2013/07/15

Objektibotasuna, neutraltasuna eta independentzia bereizteko ahalegina

Zenbat datu eman behar ditu albiste batek? Zeintzuk? Izan ere, informazioaren mugak ez dituzte albiste-iturriek ipini behar. Azken asteotako eztabaida horrek kazetaritzaren hiru kontzeptu nahastu ditu, baina: objektibotasuna, neutraltasuna eta independentzia. Lehenengo eta behin, objektibotasuna albistegintzaren metodo zientifikoa da. Hortaz, objektibotasunak kazetaritza jarduera bideratzen du. Alde batetik, gertaeraren berri emateko kazetaritzaren bospasei W-galderen erantzunak eta gertaerak jendearteari ekarriko dizkion ondorioak azaldu behar ditu albisteak. Bestetik, inpartzialtasunez jarduteak bi ikuspegi edo interpretazio eskaintzeko eta informazioa osatzeko irudiak erakusteko agintzen du.

Hala ere, kazetariek informazioan parterik hartu ez dezaten eskatzeko, "objektibotasuna" edo "inpartzialtasuna" eskatu ohi dizkiete, neutraltasunaz ari diren bitartean. Neutraltasuna, beraz, bidegabekeriaren aurrean parterik ez hartzea dakar. Agintearen interesak azaldu ezean, bidegabekeria hori onartzea dakar. Horregatik, kazetaritzak egiarekiko gizarte-atxikimendua azaldu behar du eta horrexek ezin dezake neutraltasuna kazetaritza-baliotzat hartu. Izan ere, informazioa bera ez da neutroa: 

Iturria: Eitb.com (2013/04/05)

Albiste horrek ez du azaltzen fiskala organo hierarkikoa dela eta, beraz, bere jarduera Espainiako Justizia Ministroak agintzen duela. Kontua da Ruiz-Gallardón Ministroaren ardurapeko Madrilgo Udala ere kasuan inplikatuta dagoela. Horixe zehaztea oinarrizkoa da, bi hilabete aurreragoko informazioa delako, eta inputazioaren helegitearen albistea ulertzeko ezinbestekoa delako:

Iturria: El País (2013/02/08)

Azkenik, independentziak albisteak emango dituen datuen kontua argituko digu. Gizarte-eginkizuna gauzatzeko, kazetaritzak independentzia beharrezkoa du. Askatasun horrek bi adiera ditu: "from" (norengandik) eta "for" (norentzat). Alde batetik, kazetaritzak presio politikoetatik eta interesgune ekonomikoetatik independente jardun behar du. Bestetik, askatasun horrek jendarteari onura ekarriko dion informazioa eskaintzeko erabiliko du. Azter ditzagun azken hilean sortu diren zalantza profesionalak:

1.) Bilbon eraildako emakumeak prostitutak zirela esatea komeni da?
         Bilbon gizon batek emakume bat lonja batera indarrez sartzen ikusi zuen lekukoak Ertzain-etxera jo zuen. Ertzaintza heldu zenean, emakumea hilzorian zegoen. Hitzik egin ezin bazuen ere, ertzainen prentsa-oharra emakumea prostituta zela zehaztu zuen. Hedabideek Ertzaintzaren aurreiritzi arrazistak zabaldu zituzten:

Iturria: Eitb.com (2013/06/03)

Izan ere, hiltzaileak emakumea bere gogoz kontra sartu bazuen, ez dago prostituzio harremanik, indarkeria baizik.
Iturria: El Correo (2013/06/04)

Ildo beretik, hedabideek atxilotuaren izen-abizenak eta argazkiak zabaldu zituzten, errugabetasun presuntzioa urratuz. Are gehiago, ustezko egilearen ertzainen aurreko aitorpenak hedabideetara filtratu ziren:
Iturria: El Correo (2013/06/04)

Horrela, atxilotuak dioelako, emakumeak "prostitutak" dira, haiek bahitzerakoan prostituzio jardueran aritu ez baziren ere, indarrez edo engainuz eraman zituelako.
Iturria: Eitb.com (2013/06/06)

Horrenbestez, mugimendu feministak albistearen trataera gaitzetsi zuen:
Iturria: Berria (2013/06/13)

Dena den, Berriak atxilotuaren inguruko daturik zabaldu ez zuela nabarmendu behar da.
Iturria: Berria (2013/06/05)

