Etb2ko ‘Ni más ni menos’ saioak tertuliakide anonimoak hobesten dituela-eta, Gasteizko Martxoak 3ko kideek ezin izan zuten haien gizarte-eskaria plazaratu, Manuel Fraga Iribarne ministro frankistaren aldeko omenaldiak antolatzen hasi zirenean. Alderantziz, ‘Ni más ni menos’ saioak Martxoak 3 elkarteko bozeramailearen parte-hartze anonimoa bultzatu gura zuen: “Andoni, de Vitoria”. Martxoak 3 elkarteak ez zuen horrelakorik onartu. Dena den, beste dei anonimo batek parte hartu zuenez, telebistak elkartearen gizarte-eskariari ez zion zegoeneko saiorako beharrezko iritzi: Fragak zuzendutako poliziak Gasteizen bost langile hil zituen, 1976an, eta ehun bat lagun zauritu zituen, hain zuzen. Poliziaren tiroek etxean arropa plantxatzen zebilen neskame bat ere zauritu zuten, zabalik zegoen ondoko gelako leihotik bala bat sartu zelako. Espainiako Gobernuak Fraga epaitu barik hiltzen utzi du.
(Iturria: Martxoak 3)
‘Ni más ni menos’ saio horri, hilabete batzuk lehenago, Aritz Galarragak honakoa eskatu zion Berriako ‘Ekografia’ zutabetik:
“Baina, noski, ‘Ni más ni menos’ saioari ari gara eskatzen hori, esateko zerbait duten gonbidatuak ekartzea. Eta, kasu horretan, agian, galdetu beharko genuke ez bakarrik tertuliakideek zerbait ekartzen duten, baizik eta programak berak ba ote duen esateko edo ikusleari emateko ezer, edo oilategia, espektakulua baino ez duen bilatzen, ikusle gehiago izatea helburu.” (2011/09/17)
Telebistak sortu berri duen genero hibridoa ditugu ‘Ni más ni menos’ bezalako saioak: informazioa eta entretenimendua nahasten dituzte. Horregatik, infortainment izena hartu dute: “information” + “entertainment”. ‘Euskadi Directo’ horren erakusle nagusia da.
Informazioa espektakulu bihurtzeko joera hori albistegintzara ere hedatu da. Hortaz, albisteen protagonistei erreparatzen badiegu, lau talde bereiz daitezke:
1.- Administrazioa: Aginteko eta oposizioko politikariak, polizia eta epaileak.
2.- (Gizarte) Eragile profesionalak: Administrazioaren eta errealitatean eragiten dutenen arteko mezu-igorleak dira; hortaz, enpresaburuen eta langileen sindikatuez gain, kultur eta kiroal erakundeak ere bai.
3.- (Gizarte) Eragile autonomoak: Gizarte bizitzaren oinarriak dira (langileen antolaketa autonomoa, euskara elkarteak, gizarte mugimenduak, kultur sortzaileak…).
4.- Protagonista identifikagarririk ez: Erreferentzia anonimoak (adib., kaleko elkarrizketatu ezezagunak, gizartean jarduteko ekimenik agertzen ez dutelako) eta hirugarren figurak (istripua, eguraldia…).
Titularretan eta lehen orrian plazaratzen diren albisteek zer protagonista agertzen dute? Euskarazko hedabideei dagokienez, honakoak dira 2008ko datuak (ehunekoetan):
(Iturria: Egileak)
Euskarazko hedabideek agertzen dituzten protagonistak gero eta urriagoak dira. Izan ere, 1980ko eta 1990eko hamarkadetan albiste gehienen protagonistak eragile autonomoak ziren bitartean, orain albisteen erdiak agertzen duen protagonista Administrazioa da. Hortaz, politikariek Politika saila gainditu eta berezkoak ez diren gainerako sailetan ere agertzeko bidea dute hedabideetan (Gizartea, Kultura...). Horretarako, hedabideek politikarien inaugurazioak eta lanen egoera aztertzea ere albiste bihurtu dituzte: “Zaballako espetxea inauguratu dute, baina bi hilabete barrura arte ez dituzte mugituko lehen presoak hara” (2011/09/22), Berrian.
Aldi berean, protagonista identifikagarririk aurkezten ez duten albisteen kopurua ere etengabe igotzen ari da, eguraldia eguneko berririk garrantzitsuenen artean kokatu dutenetik batez ere: “Elurrak zuriz estali du Nafarroa”, Etb1ean eta “Elurra iritsi da mendietara, tenperaturak jaitsita” (2011/12/18), Berrian.
Gainera, protagonista identifikagarririk gabeko informazioak ez du boterearekiko jarrera kritikorik lantzen. Esaterako, herri lanek ur horniketa egokiari trabarik egin ez ziotela egiaztatzeko, kaleko oinezkoei inkesta egin zien Etb1ek, arduradun tekniko eta politikoekin zein auzo elkarteekin hitz egin ordez: “Bilboko ur horniketa: Arazo larririk ez lanengatik” (2008/04/06).
Horrenbestez, euskarazko hedabideetan protagonista pertsonifikaturik gabeko berriak albiste-mota nagusi bihurtzeko bidean dira. Ondorioz, hedabideek gizarte eragileen mezua zabaltzea trabatzen dute. Herritarren agerpena oztopatzen duten neurrian, berezko albisteak sortzeko gaitasuna galtzen dute. Kazetaritza-ekimenak, baina, gertuko giza-taldearen informazio-premia asebetetzea du eginkizun. Gizarte eragileak informaziotik baztertu ahala, albisteek ‘Euskadi Directo’-ren gero eta antz handiagoa hartzen dute. Azken batean, infotainment 1976ko informazio-eredu honen aldaera modernoa baino ez da:
(Iturria: ABC, 1976/03/04)
Horrenbestez, euskarazko hedabideetan protagonista pertsonifikaturik gabeko berriak albiste-mota nagusi bihurtzeko bidean dira. Ondorioz, hedabideek gizarte eragileen mezua zabaltzea trabatzen dute. Herritarren agerpena oztopatzen duten neurrian, berezko albisteak sortzeko gaitasuna galtzen dute. Kazetaritza-ekimenak, baina, gertuko giza-taldearen informazio-premia asebetetzea du eginkizun. Gizarte eragileak informaziotik baztertu ahala, albisteek ‘Euskadi Directo’-ren gero eta antz handiagoa hartzen dute. Azken batean, infotainment 1976ko informazio-eredu honen aldaera modernoa baino ez da:
(Iturria: ABC, 1976/03/04)
No hay comentarios:
Publicar un comentario