2012/12/03

Ikusteak ez dakar gertaera ulertzea

Bat-batekotasunak kazetaritza lasterra (edo fast journalism) ekarri du. Gertakizunek jazoera bera azaltzen dutela uste da. Horregatik, albisteek gertaeraren berri ematen dute, baina ez dute horixe azaltzen. Ignacio Ramonetek azaldu bezala, "albistea ikusteak ez dakar gertaera ulertzea". Ondorioz, auto-istripuen albisteak jasotzen ditugu, baina ez dute ezbeharrik ekiditeko aholkurik ematen (txingorrarekin zelan gidatu, adibidez) edo, istripurik izanez gero, zer egin.
Iturria: Eitb.com (2012/11/28)

Kazetaritza lasterraren arinkeriak ondorio larriak ekarri dizkio albistegintzari. Alde batetik, hedabideek beste baten informazioa bere egiteko joera azaldu dute. Horrela, egiaztatu ez duten gertaeren egiantzekotasuna sustatzen dute. Beste aldetik, bat-batekotasun horrek informazioan sakontzeko astirik ematen ez duenez, hedabideek politikarien adierazpenak haien horretan hedatzen dituzte, egia esaten ari diren ikertu barik. Adibidez, asteburu honetan Garellano erregimentuaren inguruko bi albiste ekarri ditu Iñaki Azkuna Bilboko alkateak. Alde batetik, ostiralean Espainiako ejerzitoaren erakusketa inauguratu zuen Azkunak:
Iturria: Gara (2012/12/01)

Erakusketa horrek, gainera, Espainiako ejerzito faxistaren apologia egiten du, baina Garak ez zuen hori nabarmentzen asmatu:
Iturria: El Correo (2012/12/01)

Era berean, adierazpenak bakarrik jaso zituenez, El Correok ezin izan zuen Azkunaren hitzak edukirik gabekoak zirela azaldu. Izan ere, Bilboko udalaren aurtengo proiektu nagusia Garellanoko eraikin historikoa bota eta etxebizitzak eraikitzea izan da.
Iturria: Argia (2012/10/14)

Beste aldetik, faxismoa goraipatzen duen erakusketa zabaldu eta hurrengo egunean, Azkunak 1936ko Garellano batailoiaren lana gogoratu zuen, gudariei buruzko liburu baten aurkezpenean:
Iturria: Deia (2012/12/02)

Horrenbestez, politikarien jarduera demagogikoa agerian geratu da, baina hedabideek ez dute horren berri eman. Garellano batailoiari esker ona adierazi arren, bere oroimena ezabatu du Bilboko udalak, bideragarriak izaterik ez duten etxebizitzak egiteko. Aldi berean, diskurtso hori ukatzen duen apologia faxista ahalbidetu du Bilboko alkateak, Espainiako ejerzitoari erakusketa egiteko udalaren beste eraikin bat eskainiz. Hala ere, Azkunaren adierazpenak bakarrik jasoz, hedabideek ez dute alkatearen jarduera inkoherentea azaldu. Albistearen aurrekaririk ("nondik" galdera) eta testuingururik eman ez dutenez, Garak, El Correok eta Deiak ez dute haien ildo editorialari eusten asmatu. Testuingururik gabeko albisteak zabaltzean, haien mundu-ikuskera oinarritzeko argudioak galdu dituzte hedabideek: 
  • Garak ejerzito faxistaren armak erakusgai daudela sala zezakeen; 
  • El Correok alkatearen baieztapena faltsua zela egiazta zezakeen, Garellano "Bilboko toponimikoa" bada ere, eraikin horixe bota berri duelako; eta 
  • Deiak, azkenik, Garellanoren adibidea aipatu arren, horri ez eusteko udalaren arrazoi "sendoak" gogora zitzakeen, Azkunaren aldeko herritarrek haren argudioak parteka ditzaten.

No hay comentarios:

Publicar un comentario