2012/11/12

Hizkerak matxismoa betikotzen du

Hizkuntzak mundua erakusten du. Horregatik, premia aurreikusigabeei erantzuteko, hitz berriak sortzen ditugu. Adibidez, "lur hartu" esamoldeak ez zuen balio ilargirako bidaiarako. Orduan, "ilargiratu" aditza sortu zutela gogoratu ohi du Teresa Meana hizkuntzalariak. 

Era berean, hizkera zerbait ezkutatzeko baliabide nagusia da. Gurean, hizkuntzaren erregistro maskulino baztertzaileak helburu horixe betetzen du. Euskaraz generorik ez dagoela esan ohi den arren, euskaldunek ere maskulino baztertzailearen alde egin dutela egiaztatu dugu. Horren oinarrian, gizona gizartearen erdigunetzat hartzeko ikuskera dago. Ondorioz, dagokion gizonarekiko egoeraren arabera definitzen dute emakumea. Adibidez, arreba-ahizpa-anaia-neba (hurrenkera alfabetikoa) azaltzeko, "neba-arrebak" esamoldea bizkaitartzat jo du Euskaltzaindiaren Hiztegi Batuak:

Euskaltzaindiak "anaia-arrebak" hobetsi du, gizonaren ikuspegia bakarrik agertzen duen esamoldea bada ere. Hau da, "anaia" gizonaren anaia da eta "arreba", gizonaren arreba: 

Hedabideek maskulino baztertzailearen bidea jarraitu dute, Bizkaian informatzeko bizkaierazko gainerako berbak erabiltzen badituzte ere:
Iturria: Berria (2010/07/17)

Hortaz, hizkuntzaren sinplifikazioak ez du "anaia-ahizpak" parekidea edo "ahizpa-anaiak" esamolderik onartu, bigarren horrek zolitasun handiagokoa bada ere: [aizpanaiak] ahoskatuko litzateke.

Albistegintzan, gainera, gizona informazioaren erdigune bihurtzeko joera zabaldu da. Esaterako, gizon batek bi gazteri eraso egin zienean, biktimak identifikatzeko, hedabideek "gazte" bat eta horren "bikotekidea" bereiztu zituzten: 
Iturria: Deia (2012/09/03)

Erasoaren helburua emakumea bazen ere, gizonaren bikotekide bezala baino ez zuten aurkeztu:

Iturria: Deia (2012/09/03)

Emakumeak gizartean ezkutatzeko egiturarik garrantzitsuena ezkontza da. Orduan, gizon publikoen emazteak erretaguardian daude. Horregatik, hainbatetan, emakumeek ez dute izenik, "gizon ezagunen emazteak" baino ez dira:
Iturria: Eitb.com (2012/10/14)

Hala ere, emakumearen izena ematean, pertsona moduko begirunea aintzatesten diote hedabideek. Gainera, gizon publikoen emaztearen konpromisoa agertzeak errealitatea hobeto islatzen du:

Iturria: Berria (2012/10/16)

Gainerako gizonezko buruzagien emazteekin ere, joera bera egiaztatu dugu. Berriak izen-abizenekin aurkezten dituen bitartean,
Iturria: Berria (2009/02/24)

emakumeak ezkutatzen dituzten hedabideak topatu ditugu:
Iturria: El Correo (2007/02/01)

Emakumeak ezkutatzen dituztela diogu, haien nortasuna jakitera ematen dutenean, emakumeak lagunarteko hizkeran eta abizen barik aurkezten dituztelako. Izan ere, argazkirik ere ez dute merezi:
Iturria: El Correo (2009/01/09)

Kazetaritzaren ikuspegi profesionaletik, emakumeak ezkutatzeak edota barregarri agertzeak ez du emakumeen parte-hartzea islatzen. Gizona erdigune bihurtu duen gizarteak emakumea dagokion gizonaren arabera aurkezten du. Are gehiago, "gizarte" berbak ere gizonaren ikuskera baztertzailea betikotuko du. Hala ere, "jendarte" hitza ez dute gizartearen sinonimotzat hartzen, talde txikiari erreferentzia egiten diolakoan. "Webgune" eta  "bertxiotu" asmatu dituen herrian bizi bagara, zergatik ez diogu gure munduari izen parekiderik emango?

4 comentarios:

  1. 'Gizarte'/'Jendarte' bereizketa hori ez dut argi ikusten, eta zaila egiten zait 'jendarte' jatortasunez erabiltzea. 'Gizarte' 'gizon'-etik dator? 'Gizon arte'? Beste hitz badago, 'gizaki', eta oraingoz inork ez du zalantzan jarri. 'Jendaki' erabili beharko genuke? Agian bai

    ResponderEliminar
    Respuestas
    1. Gabon.
      Nola ezetz? "Gizaki" erabiltzea ekiditzea duela 25 urte erakutsi zidaten institutuan, "gizon zati"tik baitator. Horren ordez zein erabili? Nik ere ez dakit.

      Eliminar
    2. Aupa

      Ez dakizu, edo ez zara oroitzen? Zeren 25 urte gure espeziea izendatu gabe pasatzea asko iruditzen zait. Gaztelaniaz argia da. 'El hombre' terminoa zakarki erabili da 'ser humano' edo soilik 'humano' neutroagoa orokortzen hasi den arte. 'Gizarte' terminoa baztertu behar badugu matxista delako, ez zait koherentea iruditzen 'gizaki' mantentzea (eta mantendu egiten da, alternatibarik ez delako plazaratu). Zeren 'gizarte' zer da, 'gizon arte', edo 'gizaki arte'? Eta 'gizaki' 'gizon zati' da seguru? Filologoak ere mintzatzea ez legoke gaizki

      Eliminar
  2. Eskerrik asko hiruei eztabaida abiatzearren. "Jendarte" berbaren proposamena Bilgune Feministari eta Emakumenderi irakurri diet. Hala ere, ez du aurrera egin. Gara-k bakarrik erabiltzen du.

    Bide batez, "jendartea" latinerazko "gens"-etik dator? Ingelesezko Wictionary-aren arabera, "gens" leinua zen; berba horretatik generoa ("gender") ere eratortzen ei da. Oso interesgarria iruditu zait: http://en.wiktionary.org/wiki/gens

    ResponderEliminar