2013/01/28

Informazio-ezbeharrak: bi adibide

Aurreko astean Espainiako El País egunkariak Venezuelako presidentearen hilzoriko argazkia lehen orrira eraman zuen. Hala ere, irudikoa ez zen Hugo Chávez. Orduan, El Paísek egunkariaren ale guztiak kioskoetatik jaso zituen. Gainera, azalean ez ezik, barruan ere argazkiaren "nazioarteko esklusibotasuna" goraipatu zuen El Paísek:

(Iturria: El Mundo)

Hortaz, El Paísek egunkariaren beraren azalpena garrantzitsua da: Chávezen osasunaren inguruko informazioa egiaztatzeko ezintasunak argazki faltsua justifikatzen du. Paperezko edizioa topatzerik ez dagoenez, El Paísek emandako azalpena aurreko egunean zabaldutako informazioarekin bat ote datorren alderatzeko aukera ekidin nahi izan zuten. Horrela, azalpenean, egunkariak informazio okerra atzemateko ezintasuna aipatu zuen: 

(Iturria: El País)

Hedabideek plazaratutako mezu faltsuari informazio-ezbehar esaten zaio. Informazio-ezbeharrik ezagunenak 2003an azaldu ziren, AEBko bi egunkaririk entzutetsuenek (New York Timesek eta USA Todayk) asmakizunetan oinarritutako albisteak plazaratu izanagatik jendaurreko azalpena eman zutenean. New York Timesek Irakeko berri-emaile berezi Jayson Blair kaleratu zuen orduan. Blairren Irakeko kronikak asmatuak ziren: jasotako adierazpenak ez zituzten aipatutako iturriek egin; aipatzen zuten zenbait iturri, gainera, ez zen existitzen. Izan ere, informazio-ezbeharrak entzute handiko albisteak izaten dira. Horrenbestez, albisteen edukia egiazkoa izan arren (gertakizuna, alegia), hura osatzeko kazetaritza-lana asmatua da: iturriak, adierazpenak, etab. Alde horretatik, Chávez gaixorik egoteak haren inguruko informazio okerra biderkatu du. Hedabideen oinarrizko egitekoa albisteak egiaztatzean datza, gaininformazioaren garaian, batik bat.

El Paísek argitaratu zuen Chávezen argazki faltsuaren egilea Tommasso Debenedetti kazetari [sic] italiarra da. Italiako egunkari askok 2006tik DeBenedettiren zenbait elkarrizketa faltsuak argitaratu zituzten. Azkenean, 2010ean 25 elkarrizketa faltsu egiaztatu zituzten. El Paísek Italiako egunkarien informazio-ezbeharren berri eman zuen:
(Iturria: El País)

Are gehiago, El Paísek DeBenedetti bera elkarrizketatu zuen. Nahi barik, kalitatezko egunkarien ezaugarria azpimarratu zuen: atxikimendu ideologiko-ekonomikoa, hain zuzen. El Paísek Espainiako erregearen hilzoriaren argazkia argitaratuko luke?
(Iturria: El País)

New York Timesek, ordea, erredakzioan bertan ikerketa abiatu zuen. Ondoren, Blair kaleratu zuen. Irakurleei zor dien begiruneari jarraiki, auzia lehen orrian bertan aurkeztu zuen:
(Iturria: New York Times)

Okerreko informazioaren eta, batez ere, informazio-ezbeharren kostua altuegia da, hedabideak sinesgarritasuna galtzen duelako. Sinesgarritasuna, gainera, komunikazio-enpresen bideragarritasunaren oinarria da. Orduan, informazioaren egiazkotasuna bermatzeko asmoz, egileek kazetarion lan-baldintzak hobetzeko eskatu dute. New York Times-eko kazetariak, esaterako, ez zuen Kazetaritza Lizentziatura amaitu, baina egunkariak ez zuen datu hori egiaztatu. El Paísen kasuan, 129 langile kaleratu izana egotzi diote. Izan ere, kalitateak okerreko informazioa zuzentzea baino konpromiso handiagoa eskatzen dio hedabideari. Aginteari neurri hartzea hedabideen ekarpen soziala da. Era berean, auzia aurkezteko moduak eta gardentasuna bermatzeko neurriek hedabidearen profesionaltasunaren maila agerian uzten dute.

