2013/05/13

Kirol informazioa matxista al da?

Emakumeok albisteetan izaten dugun presentzia zenbaitetan ikertu da. Hala ere, hedabideotako Kirol sailak gehienetan ez du emakumerik agertzen. Adibidez, Eitb.com-ek Realak jokatuko duen partida iragartzeari Bera Berak liga irabazi izanari baino leku hobea eman zion:

Iturria: Eitb.com

Horrelakoetan, futbolak saskibaloiak baino interes handiagoa pizten duela esan ohi da, salbu eta emakumezkoen futbola denean. Orduan, Athletic-ek bosgarren liga irabaztear eduki izana ez da ia albiste ere:

Iturria: Eitb.com

Horrenbestez, hedabideek errealitatea islatu baino egiten ez dutela justifikatzen dute. Ados, jo dezagun albisteen iturrira. Hortxe ere emakumeen kirolarekiko mespretxua nabarmena da:


Bai. Hedabideek arrazoia dute: informazio-iturriek haiek emakumeen kirola baztertzen dute... baina informazio horrekin hedabideek zelan lantzen dituzte albisteak? Bi egunetan, kirol berriak aztertu eta gero, euskarazko hedabideen gizarte-konpromisoa maila berekoa ez dela egiaztatu dugu. Honakoak dira bi asteburutako emaitzak:

Iturria: Egileak.

Iturria: Egileak.

Egun bateko azterketatik harago, joerak azaltzen dituzte grafikook. Alde batetik, Euskadi Irratiak eta Etb1ek ez dute emakume kirolarien berririk ematen, hedabide publikoak izanda, legezko agindua badute ere. Beste aldetik, Berriak eta, batez ere, Anboto Durangaldeko astekariak emakumezkoen kirola ikusi eragiteko berezko ahalegina egiten dute.

Berriak gizonezkoen eta emakumezkoen kirola parekatzeko joera du: kirolariak abizenengatik bakarrik identifikatzen ditu. Horregatik, kirolzaleak ez garenok protagonistaren generoa jakiteko arazoak izaten ditugu. Argazkia duten albisteetan, abizenen identifikazioa nahikoa litzateke. Bestela, emakumeen ikusgaitasuna eragin guran, haien agerpena trabatzen da. Anbotok, ordea, kirolarien generoa azpimarratzen du:

Iturria: Anboto (2012/10/12)

Horregatik, emakume kirolaririk ez agertzea edota gizonen kirola lehenestea hedabidearen berezko hautua da. Kazetaritza jardunak gizarte-konpromisoa eskatzen du, horrexek Athletic-en web-orria eta Eitb.com ataria bereizten duelako, hain zuzen. Kirol kazetari gehienak gizonezkoak izatea ere ez da aitzakia, Berriak eta Anbotok erakutsi duten bezala. Emakumeen kirola baztertzeak ez dio hartzaileen jakin-minari erantzuten; alderantziz, emakumezko kirolarien berri emateak jendarte parekide batean bizitzea ekarriko du.

2013/03/04

Iritzian oinarritutako manipulazioa


Hedabideen jardunak gizartean oinarrizko eginkizuna dauka. Horregatik, neutraltasuna ez da kazetaritza balioa, hedabideekaginteari neurria hartzea haien betebeharra delako. Objektibotasuna gertakaria azaltzean datza: aldeko eta aurkako argudioak ematean, hain zuzen. Horrela, hedabideek eztabaida publikoa abiatuko dute.

