2012/03/11

Emakume langabetuen egunekoak

Emakumeen Nazioarteko Egunean hedabideek mugimendu feministak ikusgai bihurtu ohi dituzte. Hala ere, Athletic-ek jolasten duenean, hedabideon lehentasuna partidu hori iragartzea bihurtu da:
                                                                                    (Iturria: Eitb.com)
Krisialdi ekonomikoak gizartearen muinari eragingo dionez, aurtengo Martxoaren 8ak emakumeen lan-baldintza eskasak azaleratu nahi izan ditu. Berriak aldarrikapenak lehen orrian eraman zituen:
                                                                                   (Iturria: Berria)
Ildo beretik, Euskadi Irratiko 'Andromeda' saioak "Emakumea etxera bidaliko dute berriz" izenburupeko solasaldia aireratu zuen.

Etb1ek, azkenik, sindikatuen ohiko manifestazioez gain, berezko erreportajea ere aireratu zuen: "Zer erlazio dute belaunaldi ezberdinetako hiru emakumeek lan-munduarekin?". Hiru emakumeok lana bilatzeko zailtasunak azaldu zituzten.
video
                                                                                (Iturria: Eitb.com)

Erreportajeak 'infortainment' ezaugarriekin landu zuen emakumeen langabeziaren auzia. Hortaz, telebista publikoak protagonista anonimoen adierazpenetatik errealitatea azaldu nahi izan zuen. Horretarako, baina, ez zuen emakumeen langabeziaren inguruko daturik eman. Are gehiago, erreportajeak gizonezkoen langabezia azaltzeko ere balio lezake.

Beraz, telebista publikoak Emakumeen Nazioarteko Egunean ere ez zuen andreon eskubideen urraketaren berri eman. Hala ere, asteon sindikatuek argitaratutako 2011ko datuen arabera, emakumeen eskubideen zapalkuntzak genero irakurketa argia du
  1. Espainian lanik bilatzen ez duten emakume gehienek etxeko ardura daramatelako da; lanik bilatzen ez duten gizonezko gehienak, ostera, jubilatuta daude (4. zenb.).
  2. Lan-mota guztietan, emakumeek gizonek baino gutxiago kobratu zuten 2011n (36. zenb.). 
  3. Kualifikaziorik gabeko lanetan, emakumeen portzentajea gizonena baino zazpi aldiz handiagoa da (17. zenb.).
  4. Emakumeen %24,7k lanean sexu jazarpeneko jokabideak antzeman zituen 2011n (50. zenb.).
  5. Egunean etxeko ardurari hiru ordu baino gehiago eskaini zizkioten emakumeen %21,4k eta gizonen %4,5ek (55. zenb.).
  6. Arduraldi erdiz egiten den lanaren %79 emakumezkoek gauzatzen dute (22. zenb.).
  7. Langabetuen erdia emakumezkoak izan arren, langabezia-saria kobratzen dutenen %39 baino ez dira (13. zenb.).
  8. Hala ere, emakumeek guraso bakarreko familien %90eko sostengu ekonomikoa osatzen dute (57. zenb.). 
  9. Emakumeek erretiro-pentsioen %35,8 bakarrik jasotzen dute eta, gainera, gizonek baino 400 euro gutxiago kobratzen dituzte (47. zenb.).
  10. 65 urtetik gorako emakumeen %31k eguna ilobak zaintzen ematen du (66. zenb.).

Horrenbestez, Etb1ek ez zuen Martxoaren 8an emakumeen lan-eskubideen zapalkuntza ulertzeko gakorik eskaini. Aldiz, Etb1ek tonu paternalista erabiltzen du, emakumeek soldataren truke egiten den lana gauzatzen dutenean. Horrela, emakumeon lana senarraren soldataren osagarri moduan aurkezten du eta emakumeok lanik ez egitea, krisialdian eutsi ezineko luxuaren antzera. Adineko emakumeek arduraldi erdiz kualifikaziorik gabeko lana onartu behar izateari itxaropentsu deritzo, emakume horrek pentsio eskubiderik izango ez duela jakinda ere. "Emakumeek etxekoandre izaterari utzi diote lana bilatzeko" (2012/03/06) erreportajea horren adierazle dugu:
video
                                                                             (Iturria: Eitb.com)

Aurreko batean, hedabideek plazaratzen dituzten albisteei ikuspegi feministatik begiratu behar ote lioketen galdetu genuen. Martxoaren 8ko trataera mediatikoak egiaztatu duenez, emakumeen eskubideekin konpromiso feministarik hartzen ez duten hedabideek eskubide horien urraketari zilegitasun soziala aintzatesten diote.

No hay comentarios:

Publicar un comentario