2012/12/03

Ikusteak ez dakar gertaera ulertzea

Bat-batekotasunak kazetaritza lasterra (edo fast journalism) ekarri du. Gertakizunek jazoera bera azaltzen dutela uste da. Horregatik, albisteek gertaeraren berri ematen dute, baina ez dute horixe azaltzen. Ignacio Ramonetek azaldu bezala, "albistea ikusteak ez dakar gertaera ulertzea". Ondorioz, auto-istripuen albisteak jasotzen ditugu, baina ez dute ezbeharrik ekiditeko aholkurik ematen (txingorrarekin zelan gidatu, adibidez) edo, istripurik izanez gero, zer egin.
Iturria: Eitb.com (2012/11/28)

Kazetaritza lasterraren arinkeriak ondorio larriak ekarri dizkio albistegintzari. Alde batetik, hedabideek beste baten informazioa bere egiteko joera azaldu dute. Horrela, egiaztatu ez duten gertaeren egiantzekotasuna sustatzen dute. Beste aldetik, bat-batekotasun horrek informazioan sakontzeko astirik ematen ez duenez, hedabideek politikarien adierazpenak haien horretan hedatzen dituzte, egia esaten ari diren ikertu barik. Adibidez, asteburu honetan Garellano erregimentuaren inguruko bi albiste ekarri ditu Iñaki Azkuna Bilboko alkateak. Alde batetik, ostiralean Espainiako ejerzitoaren erakusketa inauguratu zuen Azkunak:
Iturria: Gara (2012/12/01)

Erakusketa horrek, gainera, Espainiako ejerzito faxistaren apologia egiten du, baina Garak ez zuen hori nabarmentzen asmatu:
Iturria: El Correo (2012/12/01)

Era berean, adierazpenak bakarrik jaso zituenez, El Correok ezin izan zuen Azkunaren hitzak edukirik gabekoak zirela azaldu. Izan ere, Bilboko udalaren aurtengo proiektu nagusia Garellanoko eraikin historikoa bota eta etxebizitzak eraikitzea izan da.
Iturria: Argia (2012/10/14)

Beste aldetik, faxismoa goraipatzen duen erakusketa zabaldu eta hurrengo egunean, Azkunak 1936ko Garellano batailoiaren lana gogoratu zuen, gudariei buruzko liburu baten aurkezpenean:
Iturria: Deia (2012/12/02)

Horrenbestez, politikarien jarduera demagogikoa agerian geratu da, baina hedabideek ez dute horren berri eman. Garellano batailoiari esker ona adierazi arren, bere oroimena ezabatu du Bilboko udalak, bideragarriak izaterik ez duten etxebizitzak egiteko. Aldi berean, diskurtso hori ukatzen duen apologia faxista ahalbidetu du Bilboko alkateak, Espainiako ejerzitoari erakusketa egiteko udalaren beste eraikin bat eskainiz. Hala ere, Azkunaren adierazpenak bakarrik jasoz, hedabideek ez dute alkatearen jarduera inkoherentea azaldu. Albistearen aurrekaririk ("nondik" galdera) eta testuingururik eman ez dutenez, Garak, El Correok eta Deiak ez dute haien ildo editorialari eusten asmatu. Testuingururik gabeko albisteak zabaltzean, haien mundu-ikuskera oinarritzeko argudioak galdu dituzte hedabideek: 
  • Garak ejerzito faxistaren armak erakusgai daudela sala zezakeen; 
  • El Correok alkatearen baieztapena faltsua zela egiazta zezakeen, Garellano "Bilboko toponimikoa" bada ere, eraikin horixe bota berri duelako; eta 
  • Deiak, azkenik, Garellanoren adibidea aipatu arren, horri ez eusteko udalaren arrazoi "sendoak" gogora zitzakeen, Azkunaren aldeko herritarrek haren argudioak parteka ditzaten.