Objektibotasunak gertakariaren berri ematen du. Horregatik, albistegintzak azaltzen dituen argudioak gertakarian oinarrituta daude. Kazetariak iritzia tartekatzen badu, argudio hori justifikagaitz geratzen da.
Iturria: El País (2010/04/13)

Argudio horiekin bat etortzea, beraz, ideologiari dagokio. Horregatik, gertakariak azaltzen ez duen interpretazioa iritzia da:
                                                                              Iturria: El País (2010/04/13)

Kazetaritza berez guztiz intentzionala da, errealitatea aldatzea helburu duelako. Hala ere, ez du gezurrik onartzen, kazetaritzaren oinarria sinesgarritasuna delako. Herritarren sinesgarritasuna galtzen duen hedabideak ez du bere helburua aurrera eramateko biderik topatuko. Dena den, albistegintzaren objektibotasuna alboratu eta gertakaritik ondorioztatzen ez den interpretazioak gezurra ezkuta dezake. Esaterako, Espainiako Erregearekin harreman ekonomiko pribatuak dituen Saudi Arabiako printzearen lege-haustearen kasua ekar dezakegu.
Iturria: El País (2011/10/09)

El País-ek honela eman zuen Al Waleed printzearen aurkako prozesuaren berri:
  1. Zigor prozesuari bide eman zion emakumearen testigantza bakarrik jaso zuen. Balear uharteko Auzitegiaren bertsioa ere bada, baina El País-ek auzi pribatu bezala azaldu zuen.
  2. Al Waleed printzearen “dokumentuak” tituluan aipatu zituen, legezko froga balira bezala. Hala ere, ustezko erasotzaileak ez ditu epaitegian aurkeztu eta bere soldatapenkoen lekukotzak baino ez dira.
  3. Espainiako Justizia Administrazioak trabatutako zigor prozeduraren berri ez du tituluan eman.

Gai baten berri ematea edo ez azaltzea hedabidearen ildo editorialaren ondorioa da. Azalduko diren albiste guztiek objektibotasunaren arauak betetzea, ordea, kazetaritzak berak agintzen du. Horregatik, gizon boteretsuen eraso sexisten berri ematean, adibidez, bi aldeen argudioak berdintsu azaltzea hedabidearen kalitatearen erakuslea da.
Iturria: Berria (2012/08/24)

Iturria: El País (2012/08/24)

Ondorioz, objektibotasunak albisteen kalitatea bermatzen du, kazetaritza jarduerari eusten diolako. Aldiz, informazioa iritziarekin osatzea manipulazioa da, baina hedabidearen gabeziak agerian geratzen dira:
Iturria: El País (2012/04/10)



2013/02/11

Ikerketa kazetaritzaren premia dugu

Ikerketa kazetaritzak gizartearen bidegabekeriak zuzentzea du helburu. Horretarako, filtrazioak ere erabilgarriak izan daitezke. Hala ere, hedabideak abiatutako ez dator filtrazioen xedearekin bat. Horregatik, filtrazioen balioa kudeatzen asmatu behar du hedabideak. Bestela, ikuspegi merkantilistak okerrak ekar ditzake, El País egunkariaren Chávezen argazki faltsuaren informazio ezbeharra, esaterako.

Europako parlamentarien gastu justifikatuak salatu izan ditu zenbait hedabidek. Besteak beste, The New York Times egunkariak 2004an politikariek diru publikoari eragiten zizkioten gastu justifikaezinak azaldu zituen:

Alemaniako RTL telebistak Europako parlamentarien iruzur ekonomikoa dokumentatu zuen: ostiralean legebiltzarreko bulegoan fitxatzen zuten, baina lanera joan ez eta atoan hegazkina hartzen zuten. Horrela, ostiraleko soldata eta dietak ere lortzen zituzten.
Iturria: RTL (ingelesezko azpitituluekin).

