2012/03/04

'Churnalism': prentsa-oharrak, albiste

Hedabideetara egunero hainbat prentsa-ohar heltzen da. Oharrok albistea abiatzeko bide egokia izan daitezke. Hala ere, prentsa-oharrak albiste bera bihurtu dira. Kazetaritza joera oker horri, 'journalism'-en  ordez, churnalism esaten diote, hau da, lardastu egiten duen kazetaritza. Informazioa neutrala ez denez, berria nork jakitera eman duen ezagutzea albistea ulertzeko oinarrizko gakoa da. 'Churnalism'-aren euskarazko izena 'lardaskazetaritza' litzateke.

Hedabideok prentsa-oharrekiko duten mendekotasuna agerian utzi du lardaskazetaritza arakatzeko webguneak. Bertan, Erresuma Batuko hedabideetako albistearen testua sartzen da:

Horrela, prentsa-oharren eta hedabideetako berrien arteko copy-paste portzentajea azaltzen da.

Ikusten denez, lardaskazetaritza propagandarekin lotuta agertzen da, informazioa ez delako neutroa. Ildo horretatik, prentsa-oharretan oinarritutako albisteak plazaratzean, hedabideek haien eginkizuna baztertzen dute: errealitatea arakatu eta bakoitzaren lerro editorialaren arabera interpretatu ordez, beste batzuek interpretatutako errealitatea barra-barra zabaltzen baitute.

Gurean ez dago lardaskazetaritza arakatzen duen webgunerik. Zuzeu albistariak, baina, jatorrizko prentsa-oharrak argitaratzen ditu. Horrela, oharrok eta hedabideetako berriak aldera ditzakegu. Hona hemen, asteon Jaurlaritzak bidali duen prentsa-oharra. Bertan, Hizkuntza Politikarako Sailburuorde Lurdes Auzmendik Bruselara egindako bidaiaren balorazioa agertzen da:
                                                                               (Iturria: Zuzeu)
Prentsa-ohar horretan hiru kontu nabarmen daitezke. Lehenengo eta behin, bezperan bidalitako beste prentsa-ohar baten zantzuak ditu, Rikardo Arregi Kazetaritza Saria iragarri zuenekoa, hain zuzen. Horregatik, testuaren lehen hitza "Rikardo" da. Bigarrenik, iragartzen duen ekitaldia "lehenengo ekimen batueratuetako bat [sic]" dela esaten da (!?). Azkenik, Europara jotzeko ekimena EAEko Hizkuntza Politikarako Sailburuordearena dela azpimarratzen da.

Jaurlaritzak zabaldutako prentsa-oharrean oinarritutako albisteei erreparatzen badiegu, Diario Vascok argitaratutako berria Jaurlaritzaren prentsa-oharrarekin bete-betean bat etorri zela egiazta daiteke, informazioa zelan heldu zitzaion azaldu barik. Gainera, Auzmendiren ekimena dela azpimarratzen du, datu hori egiaztatu gabe, prentsa-oharrari jarraituz. Horregatik, lardaskazetaritzatzat har daiteke:
                                                                            (Iturria: Diario Vasco)

Era berean, prentsa-oharrak argazki bat zabaldu zuen: aipatutako ordezkariak Europan bazeudela egiaztatzeko irudia, hain zuzen.
                                                                           (Iturria: Zuzeu)

Hala ere, argazki hori erabiltzean, hedabideek ez zuten Jaurlaritzak zabaldutako argazkia zela azaldu:
                                                                              (Iturria: Deia)

Albistearen edukiari dagokiola, Etb1ek Bruselatik bertatik informatu bazuen ere, ez zuen ezelango batzarren irudirik eman. Horrenbestez, bilerak amaitutakoan, horietan parte hartu zuten guztion balorazioa azaldu beharrean, Euskal Telebistak Auzmendiren adierazpenak bakarrik jaso zituen:
                                                                                                          (Iturria: Eitb.com)

Jaurlaritzak bere jardueraren berri emateko prentsa-oharrak zabaltzean hedabideen lana errazten ari da. Dena den, oharrok kazetaritza-jardueraren abiapuntua baino ez dira. Hedabideoi informazioa nork jakitera eman duen azaltzea eta albistea osatzea dagozkie. Horrela, Berria Auzmendirekin harremanetan ipini zen, informazioan sakontzeko asmoz, baina Sailburuordeak oharrean zabaldutako informazioa berretsi baino ez zuen egin:
                                                                                     (Iturria: Berria)

