2012/01/15

Argazkien egokitasunaz

Egunkarietako informazioak osagai nagusi bi izaten ditu: testua eta ilustrazioa. Azken hori ez da zertan beti eman, baina agertzen denean testua osatzeko helburua dauka eta objektibotasunarekin lotzen da. Horrela, bien elkarrekintzatik gertakizuna hobeto uler daiteke. Aldi berean, ilustrazioak albistearen konplexutasuna samurtzen lagun dezake. Horretarako, adibidez, infogramak erabiltzen dira.

Albistea ilustratzen duen irudia “egokitzat” edo “ezegokitzat” hartzeko, irudiak berak erantzuten dituen W-galderen kopurua kontuan hartzen da. W-galderak zazpi kazetaritza itaunak dira, honakoak: nork (who), zer (what), noiz (when), non (where), zergatik (why), zelan (how wie, alemaneraz–) eta nondik (woher, alemaneraz). Ondorioz, albistea osatzen duen irudia egokitzat hartzeko irizpidea ilustrazioak zenbat W-galderari erantzuten dion kontuan hartzen du:

1.- W bakarrari erantzuten badio, argazkiak betelan eginkizuna ohi du:
Gehienek protagonista (nork) identifikatzen dute. Prentsaurrekoetako argazki horien mugen inguruan @GariGaraialde -k asteon ere idatzi du.
                                       “Amurizaren lana, Interneten
 Albistea ilustratzeko argazki horrek nork bakarrik azaltzen du (Amurizak, hain zuzen)

2.- Bizpahiru W-ren erantzunak agertzen dituen ilustrazioa egokitzat hartzen da:
Honelako irudiek albistea osatzeko eginkizuna azpimarratzen dute: alde batetik, informazioa bera osatzen dutelako eta, bestetik, kazetaritza jardunaren ondorio direlako.
   “Olinpiar Jokoetako zuzia itzali dute Parisen Txinaren aurkako protestek

Kasu honetan, albistearen argazkiak bizpahiru W-galderari erantzuten die: zer (Olinpiar Jokoetako zuzia amatatu izana), nork (Tibet askearen aldekoek) edota non (Frantzian?, jendarmeak agertzen baitira).

3.- Lau W-galdera baino gehiago islatzen dituen irudia oso egokia da:
Oso irudi esanguratsuak direnez, albistea agortzen duten ilustrazioak ohi dira. Sarritan, foto-albisteak izaten dira.
Ume bat harrapatuta geratu da kutxa gotor baten barruan Istanbulen
 
Esaterako, irudiak lau W-galderaren erantzunak agertzen ditu: zer (erreskatea), nork (suhiltzaileek), non (jantzietan irakur daiteke) eta zelan (xerra erabilita, kutxa ebakiz). Albistea, jakina, horixe baino ez da.

Horren arabera, asteon sare sozialetan @XabierEuzkitze -k proposatutako eztabaida azter dezakegu. Oñatiko EAJk maiatzeko hauteskunde kanpainan zabaldutako aldizkarian agertutako ume baten gurasoek haren irudiaren erabilpena salatu zuten eta asteon EAJren egintza hori zigortzen duen epaia kaleratu da. Umearen guraso bat Gipuzkoako Foru Aldundiko bozeramailea da, ekainez geroztik. Hedabide guztiek antzerako titularrak eman dituzte, EFEk zabaldutako albisteari jarraituz: “EAJk 2.000 euro ordaindu beharko dizkio Ugarteri, horren alabaren argazki bat erabili izanagatik”.
•    Nork: Oñatiko EAJk.
•    Zer: 2.000 euroko isuna.
•    Noiz: 2012/01/11.
•    Non: Bergaran.
•    Zergatik: Epaileak adingabekoaren argazkia erabiltzeari desegoki irizteagatik.
•    Zelan: Adingabekoaren argazkia zelakoa den.
•    Nondik: Maiatzeko hauteskunde kanpainan adingabekoaren argazkia erabili eta gero, horren gurasoek salaketa ipini zuten.

Interneteko bertsioei jarraituz, Goienkariak, Berriak eta Garak ez dute albiste hori osatzeko argazkirik argitaratu. Hortaz, informazioa azaltzeko testua baino ez dute erabili.

Vocento taldeko bi egunkariek jarrera ezberdina agertu dute. Alde batetik, Gipuzkoan argitaratzen den Diario Vascok ez du argazkirik atera. Hala ere, informazioa begi kolpe batez ulertzeko, albistea laburbiltzen duen infograma bat osatu du. Infograma horrek bi galdera erantzuten ditu: nondik eta zelan. Ondorioz, ilustrazio egokia da. Dena den, testu larregi duenez, infogramatzat hartzeko eragozpenak ere ulergarriak lirateke.
                                                                         (Iturria: Diario Vasco)

Bizkaiko El Correok, ordea, Larraitz Ugarte (umearen guraso bat) eta Martin Garitano (guraso horren nagusia) agertzen dituen argazki bat plazaratu du. Gainera, Ugartek eta Garitanok Bizkaian ez dute ardura instituzionalik. Albistearen informazioaren ikuspegitik aztertuta, El Correo-ren argazki horrek honako galderari erantzuten dio: nori, hau da, zigortuak kalte-ordaina nori ordaindu behar dion. Begi bistakoa denez, nori galdera ez da kazetaritza itauna. Horregatik, El Correo-ren argazkia ez litzateke egokia izango. Ugarte albistearen nork izateko, berriak honakoa izan beharko luke: “Ugartek Oñatiko EAJ salatu du, bere alabaren argazki bat hauteskunde kanpainako aldizkari batean zabaltzearren”. Garitano, beraz, ez da albiste bakar baten protagonista ere ez. Ondorioz, hura agertzen duen argazkiak kazetaritza jarduera okerra azaltzen du.
                                                                                                                    (Iturria: El Correo)
Noticias taldeak, azkenik, Bizkaiko eta Gipuzkoako edizioak bereizi ditu. Alde batetik, Noticias de Gipuzkoa egunkariak, El Correo-ren ildotik, Ugarteren argazkia argitaratu du. Ikusi berri dugun bezala, nori galdera ez da kazetaritza itauna eta, ondorioz, irudi hori ez da egokia.

                                              (Iturria: Noticias de Gipuzkoa)
Beste aldetik, Deiak salaketa eragin zuen adingabekoaren argazkia argitaratu du (aurpegia difuminatuta, jakina). Horrela, Deiak kaleratutako informazioa osatzeko irudiak bi galderari erantzuten die: nork eta zelan. Ondorioz, oso argazki egokia da, guztiz bisuala delako.

                                                                                      (Iturria: Deia)

Zergatik ez du Noticias de Gipuzkoa egunkariak albistea ilustratzeko argazkirik egokiena erabili, talde bereko Deiak irudi horixe plazaratu badu?

No hay comentarios:

Publicar un comentario