Europako parlamentarien iruzur hori konpondu ez zenez, handik zazpi urtera, News of the World egunkariak zenbait parlamentariren jokabidea grabatu zuen. Besteak beste, Eider Gardiazabalek (PSE-EE) justifikatu gabeko diru-kopurua kobratu zuela egiaztatu zuen 2011ko martxoan, lan egin ez zuen egun batengatik dieta osoak ordaintzeko eskatu zuelako:

Lan egin beharrean, Gardiazabalek ez zegokion diru-kopurua kobratzeko gestioa egin eta aireportura abiatu zela dokumentatu zuen egunkariak. Gainera, ikusi dugunez, zenbait hedabidek aurretik salatutako jarduera zen. Horrenbestez, 2004tik gaitzesten zen jarduera zuritzeko asmoz, Gardiazabalek bere alderdiarentzako lana eta Europako Batasunerako lana nahastu zituen. Hedabideek, baina, ez zuten bi lanon arteko aldea azaldu. Gardiazabalen adierazpenak haien horretan zabaldu zituzten, argudio guztiak egiazkoak balira bezala:

Iturria: El Correo

Hedabideen eginkizun nagusia aginteari neurria hartzea dela kontuan izanik, diru-iruzurraren hilabetera Gardiazabalek Europako parlamentariak hegaldi arruntetan bidaiatzearen aurkako botoa eman zuen, diru publikoarekin business hegaldiei eusteko. Hala ere, hedabideek ez zuten Gardiazabalen botoa bere testuinguruan azaltzeko aurreko hileko iruzurra aipatu.
Iturria: El Correo

Horrenbestez, Europako Parlamentuak ez du dieten gastu justifikatugabeen auzia oraindik konpondu. Izan ere, parlamentariek aparteko diru-sari justifikatugabe hori kobratzen jarrai dezakete. Gainera, jokabide horrek ez diete desgaste politikorik ekartzen, hedabideek ez dutelako haien lana egoki betetzen.

Beraz, iturriaren gezurrak azaleratzen ez dituen kazetaritzak agintearen filtrazio interesatuak zabaltzen ditu. Ikerketa kazetaritzan, ordea, albistearen ekimena kazetariarena edo hedabidearena da, errealitatean eragin nahi dutelako. Esate baterako, Argiaren ikerketa batek euskarazko egunkaria bideragarria zela egiaztatu zuen. Imanol Murua Uriak eta Iñaki Uriak Iñaki Zarraoa Kultura Sailburuordeari elkarrizketa egin zioten Argian. Bertan, euskarazko egunkariaren bideragarritasuna aztertzeko, Joseba Arregi Kultura Sailburuak eskatutako txostenaren emaitzengatik galdetu zioten Zarraoari.  
Iturria: Argia

Hurrengo alean, Argiak azterketa horren emaitzak jasotzen zituen dokumentua plazaratu zuen. Euskarazko egunkari baten irakurleen soslaia honela definitu zuen txostenak:
  • Boto-emaileei zegokiela, %34,1 ezker abertzalearen jarraitzailea litzateke eta %5,4, jeltzalea. Zarraoak "ideologia askotako jendea" zela azpimarratu zuen.
  • Lerro editoriala ezker muturrekoa izatearen alde %32,4 azaltzen zen eta ezkerrekoa, %16. Elkarrizketan, txostenak mutur politikorik gabeko soslaia iradokitzen zuela esan zuen.
  • Azterketak 21.000-26.000 ale aurreikusten zituen eta ez, 3.000-9.000.
  • Irakurleei Euskal Herriko informazioa (%40,9) eta tokian tokiko albisteak (%31,7) interesatzen zitzaizkiela agertzen zen. Kirol Saila interesik txikiena eragiten zuen.


Iturria: Argia

Hortaz, ikerkuntza kazetaritzaren helburua bidegabekeriak azalaratzea da, gizarteak errealitate hori aldatu ahal izateko. Horregatik, ekimena kazetariari edo hedabideari dagokio eta auzia argitu arte informazioa bilatzeari ekiten diote. Horrela bakarrik hedabideek gizarteari ekarpena egingo diote.

