume batek zigarro bat eskatu zion. Ez zegoen beste inor. Alta jaso omen zuen emakume erditu berria izan behar zuen (“goizeko 06:30ean?”) eta, ezelango maletarik ez zeramanez, susmo txarra hartu zion. Konturatzean, bahitzailea taxia eskatu zuen eta alde egin zuen. Lekukoak, orduan, ospitaleko arduradunengana jo nahi izan zuen. Honakoa da bere testigantza:

  • Lekukoak: “Andre bat ikusi berri dut eta…”
  • 1. seguratak: “Bai, bai, bere atzetik gatoz. Zerbait eraman du?”
  • Lekukoak: “Zelan zerbait??? UME BAT, J***R, UME BAAAAAT!!!”
  • 2. seguratak: “...... eeeeeta nora joan da?”
  • Lekukoak: “Taxi bat hartu du, X matrikuladuna.”
  • 2. seguratak: “Eeee… Baaaaaa… Abisua eman beharko dugu…”
  • Beste herritar batek: “Dagoeneko taxien elkarteari ni neu deitzen ari natzaio. Tori nire telefonoa!!”

            3.) Taxi gidariak ez zuen poliziaren deirik jaso, taxien elkartearen ‘sms’ mezu bat baizik:

                                               Iturria: Diario Vasco (2012/09/25).

Taxi gidariak laguntzeko eta informatzeko prestutasun osoa aurkeztu zuen. Hedabideek, ordea, buruko gaixotasuna duen lagunaren deskribapena gurago izan zuten, zentzuzko galderei erantzutea baino:
  • Gidatzen ari diren taxi gidariei, oharren berri emateko, taxi elkarteak ‘sms’ mezurik bidali ohi die ala, trafiko-segurtasun neurriengatik, irrati bidez informatzen die?
  • Gidariak taxien elkartearen‘sms’ mezu bat jasotzea ohikoa izan daiteke ala elkarteak hari bidalitako mezu pribatua dela pentsa daiteke, herritar batek bere matrikula eman duelako?
  • Ertzaintzak taxia identifikatuta badauka  (zeri esker?) eta mezua bidali badio, ez litzateke logikoagoa izango nonora joateko eskatzea, bahitzailea konturatu barik, umea onik berreskuratzeko?
       
            4.) Bahitzaileak berak udaltzainengana jo zuen, umeak negar egiten zuelako: 
                                                                    Iturria:  Deia (2012/09/25).

Horrenbestez, gizarte zibilak lapurketaren berri eman, taxiaren matrikula hartu, taxien elkarteari deitu, elkarteak gidaria ohartu eta gero, udaltzainek haien ohiko lanlekuan bahitzailea eta umea topatu zituzten.

            5.) Buruko gaitzak dituzten herritarrekiko arretarik eza. Osasun Sailburuaren adierazpenen arabera, gaixo bati "ospitaletik alde egiteko" esatea eta osasun sistema unibertsala bateragarriak ote dira?
Iturria: Eitb.com (2012/09/25) [Deiak, Diario Vascok eta Noticias de Gipuzkoak ere Sailburuaren bertsio bera “neutraltasunez” zabaldu zuten].

Ondorioz, gizarte zibilak herrikideak zaintzen dituela egiaztatu da: lekukoak, telefono deia egiten zuen herritarrak, taxien elkarteak eta taxi gidariak. Kate-begi bakarrak kale egin du: hedabideek, hain zuzen. Bertsio ofizialaren propagandari eusteko daturik ez bazegoen ere, hedabideek (Berria kenduta) poliziari herritarren lana egotzi zioten:
                                                      Iturria: Noticias de Gipuzkoa (2012/09/26)

Bizikidetzari mehatxu egiten dizkioten jokabideak ekiditeko, polizia gehiago behar dugula sinestera eramango gaitu bertsio ofizial faltsu horrek. Hala ere, segurtasun pribatuak, bideozaintzako kamerek eta zenbait polizia-indarrek ez dute lege-hausterik ekiditen. Are gehiago, horiek konpontzeko ere, gizarte zibilaren parte-hartzea ezinbesteko zaie. Herritarrek, ordea, berez elkarbizitza babesteko neurriak hartzen dituzte. Kazetaritza lasterrak (edo fast journalism-ek), ostera, ez du egia bilatzeko ahaleginik egiten; alderantziz, ageriko kontraesanak barra-barra zabaltzen ditu. Profesionaltasuna alboratu eta kazetaritza lasterra sustatzen duten hedabideek gizartearekiko ardura baztertu dute.

