2011/11/13

Adierazle ekonomikoen ideologiaz

Politika ekonomiko ezberdinak bultzatzen dituzten hedabideek ekonomiaren norabidearen berri emateko antzeko adierazleei erreparatzen diete, biri batez ere: burtsa eta hazkunde ekonomikoa.

Lehenengo eta behin, Europako burtsak gobernuek hartu beharreko neurri ekonomiko neoliberalen erreferendum bihurtu dira. Are gehiago, erabaki politikoei oniritzia ematen diete: greziarren galdeketa gaitzetsi dute eta italiarrek hautatu ez duten lehendakaria txalotu dute. Hala ere, burtsak ez du herriaren aberastasunik islatzen. Izan ere, 2006an Espainiako 1.400 lagunek (populazioaren %0,0035ek) Ibex-35eko %20,14 zuten (Barne Produktu Gordinaren –BPGren– %80,5en parekoa).

Bigarrenik, hazkunde ekonomikoak herrialdearen BPGren balioaren handitzea agertzen du. Dena den, hazkunde ekonomikoa ez dator aberastasunarekin bat eta, are gutxiago, aberastasunaren banaketarekin. Horren adibide Afrika dugu, gehien hasi diren ekonomien kontinentea da-eta. Era berean, Hego Euskal Herriko populazioaren %1,3 BPGaren %44,4 bestekoaberastasunaren jabe da.

Beraz, azken urteotako soldaten jaitsierak langileen txirotzea ekarri du. Alde batetik, urteko soldata igoerarik izan dutenek KPI erabili dute oinarri. Prezioen gehikuntza neurtzen duen adierazle ekonomiko horretan etxebizitzaren alokairuak janariaren erdiko balioa du. EAEn, aldiz, herritarren gastu nagusia etxebizitza ordaintzea da eta horren gehikuntza ez da KPIrekin bat etorri. Are gehiago, inflazioa kontrolpean mantentzeko, Europako politika neoliberalek interes-tipoak igotzeari ekin diote. Ondorioz, hipoteken ordainketaren gehikuntza areagotu du Euriborrak.

      Bestetik, 2007an EAEko presio fiskala %33,2koa zen eta Nafarroan, %32,5ekoa; baina Hego Euskal Herrian gobernuek zerga ez-zuzenak igo dituzte. Horrenbestez, langileentzako zama fiskala gainerako taldeentzat baino handiagoa da oraindik.

        Ondorioz, Espainiako langileak txirotasunetik bi soldatatara daudela iragarri dute kontsumitzaile elkarteek. Izan ere, ekonomia hazten zenean ere, soldatek gero eta eros-ahalmen urriagoa ematen zuten. Horren erakusle dugu EAEko txirotasun-arriskuaren tasak behera egin ez izana langabeziaren datuak ikaragarri hobetu ziren hazkunde ekonomikoaren sasoian (2005-2006).

Beraz, ohiko adierazle ekonomikoek garairik oparoena agertzen zuten aldian bertan, Espainiako langileen soldateek ez zuten 1995-2005 bitartean gehikuntza errealik izan. Alderantziz, 1995-2006 bitartean, hazkunde ekonomikorik handienean, Espainiako soldata errealek %5,94ko beherapena izan zuten. Aldi berean, urtean 18.500 euro baino gutxiago irabazten dituzten langileak gero eta gehiago izaten hasi ziren (%57,8tik %60ra). Horrenbestez, soldatarik txikiena duten langileeekin alderatuta, enpresaburuen irabaziak 100-200 bider handiagoak dira orain (duela hogei urteko aldea baino hamar aldiz handiagoa, hain zuzen). Horrek gizarte-hausturaren berri ematen du: Espainian 2007an lan egiten zutenen %9,6 txirotasun-tasan sartzen ziren, baina inguruko senitartekoek ekonomikoki eusten zieten.

Hedabideek burtsen kotizazioa, hazkunde ekonomikoa, KPI, EAEko turismo tasak (ostatu hartzeak) etab… zabaltzen dituzte, baina adierazle ekonomiko horiek ez dute gizarte-hausturarik islatzen. Politikariek herritarren subiranotasuna merkatuei eman dietenean, subiranotasun informatiborik eska dezakegu? Adierazle ekonomikoei irizpide neutro iritzita, politika neoliberalak onartzera eraman ohi gaituzte?

2 comentarios:

  1. Julio Anguitak ederki laburbiltzen du zer mezu heldu zaigun hedabideetatik: "Hemos vivido por encima de nuestras posibilidades"!! Ba ni ez!!!

    Lotura: http://www.youtube.com/watch?v=lMmx7vEAAbQ&feature=player_embedded#

    ResponderEliminar
  2. Eskerrik asko zure ekarpenarengatik.

    (maria gonzález gorosarri)

    ResponderEliminar