2013/01/28

Informazio-ezbeharrak: bi adibide

Aurreko astean Espainiako El País egunkariak Venezuelako presidentearen hilzoriko argazkia lehen orrira eraman zuen. Hala ere, irudikoa ez zen Hugo Chávez. Orduan, El Paísek egunkariaren ale guztiak kioskoetatik jaso zituen. Gainera, azalean ez ezik, barruan ere argazkiaren "nazioarteko esklusibotasuna" goraipatu zuen El Paísek:

(Iturria: El Mundo)

Hortaz, El Paísek egunkariaren beraren azalpena garrantzitsua da: Chávezen osasunaren inguruko informazioa egiaztatzeko ezintasunak argazki faltsua justifikatzen du. Paperezko edizioa topatzerik ez dagoenez, El Paísek emandako azalpena aurreko egunean zabaldutako informazioarekin bat ote datorren alderatzeko aukera ekidin nahi izan zuten. Horrela, azalpenean, egunkariak informazio okerra atzemateko ezintasuna aipatu zuen: 

(Iturria: El País)

Hedabideek plazaratutako mezu faltsuari informazio-ezbehar esaten zaio. Informazio-ezbeharrik ezagunenak 2003an azaldu ziren, AEBko bi egunkaririk entzutetsuenek (New York Timesek eta USA Todayk) asmakizunetan oinarritutako albisteak plazaratu izanagatik jendaurreko azalpena eman zutenean. New York Timesek Irakeko berri-emaile berezi Jayson Blair kaleratu zuen orduan. Blairren Irakeko kronikak asmatuak ziren: jasotako adierazpenak ez zituzten aipatutako iturriek egin; aipatzen zuten zenbait iturri, gainera, ez zen existitzen. Izan ere, informazio-ezbeharrak entzute handiko albisteak izaten dira. Horrenbestez, albisteen edukia egiazkoa izan arren (gertakizuna, alegia), hura osatzeko kazetaritza-lana asmatua da: iturriak, adierazpenak, etab. Alde horretatik, Chávez gaixorik egoteak haren inguruko informazio okerra biderkatu du. Hedabideen oinarrizko egitekoa albisteak egiaztatzean datza, gaininformazioaren garaian, batik bat.

El Paísek argitaratu zuen Chávezen argazki faltsuaren egilea Tommasso Debenedetti kazetari [sic] italiarra da. Italiako egunkari askok 2006tik DeBenedettiren zenbait elkarrizketa faltsuak argitaratu zituzten. Azkenean, 2010ean 25 elkarrizketa faltsu egiaztatu zituzten. El Paísek Italiako egunkarien informazio-ezbeharren berri eman zuen:
(Iturria: El País)

Are gehiago, El Paísek DeBenedetti bera elkarrizketatu zuen. Nahi barik, kalitatezko egunkarien ezaugarria azpimarratu zuen: atxikimendu ideologiko-ekonomikoa, hain zuzen. El Paísek Espainiako erregearen hilzoriaren argazkia argitaratuko luke?
(Iturria: El País)

New York Timesek, ordea, erredakzioan bertan ikerketa abiatu zuen. Ondoren, Blair kaleratu zuen. Irakurleei zor dien begiruneari jarraiki, auzia lehen orrian bertan aurkeztu zuen:
(Iturria: New York Times)

Okerreko informazioaren eta, batez ere, informazio-ezbeharren kostua altuegia da, hedabideak sinesgarritasuna galtzen duelako. Sinesgarritasuna, gainera, komunikazio-enpresen bideragarritasunaren oinarria da. Orduan, informazioaren egiazkotasuna bermatzeko asmoz, egileek kazetarion lan-baldintzak hobetzeko eskatu dute. New York Times-eko kazetariak, esaterako, ez zuen Kazetaritza Lizentziatura amaitu, baina egunkariak ez zuen datu hori egiaztatu. El Paísen kasuan, 129 langile kaleratu izana egotzi diote. Izan ere, kalitateak okerreko informazioa zuzentzea baino konpromiso handiagoa eskatzen dio hedabideari. Aginteari neurri hartzea hedabideen ekarpen soziala da. Era berean, auzia aurkezteko moduak eta gardentasuna bermatzeko neurriek hedabidearen profesionaltasunaren maila agerian uzten dute.