Gizarte-eginkizuna gauzatzeko, kazetaritzak independentzia beharrezkoa du. Askatasun horrek bi adiera ditu: "from" (norengandik) eta "for" (norentzat). Alde batetik, kazetaritzak presio politikoetatik eta interesgune ekonomikoetatik indenpendente jardun behar du. Bestetik, askatasun horrek gizarteari onura ekarriko dion informazioa eskaintzeko erabiliko du. Horrenbestez, Contra la neutralidad liburuan, neutraltasuna espreski errefusatzen dituzten kazetarien ereduak (John Reed, Kapuscinsky etab.) bildu berri ditu Pascual Serranok.
Gainera, neutraltasuna objektibotasunarekin nahastu dute, kazetariek informazioan parterik ez dezaten hartu. Hala ere, bidegabekeriaren aurrean parterik hartzen ez duen neutraltasunak bidegabekeria hori onartzea dakar. Izan ere, objektibotasunak inpartzialtasuna eskatzen du, hau da, indartsuaren edo boteretsuaren interesak ez bereganatzea.
Esaterako, apirilaren hasieran euskarazko hedabideek Espainiako marrazkilari Antonio Mingoteren heriotzaren berri eman zuten.
(Iturria: Berria)
Izan ere, marrazkilari espainiarraren heriotza albiste bihurtzea haren ustezko "nazioarteko sona"-ri egotz dakioke, El Correok jaso bezala.
Mingoteren ustezko "nazioarteko son" hori Europa Press albiste-agentziak zabaldu zuen:
Hala ere, aipatutako entzute hori ezin da egiaztatu. Lehenengo eta behin, New York Times eta (Erresuma Batuko zein Australiako) Daily Telegraph egunkarien Interneteko bilatzaileek ez dute Mingoteren berririk azaltzen. Bigarrenik, The Times Wednesday egunkaririk ez da existitzen. Azkenik, The Times-eko bilatzaileak Mingoteri buruzko albiste bakarra dakar: Fernández-Armesto historia irakaslearen 2006ko iritzi artikulua da.
Horrenbestez, egiazta ezin daitekeen datua hedatu zuen Europa Pressek... eta, harekin batera, Espainiako 246 hedabidek hitzez hitz zabaldu zuten (gaztelerazko Wikipediak ere bai):
Euskal Herrian jarduten duten hedabideek ere egiaztatu bako datu hori hitzez hitz kopiatu zuten, honakoek: Antena 3 Noticias, Diario de Navarra, Informativos Telecinco, Noticias Cuatro, Noticias de Gipuzkoa, Noticias de Navarra, Público eta Rtve.es. Horra hor, erdarazko hedabideen churnalism edo lardaskazetaritzaren adibide argia.
Beraz, Mingote Espainian bakarrik ezagutzen zuten. Are gehiago, Hego Euskal Herrian populazioaren %0,6k baino ez du Mingoteren egunkaria (Abc) irakurtzen. Dena den, euskaldunok Mingoteren berri sarritan izan dugu: euskarari etengabe eraso egiten zion marrazkilaria zen.
Horrenbestez, euskarazko hedabideen aseptikotasunak ez zuen Mingoteren jarduna azaldu: ustezko neutraltasunak ez zuen egiaren berri eman.
(Iturria: Eitb.com)
Horregatik, kazetaritzak egiarekiko gizarte-atxikimendua azaldu behar du. Bestela, propaganda hedatzeko euskarritzat hartuko dute.
No hay comentarios:
Publicar un comentario