Ondoren, Nafarroako eta Ipar Euskal Herriko ordezkarien adierazpenak ere bildu zituen Berriak:
                                                                                     (Iturria: Berria)

Horrenbestez, Berriak hiru albiste-iturri erabili bazituen ere, albistearen ikuspegi bakarra eman zuen. Hortaz, hedabideok Jaurlaritzak zabaldu nahi zuen mezuari haien bozgorailuak eskaini zizkioten. Euskararen normalizazioaren irudi ofiziala bakarrik zabaldu zuten, horixe ebazteko daturik eman gabe. 

Agerikoa denez, gizarte mugimenduek ez dute hedabideotan lekurik, lardaskazetaritzak egiari mesede egitea helburu ez duelako. Albistearen ikuspegi anitzen berri emateko, ez dute gizarte eragileen iritzirik kontuan hartzen. Ildo horretatik, gizarte mugimenduek albiste izateko prentsaurrekoa eman behar dute edo ekintza ikusgarririk gauzatu. Hala ere, horiek ez diete hedabideetarako sarbidea ziurtatzen, prentsa-oharra bidali arren. Albiste hau horren adibide dugu. Izan ere, Kazeta.infok tokikotasunari leku egin zionez, gardentasun osoz, albistearen bi ikuspegiak eman zituen.
                                                                          (Iturria: Kazeta.info)

Prentsa-oharrek hedabideen agenda kolonizatu dutela onartu behar dugu. Boterearen bozgorailu hutsa ez izateko, hedabideek informazioa osatzeko baliabideak eskaini behar dituzte. Hortaz, prentsa-oharra albisteari ekiteko oinarria izan daiteke, baldin eta informazioak gizartearen eskakizunen berri ere ematen badu. Horretarako, gainerako politikarien iritzi bateratuak baino, gizarte mugimenduei hitza ematea da gakoa.Gainera, baliabide teknologikoek prentsa-oharra bere horretan agertzeko aukera ematen duten garaian, hedabideek oharra eurena egin eta egiazkotasuna ematen diote.

4 comentarios:

  1. Bikaina iruditu zait artikulua, eta gero eta gehiago hedatzen ari den joera baten berri ematen digu.

    Nik uste, egun hedabideek eurek informazioaren edozein hartzailek (figura horrek existitzen jarraitzen baldin badu bederen) pairatzen duen bonbardaketa jasotzen dutela. Gainera, gero eta zailagoa da informazio zintzo eta landua manipulazio makur eta landutik bereiztea, hedabideentzat ere. Hartzailea iturri bihurtu den bezala, ohiko iturria ere hartzaile bihurtu da; informazio jarioak etengabeak dira. Hala, hedabideei besteoi gertatzen zaigun berdina gertatu, eta fidagarriak egiten zaizkien iturriak erreproduzitzen dituzte.

    Niri aspalditxo honetan horrek atsekabetu nau kazetagintzatik (kazetaritza beste zeozer delakoan nago). Kazetariak albisteen eraikuntza landua bazter utzi eta lorito papera hartzen du sarritan. EHko hedabide erdaldunak dira horren adierazle, batez ere, herri honetan. Euskaldunetan, zorionez (edo beharrizanez), kalitatea zaintzeko joera nabarmenagoa da. Noticias taldeko idatzizko hedabideetan agentzien (teletipo deituriko oharrak bidaltzen dituzten beste "iturri-hartzaile" horien) teletipoen kopiatze maila izugarria da. Politika sailean hobe da ezer ez irakurtzea. Erdia iritzi-artikuluak dira, beste erdia Europa Pressen bikiak. Zein bainno zein penagarriago, lehia penagarrian.