2012/11/12

Hizkerak matxismoa betikotzen du

Hizkuntzak mundua erakusten du. Horregatik, premia aurreikusigabeei erantzuteko, hitz berriak sortzen ditugu. Adibidez, "lur hartu" esamoldeak ez zuen balio ilargirako bidaiarako. Orduan, "ilargiratu" aditza sortu zutela gogoratu ohi du Teresa Meana hizkuntzalariak. 

Era berean, hizkera zerbait ezkutatzeko baliabide nagusia da. Gurean, hizkuntzaren erregistro maskulino baztertzaileak helburu horixe betetzen du. Euskaraz generorik ez dagoela esan ohi den arren, euskaldunek ere maskulino baztertzailearen alde egin dutela egiaztatu dugu. Horren oinarrian, gizona gizartearen erdigunetzat hartzeko ikuskera dago. Ondorioz, dagokion gizonarekiko egoeraren arabera definitzen dute emakumea. Adibidez, arreba-ahizpa-anaia-neba (hurrenkera alfabetikoa) azaltzeko, "neba-arrebak" esamoldea bizkaitartzat jo du Euskaltzaindiaren Hiztegi Batuak:

Euskaltzaindiak "anaia-arrebak" hobetsi du, gizonaren ikuspegia bakarrik agertzen duen esamoldea bada ere. Hau da, "anaia" gizonaren anaia da eta "arreba", gizonaren arreba: 

Hedabideek maskulino baztertzailearen bidea jarraitu dute, Bizkaian informatzeko bizkaierazko gainerako berbak erabiltzen badituzte ere:
Iturria: Berria (2010/07/17)

Hortaz, hizkuntzaren sinplifikazioak ez du "anaia-ahizpak" parekidea edo "ahizpa-anaiak" esamolderik onartu, bigarren horrek zolitasun handiagokoa bada ere: [aizpanaiak] ahoskatuko litzateke.

Albistegintzan, gainera, gizona informazioaren erdigune bihurtzeko joera zabaldu da. Esaterako, gizon batek bi gazteri eraso egin zienean, biktimak identifikatzeko, hedabideek "gazte" bat eta horren "bikotekidea" bereiztu zituzten: 
Iturria: Deia (2012/09/03)

Erasoaren helburua emakumea bazen ere, gizonaren bikotekide bezala baino ez zuten aurkeztu:

Iturria: Deia (2012/09/03)

Emakumeak gizartean ezkutatzeko egiturarik garrantzitsuena ezkontza da. Orduan, gizon publikoen emazteak erretaguardian daude. Horregatik, hainbatetan, emakumeek ez dute izenik, "gizon ezagunen emazteak" baino ez dira:
Iturria: Eitb.com (2012/10/14)

Hala ere, emakumearen izena ematean, pertsona moduko begirunea aintzatesten diote hedabideek. Gainera, gizon publikoen emaztearen konpromisoa agertzeak errealitatea hobeto islatzen du:

Iturria: Berria (2012/10/16)

Gainerako gizonezko buruzagien emazteekin ere, joera bera egiaztatu dugu. Berriak izen-abizenekin aurkezten dituen bitartean,
Iturria: Berria (2009/02/24)

emakumeak ezkutatzen dituzten hedabideak topatu ditugu:
Iturria: El Correo (2007/02/01)

Emakumeak ezkutatzen dituztela diogu, haien nortasuna jakitera ematen dutenean, emakumeak lagunarteko hizkeran eta abizen barik aurkezten dituztelako. Izan ere, argazkirik ere ez dute merezi:
Iturria: El Correo (2009/01/09)

Kazetaritzaren ikuspegi profesionaletik, emakumeak ezkutatzeak edota barregarri agertzeak ez du emakumeen parte-hartzea islatzen. Gizona erdigune bihurtu duen gizarteak emakumea dagokion gizonaren arabera aurkezten du. Are gehiago, "gizarte" berbak ere gizonaren ikuskera baztertzailea betikotuko du. Hala ere, "jendarte" hitza ez dute gizartearen sinonimotzat hartzen, talde txikiari erreferentzia egiten diolakoan. "Webgune" eta  "bertxiotu" asmatu dituen herrian bizi bagara, zergatik ez diogu gure munduari izen parekiderik emango?