2012/04/08

Neutraltasuna ez da kazetaritza balioa

Gizarte-eginkizuna gauzatzeko, kazetaritzak independentzia beharrezkoa du. Askatasun horrek bi adiera ditu: "from" (norengandik) eta "for" (norentzat). Alde batetik, kazetaritzak presio politikoetatik eta interesgune ekonomikoetatik indenpendente jardun behar du. Bestetik, askatasun horrek gizarteari onura ekarriko dion informazioa eskaintzeko erabiliko du. Horrenbestez, Contra la neutralidad liburuan, neutraltasuna espreski errefusatzen dituzten kazetarien ereduak (John Reed, Kapuscinsky etab.) bildu berri ditu Pascual Serranok. 

Gainera, neutraltasuna objektibotasunarekin nahastu dute, kazetariek informazioan parterik ez dezaten hartu. Hala ere, bidegabekeriaren aurrean parterik hartzen ez duen neutraltasunak bidegabekeria hori onartzea dakar. Izan ere, objektibotasunak inpartzialtasuna eskatzen du, hau da, indartsuaren edo boteretsuaren interesak ez bereganatzea.

Esaterako, apirilaren hasieran euskarazko hedabideek Espainiako marrazkilari Antonio Mingoteren heriotzaren berri eman zuten. 
                                                                               (Iturria: Berria)

Izan ere, marrazkilari espainiarraren heriotza albiste bihurtzea haren ustezko "nazioarteko sona"-ri egotz dakioke, El Correok jaso bezala. 

Mingoteren ustezko "nazioarteko son" hori Europa Press albiste-agentziak zabaldu zuen:

Hala ere, aipatutako entzute hori ezin da egiaztatu. Lehenengo eta behin, New York Times eta (Erresuma Batuko zein Australiako) Daily Telegraph egunkarien Interneteko bilatzaileek ez dute Mingoteren berririk azaltzen. Bigarrenik, The Times Wednesday egunkaririk ez da existitzen. Azkenik, The Times-eko bilatzaileak Mingoteri buruzko albiste bakarra dakar: Fernández-Armesto historia irakaslearen 2006ko iritzi artikulua da.

Horrenbestez, egiazta ezin daitekeen datua hedatu zuen Europa Pressek... eta, harekin batera, Espainiako 246 hedabidek hitzez hitz zabaldu zuten (gaztelerazko Wikipediak ere bai):

Euskal Herrian jarduten duten hedabideek ere egiaztatu bako datu hori hitzez hitz kopiatu zuten, honakoek: Antena 3 NoticiasDiario de NavarraInformativos TelecincoNoticias CuatroNoticias de Gipuzkoa, Noticias de Navarra, Público eta Rtve.es. Horra hor, erdarazko hedabideen churnalism edo lardaskazetaritzaren adibide argia.

Beraz, Mingote Espainian bakarrik ezagutzen zuten. Are gehiago, Hego Euskal Herrian populazioaren %0,6k baino ez du Mingoteren egunkaria (Abc) irakurtzen. Dena den, euskaldunok Mingoteren berri sarritan izan dugu: euskarari etengabe eraso egiten zion marrazkilaria zen. 
                                                                                  (Iturria: El disidente)


Horrenbestez, euskarazko hedabideen aseptikotasunak ez zuen Mingoteren jarduna azaldu: ustezko neutraltasunak ez zuen egiaren berri eman.
                                                                                 (Iturria: Eitb.com)
Horregatik, kazetaritzak egiarekiko gizarte-atxikimendua azaldu behar du. Bestela, propaganda hedatzeko euskarritzat hartuko dute.