    Herri mugimenduetatik, beharrizanak eraginda ziurrenik, auto-ekoizpenerako joera gero eta nabariagoa da. Oharrak, gero eta landuago bidaltzen dituzte. Finean, komunikazioari eta kanpo proiekzioa den orori oro har, garrantzia gehiago ematen zaio mugimendu hauetatik, eta hori, albistea eman osteko egunean ikusten da. Sarritan, mugimenduko webguneko albistea bera baino fidelagoak dira hedabideetako albisteak. Normala da. Normala da? Hala behar luke? Gauzak etorri bezala botatzen ari naiz, hausnarketa gehiago behar du horrek.
    Gero baina, hedabideari hurbileko egiten zaion iturriari hedapen gutxi eman eta linea editorialetik aldentzen dena albistearen osaketa egiteko oinarri gisa erabiltzea ematen da. Ez dakit zergatik. Sakonago aztertuko nuke, baina jada gehiegi luzatu naizenez, asteburu honetako anekdota uzten dizuet.
    Iragan larunbat goiz honetan, 10etako albistegiak sortu jakin-mina medio, neska lagunari berria.infok Aralarren batzarrari buruz idatzitakoa ozen irakurtzeko eskatu nion, beste zerbaitetan ari nintzela. Albistean ez zuen aipatzen kritikoen hutsunea konkretuki zeinen hutsuneak eragiten zuen, eta gara.netekoa irakurzeko eskatu nion. Akats bat zegoen albistean, eta irakurtzean, trabatu egin zen. Bukatzean, albiste horrek ere jakin-mina sortzen zidaten izenak ez jasotzeagatik, deia.comeko albiste tendentzioso horietako bat bilatzeko eskatu nion (bitartean erantzun ez zidan @jonabril i ea joatekoa zen galdetu nion twitterretik). Aurkitu zuena irakurtzen hasi eta bat-batean, aiba! Garakoan trabatzera eraman zuen akats berdinean egin zuen tupust.
    Bakoitzak atera ditzala bere ondorioak!

    @Kaltzakorta

    ResponderEliminar
    Respuestas
    1. Eskerrik asko, @Kaltzakorta, iritzia ematearren!

      Kazetagintzaren kontzeptuarekin bat nator. 'Churnalism'-en kontu honen gauzarik tristeena honakoa da: Internetek jatorrizko prentsa-oharrak eskegitzeko aukera ematen duenean, hedabideek gardentasuna trabatzen dute. Bakoitzak zer bidali duen eskegi dezakete, hedabideak horretaz informatzeko sakondu egin duela ikusiko litzateke.

      Ildo horretatik, albiste-iturrien kopurua baino, ikuspegi-kopuruari garrantzitsuago deritzot.

      Eliminar
  2. Anónimo6/3/12, 2:12

    'Churnalism' hau komunikazioaren garai berriekiko kokapen faltaren sintoma bat dela uste dut. Hedabideek sare sozialetan akats ugari eta nabariak egiten dituzte, 2.0 marketingean aritua zein aditua den edozeinek esango dizun bezala. Finean, sareak gardentasuna erraztean baino, gardentasun falta ezkutatzea zailtzean du eragin zuzenena. Akatsak eta manipulazioak agerikoagoak dira. 'Churnalism'-a ziur aski ez zen areagotuko; agerikoagoa bihurtu da. Hedabideak ez dira konturatu Interneten hobe dela garden jokatu, zintzo ageri eta akatsak onartzea, albistea landu ez duzuna agerikoegia ez izateagatik beste baten idatzi bat zurea bailitzan agertzea baino.

    Eta barka berriz hain gaizki eta bizkor idazteagatik, ondo segi!

    @Kaltzakorta

    ResponderEliminar
  3. Twitterreko eztabaidak zenbait lan-ildo seinalatu du:

    1.- 'Churnalism'-en eragina protagonistarekin lotuta dago: Jaurlaritza gizarte mugimenduak baino sarriagotan agertzen dute hedabideek. Horregatik, Jaurlaritzaren oharrak kopiatzeko joera handiagoa dago. Hortaz, gizarte mugimenduen oharrak ez dira kontuan hartzen. Norabide bakarreko 'churnalism': boterearekin bat.

    2.- 'Churnalism' horren zabalduta dagoenez, zertara dator "galderarik gabeko prentsaurrekorik ez" kanpainia? Are gehiago, inork galderarik egiten du prentsaurrekoetan? Izan ere, prentsaurrekoak kazetariok ezagutzen ez dugun zerbait aurkezteko badira, zelan jakingo dugu zer galdetu nahi dugun?

    3.- Adierazpen hutsak albiste bihurtzeko joera gaitzetsi dute.

    4.- Kalitatezko kazetaritzaren oinarrian lan-baldintza eskasek eragin handiegia dute.

    Lau ildo horiek hurrengo post-etan landuko ditugu.

    ResponderEliminar