Era berean, Anbotok gertuko errealitatearen berri eman zuen:
Iturria: Anboto (2013/06/14)

2.) Emakumeek salatzen ez dituzten San Ferminetako ekintzak eraso bezala aurkeztea zilegia da?
              San Ferminetako giroa irudikatzeko, argazki kopuru zenbaezina erakutsi dute hedabideek. Irudiek gertaerak berbek baino hobeto islatzen dituztelakoan, irudietan bertan agertzen diren sexu-erasoak identifikatu ez eta jai-giroko ezaugarri barregarritzat aurkeztu dituzte, emakumeek erasoari aurre egin arren. Horrela, erasoa azaltzen duen argazkia ez dute interpretatu:

Hedabideek jai-giroaren berri emateko erabili duten argazki berberak Espainiako Berdintasunerako Estatu-idazkariaren gaitzespena ilustratzeko balio izan du:
Iturria: Rtve.es (2013/07/06)

Iturria: El Mundo (2013/07/12)

Hala ere, hedabideek argazki horietan ikusten diren erasoekiko neutral ez izateko betebeharra dute. Hortaz, argazkietan emakume batzuek haien nikia kentzen dutela ematen du, baina nikia eta titizorroa gizonek kentzen dizkiete, jazartzeko. Hedabideek, ordea, emakumeen harridura-irribarrearekin, aurreiritzi matxistak zabaltzen dituzte: titiak erakusten dituen emakumea erasoak pairatzearen erruduna da. 
Iturria: Público (2013/07/06)

Arduradun politikoen ekimenez informatu beharko bagenu, Udalari erasoen harira adierazpenik ez eskatzera eramango gintuzke. Horrek, beraz, buruzagi politikoen interesen arabera informatzea ekarriko luke. Dena den, agintearengandik independente jarduteko, jendartearen aldeko jarduera eskatzen du kazetaritzak:
Iturria: Berria (2013/07/14)

Horrenbestez, independentziaren printzipioak kazetaritza-jardueraren iparra adierazten du. Hedabideek aginte politikotik eta ekonomikotik aske jardun behar dute, jendarteari onura ekarriko dion albistegintza eskaintzeko. Askatasun horrek agintearen informazioari aurre egiteko eskatzen du: polizia iturriei, albiste-agentziei eta irudiei haiei. Arantxa Urretabizkaiari Euskadi Irratian entzun nion kazetaritzari ez dagokiola erakustea edo seinalatzea, begiekin ikusten duguna azaltzea baizik.

2 comentarios:

  1. Kazetaritzari dagokionaz haratago, hartzaileari badagokio interpretazioaren ahalegina egitea. Interpretazioak dakar testuingurua aztertzea eta gertakarien sorrera, zergatiak eta ondorioak ezagutzen ahalegintzea. Hori lan samurra ez denez, joera izaten da desinforazioa besteei, hedabideei, kazetariei, leporatzea. Jakiteak eta ulertzeak patxada eta lana eskatzen du. Sanferminetako irudi iraingarri eta penagarri asko eta asko egunerokoaren muturreko islada dira. Hedebide askok eskaintzen dutena, berdin. arantxa

    ResponderEliminar
  2. Eskerrik asko, Arantxa, zure iritzia ematearren. Ondo informatuta egotea oso garestia da, denbora asko eskatzen duelako. Horregatik, albistea ulertzera emateko lan hori kazetariei dagokie, jardun profesionalean dihardutelako. Gainera, horrela gainerako hedabideetatik ere bereizten dira eta, azken batean, horrek hartzaile berriak ekarriko dizkio hedabideari.

    Bestela, hedabide guztiek mezu bera zabalduko dute, Espainiako egunkariek egin duten antzera (Públicok eta El Mundok, batez ere): txupinazoaren irudiak barra-barra barre artean zabaldu zituzten, haien web-orrietako blogari feministak irudiak kritikatu, Estatu ordezkariek gaitzetsi eta egunkariek haiek argazkiak deitoratu. Horrelakoetan, hedabideek ez dute berezko ekimenik: agintearen interesen arabera informatzen dute. Horrelakoetan, neutraltasunez jarduten duten hedabideek agintearen bozeramaile-lanak baino ez dituzte egiten.

    ResponderEliminar