2012/10/28

Hizkerak gu garenari izena ematen dio

Durango 1936 Kultur Elkarteak bost urte behar izan ditu gizartean eragin ahal izateko. Azken bost urteetan  elkartearen jardunaz aritu arren, boterearen parametroen arabera interpretatu dute hedabideek. Horregatik, 1936ko gerrarekin lotuta agertzen zen: desagertuak, hobi komunak, lubakiak... Aurten, ostera, "Agurrik gabeak" ekitaldiaren berri eman duten hedabide guztietan "antifaxista" berba agertu da.

                                                                                               Iturria: El Correo (2012/10/26).

Errepublikaren aurkako guda irabazi zutenek haien erregimenari ere izena eman zioten: Frankismoa. Diktadura diktadorearekin lotzean, hura hildakoan, 1936ko Estatu-kolpea eman zutenek Estatuaren egituran jarraitu ahal izan zuten: Erregeak, politikariek, epaileek, poliziak, militarrek... Horrela, haiek haien trantsizioa diseinatu zuten: Estatu-kolpearen bitartez lortutako botere-mailari eusteko sistema politikoa. 

Europan, ordea, Espainiako erregimenari ere faxista esaten zioten. Faxismoa 1930eko hamarkadan nagusitutako ideologia izan zen. Arrazan edo kultur nortasunean oinarritutako muturreko nazionalismoa zen. Indarkeriaz eta ezaugarri militarren bitartez, langileen iraultza ekiditea zuen helburu. Azken batean, faxisten zilegitasuna Historiak (Alemanian eta Italian) edo Jaungoikoak (Espainian eta Portugalen) eman ei zien.

Horrenbestez, hedabideek 1936ko Estatu-kolpearen ondoriozko erregimenari "frankista" esatean, guda irabazi zutenen bertsioa zilegitzat hartzen dute. Garaileen ikuspegia gizartearen oinarri bihurtu dute.

Era berean, botere politikoaren eta ekonomikoaren hizkerak ikuskera neoliberala islatzen du. Alde horretatik, gizartea familien talde bezala aurkezten dute. Beraz, gizartearen muina sendia da, hau da, seme-alabak dituzten lagunen etxea:

                                                     Iturria: Berria (2011/02/22).


Hala ere, hedabideek erakundeen hizkera bere egiten dutenean, ikuskera neoliberal hori zabaltzen dute:
                                                                       Iturria: Berria (2012/06/23).


Herritar guztiek familiarik (seme-alabarik) ez dute, eta guraso diren auzokide denek ere ez dituzte seme-alabak etxean. Horrenbestez, sendi hitzak ez du gure gizartea bere aniztasunean islatzen:
Iturria: EiTB (2012/09/22).

Izan ere, mundu ikuskera tradizional horrek emakumeen ikusgarritasun soziala trabatzen du. Hortaz, hedabideek emakumeak familian duten rolaren arabera aurkezteko joera dute:
Iturria: Berria (2008/05/06).

Aitak, ordea, gizon moduan erakutsi ohi dituzte, familia harremanez gain, gizartean parte hartzen duten seinale:
Iturria: Berria (2006/06/15).

Horregatik, hedabideek boterearen hizkera ez eurenganatzeko ahalegina egin behar dute. Sortu nahi duten errealitatea islatu behar dute. 

Iturria: Berria (2012/09/04).


Iturria: El Correo (2012/09/04).

Horretarako, herritarrei gertakizunen berri eman ez ezik, gizartean parte hartu dezaten, jardun berri-emaile egokia gauzatu behar dute. Gertakizuna bertatik bertara ikusi nahi duten herritarrak errespetatzea lehen urratsa da: